Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Nagore Odriozola
Kazetaria

«Garapen bidean dauden herrialdeek Munduko txapelketan lehiatzea positiboa iruditzen zait»

Nagore Odriozola (Zarautz, 1991) kazetaria Estatu espainolean jokatzen ari den Munduko txapelketan lanean ari da. Komunikazio taldearen parte da eta hala, «amets bat» bete duela onartzen du. Emakumezkoen eskubaloiaren kontaketan ahots propioa dauka eta berak esan bezala, «eskubaloia maite dut». 

Nagore Odriozola Espainiako jokalari Carmen Martinekin.
Nagore Odriozola Espainiako jokalari Carmen Martinekin.

Dena ondo egin nahiaren estresa eta urduritasuna gori-gorian daukala harrapatu du NAIZek Nagore Odriozola kazetaria. Eskubaloiko Munduko txapelketa hasteko egun bat falta zela «datorrenarekin urduri» agertu zen, baina beharrezkoa dela ere ñabartu zuen. Ez da Munduko txapelketetan esperientziarik ez duelako, 2013, 2015, 2017 eta 2019koak kazetari gisara bizi izan baitzituen (Europako txapelketak eta Txapeldunen Ligako Lauko Finalaz gain), baina oraingoan antolakuntzaren aldean egongo da eta hori, «ezezagun» zaio. Kazetariak eta jokalariak elkartzen diren eremua (gazteleraz, zona mixta) kudeatzen arituko da asteazken honetan abiatu den kirol-ekitaldi garrantzitsuan. 

Modu horretan, lan egiteko proposamenaren nondik norakoak, Munduko txapelketaren xehetasunak eta emakumezkoen eskubaloia berarentzat zer den xehetasun guztiekin azaldu ditu zarauztarrak. Argi dago berarentzat pasioa dela. 

Nola hartu zenuen Munduko txapelketaren antolatzaileen taldeko komunikazioan lan egitearen proposamena? 

Sekulako poztasunarekin. Emakumezkoen eskubaloiarekiko inplikazioa aspalditik datorkit. Kasu honetan iruditzen zitzaidan, Estatu espainolean izanda –Valentziako Erkidegoan, zehazki–, hain gertu, urrats bat gehiago emateko unea zela. Sentitzen nuen barnean egoteko momentua zela. Noski, erabakia ez zegoen nire esku, hartu egin behar zidaten baina nire esku zeuden beste gauza batzuk betetzen saiatu naiz eta azkenean, pozez, esan dezaket lortu dudala. 

Hau da, zuk bilatutako zerbait izan dela. 

Bai, bai. Duela gutxi iragarri zidaten komunikazio eta marketing sailean lan egiteko hartu nindutela. 2017an iragarri zuten 2021eko Mundiala antolatzeko ardura Espainiarena izango zela eta garai hartan, hazteko prozesuan nengoen, esperientzia hartzen horrelako txapelketetara joanez. Baina, une hartan, oso argi ikusi nuen 2021eko Mundialean bertan lana egiteko aukera izan nezakeela. Saiatu naiz nire esku zegoen guztia egiten eta atzetik ibili naiz curriculum-a bidaltzen, horrelako txapelketetan kontaktuak egiten… 

Unibertsitate garaian esaldi bat oso markatuta geratu zitzaidan, hitzaldi batean entzun nuen. Kazetaria “astuna baina graziarekin” izan behar zuela zioen eta iltzatuta geratu zitzaidan. Ez dakit grazia izan dudan baina astuna bai izan naizela (barrezka), eta esan dezaket kasu honetan ondo atera zaidala, ze esan zidaten asko gustatu zitzaiela hasieratik eduki nuen iniziatiba hori. 

Astuna eta aldi berean, grazia edukitzeaz gain, baina, lan mordoxka egin duzu emakumezkoen eskubaloian. Jada kubritu dituzu zenbait Munduko txapelketa kazetari moduan, emakumezkoen eskubaloi gertutik jarraitu duzu… Ahots bat egin duzula, alegia. 

Esango nuke nere ibilbidea fruituak jasotzen orain hasi dela. Unibertsitate garai horretan, 2013-2014an, nik sentitu nuen nire borroka hau zela, emakumezkoen eskubaloia ikustaraztea eta jendea informatzea, ze orduan informazioa bilatzea asko kostatzen zitzaidan. Bidea ez da erraza izan ze txapelketa guztiak nire poltsikotik ordaindu behar izan ditut, oporrak eskatuta… Hau da, autogestionatuta. Hala ere, beti pentsatu izan dut inbertsio moduko bat zela eta azkenengo urte hauetan bereziki.

Jada erabaki nuenean serio 2021eko Munduko txapelketan lan egin nahi nuela, ordurako hiru Munduko txapelketetan egonda nengoen, 2013, 2015 eta 2017. Eta jarraitu egin nuen ahalik eta txapelketa gehienetan parte-hartzen kazetari moduan, esperientzia hartzen, horrelako ekitaldiak barrutik nolakoak diren ezagutzen saiatzen, ze jende mugitzen den barnean eta baita zure burua ere leku horietan ikustarazten ere. Horrez gain, ingelesa hobetzen ere aritu naiz. Londresera joan nintzen lan egitera, eskubaloiko talde batean komunikazio lanetan esperientzia hartzeko. Duela urte batzuk harrapatu banindu aukera honek, ez nuke nire burua hain prestatuta ikusiko baina orain, uste dut baietz. 

Uste duzu erantzukizun bat daukazula txapelketa honek behar besteko oihartzuna izan dezan?

Pertsonalki, bai. Beti pentsatu izan dut erantzukizun txiki bat badudala, inork eman ez didana, bide batez. Nik kirol hau asko maite dut. 9 urte nuenetik hasi nintzen jokatzen Zarautzen, bertan kultura handia dago eskubaloiarekiko, eta jokalari izan naiz duela hiru urte arte. Urteak pasa ahala, sentitu dut zor niola zerbait kirol honi. Kazetari bezala saiatu naiz ahal dudan guztia ematen. Eta orain, antolakuntzan egonda, zerbait gehiago egitea daukadan honetan, bada bai sentitzen dut erantzukizun bat badaukadala. Nire ardurarengatik ez dut sekulako diferentzia markatuko baina guztiok zerbait txikia ematen saiatu behar gara eta ni nire aldetik horretan saiatuko naiz. 

«Faboritoak argi eta garbi dauzkat. Norvegia, Frantzia eta Errusia»

Txapelketara begira jarriko gara. Zein selekzio ikusten duzu faborito? 

Faboritoak argi eta garbi dauzkat. Norvegia, Frantzia eta Errusia. Norvegia selekziorik onena delako, Frantzia azken urteetan onena izan delako eta Errusia beti dagoelako hor, nahiz eta aurten jokalari esanguratsuenik gabe datorren. Pasa den asteburuan Norvegia bera gainditu zuen, nahiz eta lagunarteko txapelketan izan. Partida hauek baloratzea ez da erraza baina argi ikusi da maila badutela. 

Zein izango da dezepziorik handiena? 

Dezepzio ez diot deituko ze txapelketa bakoitza ezberdina da baina Herbehereak Munduko txapeldunaren izenarekin dator eta ez ditut ikusten amaieraraino iristen. Noski, txapelketa ona egingo dute ze talde ona daukate baina zaila da txapeldunaren izenburu hori mantentzea aurrean aipatu ditudan bezalako taldeak dituzunean. Espainiari ere, agian, azpitxapelduna izate horrek ere eragin dakioke baina alde dute etxean jokatzen dutela eta jokalariak oso motibatuta daudela. 

Bestalde, pertsonalki, lastima da Cristina Neagu (Errumania) eta Andrea Lekic (Serbia) hemen ez egotea. Oso mingarria da niretzat (barrezka). 

Zein izango da ezustekorik handiena?

Aurten lehendabiziko aldiz 32 selekziok hartuko dute parte eta emaitza aldetik ezustekorik handiena zein izango den esaten ez nuke jakingo. Nire ustez deigarriena izango da, besteak beste, Iran bezalako herrialdeek parte-hartuko dutela. Garapen bidean dauden herrialdeak Munduko txapelketan egoteak, agian, kirol aldetik, partida batzuk ez ditu erakargarri egingo baina uste dut oso positiboa dela horrelakoak lehiatzea, beraiek ere izan dezaten hobetzen joateko ilusio hori. Besteak beste, Japoniak azken urteetan izan duen bilakaerari erreparatuko bagenio, argi dago herrialde hauek aukera daukatenean sekulako garapena izan dezaketela. 

Zein da lehen faseko multzorik zailena?

Esangu nuke A multzoa dela zailena, Frantzia, Montenegro, Angola eta Eslovenia ditugulako hor. Lau selekzio indartsu dira eta hiru pasatzen dira hurrengo fasera. Ikusi beharko da zein geratzen den kanpoan. Teorian, Frantziak ez luke arazorik eduki behar eta Montenegrok ere aurrera egin beharko luke. Gero, Angola eta Esloveniaren artean ikusi beharko da nor sailkatzen den. Angolak azken urteetan garapen oso positiboa izan du eta talde askori gauzak zaildu izan dizkio. Beste multzoetan, agian, argiago dago zein selekzio geratu daitekeen kanpoan baina A multzoan ez, eta uste dut interesgarri egongo dela. 

«Beste multzoetan, agian, argiago dago zein selekzio geratu daitekeen kanpoan baina A multzoan ez, eta uste dut interesgarri egongo dela»

Espainiak aldaketak egin ditu hautatzaileetan, tartean Imanol Alvarez (Bera Bera) bigarren entrenatzailea. Desberdina al da Prades-Alvarezen selekzio hau? Hala Pradesek jarraipena eman dio aurrekoari?

Nik uste berdina dela, jarraipena eman zaio. Entrenatzaile guztiek daukate hasiera eta amaiera bat taldearen garapenean. Carlos Viverren bidea amaitu egin da baina Pradesen asmoa jarraipena ematea da, Alvarezen laguntzarekin. Jokalariak, galdetu ahal izan dudanaren arabera, gustora daude eta jokoan ere, nahiko ondo. Alemaniaren aurka garaipena lortu zuten, markagailua iraulita, eta ondo ikusten zaie. Gustatzen zait. Nerea Pena eta Mireya Gonzalez bezalako jokalariak kanpoan geratu dira, Pradesen eskeman agian ez daukatelako lekurik, baina beste guztiak ia berdinak dira. 

Bi euskaldun egongo dira, Maitane Etxeberria (Bera Bera) eta Ainhoa Hernandez (Bucaresteko Rapid). Zein izango da hauen papera? 

Nik uste dut Ainhoa, ikusita azken urteetan nola dabilen, protagonista izango dela. Uste dut piboterik onenetarikoa dela. Europako txapelketak jokatzen aritu ez izanak agian ez dio nazioarteko erakusleihoan guztiz jarri, eta agian ez dago egon beharko lukeen bezain baloratua. Azken urteetan erakutsi du zein talentu duen, ni bere oso fana naiz. Asko gustatzen zait bere jokatzeko estiloa eta pertsonalitatea. 

Maitanek, bere aldetik, paper garrantzitsua izango du. Marta Lopezen lesioak bidea ireki dio berriro selekzioan sartzeko. Carmen Martin bezalako jokalari baten bigarrena izatea ez da erraza baina era berean, zortea dauka, ze Madrileko txapelketan ikusi dudanaren arabera, Martin bera Maitane zaintzen saiatu da. Kasu honetan, jakin behar da zure lekua zein den eta pazientzia izan behar du, eta jokatzeko aukera daukanean erantzun egin behar du. Eta Maitanek, beste ezer ez dakit, baina beti erantzuten du. Azken egun hauetan nahiko ondo ikusi dut eta asko pozten naiz. 

Zein da emakumezkoen eskubaloiaren egoera? 

Espainiako ligari begiratuko bagenio, datuek esaten dutena argia da. Azken hamar urteetan ligak sekulako beherakada eman du. EHF-k sailkapen bat ateratzen du urtero eta konparaketa batzuk egiten aritu naiz. Frantziarekin alderatu nahi nuen eta oso argigarria da nola azken 10 urteetan Espainiako liga jaitsi den bigarren postutik 16.eraino eta Frantziak, hain zuzen, kontrako bidea egin duen; 12.enetik bigarreneraino. Hori, noski, zerbaiten kausalitatea da. Nik uste dut ligak ez duela lortu egoera iraultzea. Egia da jokalari oso onak ari direla ateratzen eta azken urteetan txapelketa handietara doan selekzioaren zati handiena Espainian jokatzen ari diren jokalariak direla; baina, era berean, jokalari horiei aukera ematen bazaie kanpora joateko, %95ak baietz esango luke. Gehien kostatu zaiona edo bere irteera atzeratu duena, Ainhoa bera izan da. Hori seinale nahiko argigarria da. 

«Oso argigarria da nola azken 10 urteetan Espainiako liga jaitsi den bigarren postutik 16.eraino eta Frantziak, hain zuzen, kontrako bidea egin duen; 12.enetik bigarreneraino»

Uste duzu aipatu kalitatezko jokalari horiek apur bat disimulatu egin dutela baliabide gabezia? 

Azken finean, emaitzak baldin badituzu, makillatuta geratzen dira baliabide aldetik dauden gabezi horiek. Espainiako selekzioarekin ere asko gertatzen zen. Londreseko brontzezko domina lortu zenean, ematen zen Espainiako eskubaloia gorenean zegoela baina baldintzak zirenak ziren eta bideratu zitzaizkion baliabideak ere zirenak ziren. Eta hori arriskutsua da. Baliabideak bideratu behar dituztenek ikusten badute baliabide erdiak emanda, emaitzak sekulakoak direla, ezerk ez ditu bultzatuko errekurtso gehiago bideratzera. Jokalarientzat, noski, ondo dago emaitza ona lortzea baina tranpa ere bada, ze belarritik tira egin behar zaionari ez da erraza. 

Hala ere, niri ez zait gustatzen ezkorra izatea. Egia da arrazoi asko daudela askotan pesimista izateko baina pentsatu nahi dut, Londresetik hona 10 urte pasa direla, eta zentzu askotan gauzak onera ere egin dutela. Nik beti nahi izan dut pentsatu apurka-apurka bagoazela aurrera eta jarraitu beharra dagoela. 

Eta euskal eskubaloiaren egoera nolakoa da?

Esperantza ematen dit oso talde polita ikusten dudalako oraintxe bertan Federazioaren arduran. Jende berri hau inplikatua dela iruditzen zait eta gustatzen zait. Antolatzen ari diren ekintzak eta hartzen ari diren erabakiak asko gustatzen ari zaizkit, nire iritzi xumetik. Pasa den asteburuan antolatu duten txapelketa hori –Basque Country Cup–, esaterako, asko gustatu zait, aprobetxatuz selekzio batzuk Munduko txapelketa jokatzen zutela eta horren harira, euskal selekzioari ere bultzada handia emanaz. 

Nagore Odriozola eta Laura Agena, Japoniako Munduko txapelketan.

PlaymakerWH hedabidearen sortzaile ere bazara? Nolatan sortu zen ekimen hau? Zein helbururekin? 

Nire ibilbidea beti oinarritu da autogestioan. Medio batzuekin kolaboratzen hasi nintzen, ze txapelketetara joateko, akreditazioa lortzeko, funtsezkoa da hedabide baten babesa. Baina urteak pasa ahala, konturatu nintzen nire medio propioa nahi nuela eta erabakiak nik hartu. 2013ko Munduko txapelketa niri gehien markatu didan txapelketa izan da, nire lehenengo esperientzia izan zen txapelketaren tripetan. Serbian izan zen, Belgradon. Momentu hartan, Kirol Kazetaritzako masterra bukatzen nengoen. Hor ezagutu nuen Argentinako kazetari bat, Laura Agena izena duena. Konturatu ginen biok nahiko pasio berdina geneukala. Kontaktua elkartrukatu genuen eta 2015ko txapelketara, Danimarkara, elkarrekin joan ginen. 

Ordutik, txapelketa guztietara, Europakoetara izan ezik, elkarrekin joan gara. Iritsi zen puntu bat, nik proposatu niola gure medio propioa ateratzea eta kasualitatez, berak ere bazuen buruan horrelako ideiaren bat. Inoren menpe egon gabe lan egiteko gai ikusten ginen, eskubaloiaren jakituria ere bagenekaula eta horrekin nahikoa genuela medio propio bat aurrera eramateko. Estatu espainolari ematen diotenean Munduko txapelketa antolatzeko aukera, niri okurritzen zait izan daitekeela modu positibo bat nazioarteko eskubaloia gaztelaniaz eskainiz gero, kirol hau jendearengana hurbiltzeko modu aproposa. Nazioarteko emakumezkoen eskubaloiaz jakiteko informazio guztia ingelesez zegoen eta zuk jakin behar zenuen ondo bilatzen. Garai horretan sare sozialek ere ez zuten oraingo hedapen berdina. 

«Inoren menpe egon gabe lan egiteko gai ikusten ginen, eskubaloiaren jakituria ere bagenekaula eta horrekin nahikoa genuela medio propio bat aurrera eramateko»

Alemaniako Mundialean, 2017an, podcastari ekin genion eta ikusi genuen guk ondo pasatzen genuela horrekin, berdin zuen zenbat pertsonak entzuten zuen. Ofizialki, Japoniako Munduko txapelketan (2019) atera genuen webgunea eta podcastekin serioago hasi ginen. Gero pandemiak harrapatu gaitu eta ezin izan dugu beste txapelketa batean egon eta horregatik, oraingoa ere garrantzitsua da, bi urteren ostean biok bertan izateko aukera izango dugulako. Ezin izango diot asko lagundu (barrezka) baina gogotsu gaude, oso gauza politak egiteko aukera ematen dizulako. 

Amets bat beteta, zein da betetzeko daukazun hurrengo ametsa? 

Argi eta garbi, Olinpiar Joko batzuetan lan egitea. Zeinek ez, ezta? (barrezka) Ez dakit zein modutara eta ez nizuke esango antolakuntzan, ze hori bai iruditzen zaidala oso zaila; kazetari moduan ere zaila izaten baita akreditazioa lortzea. Baina noski ametsa hori dela eta itxaropena badaukat noizbait Olinpiar Joko batzuk bertatik bertara kubritzeko aukera izango dudala.