Jon Ormazabal

Amildegiaren ertzean topatu dute bakea Jakak eta Mariezkurrenak (22-21)

Gorabehera handiko partida batean, Lasok esku-eskura izan du garaipeneko tantoa baina bere errematea txapara joan da eta Erik Jakaren bi gantxo izugarrik lehen puntua eman diete lizartzarrari eta Mariezkurrenari.

Jakak eta Mariezkurrenak amorruz ospatu dute garaipena. (Iñigo URIZ/FOKU)
Jakak eta Mariezkurrenak amorruz ospatu dute garaipena. (Iñigo URIZ/FOKU)

Atzerako ispiluan gehiegi begiratu gabe jokatzea gustuko duten bi pilotari dira Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena, gehienean kale edo bale jokatzen duten horietakoak eta Lizarran amildegiaren ertzetik bertan izan badira ere, partida oso gorabeheratsu batean, euren lehen puntua eskuratu dute Laso eta Imazen aurka 22-21 gailenduta. Bizkarreta-Gerendaingoak eta oiartzuarrak esku eskura izan dute garaipena (19-21), baina dena alde zuela aurrelari nafarraren erremateak txapan jo du eta Erik Jakaren sekulako bi gantxok –lehena gainera zabaletik pilota ikaragarri zail bat eraman ostean– lehen garaipena eman die, gainetik pisu handi bat kenduz.

Elkarri neurria ondo hartuta, gauza handiak egiteko moduko bikotea behar dute aurrelari gipuzkoarrak eta atzelari nafarrak, euren jokoa osagarria da eta erabat, baina orain arteko euren partidarik onena jokatu badute ere, oraindik ere leuntzeko ertzik badutela ikusi zaie Lizarran, atzelariari batez ere. Izan ere, oso gaztea izaki, patxada apur bat behar du oraindik, jotzeko eta eusteko zein pilota duen aukeratzen ikasi, are gehiago ia beti arriskuak hartzen dituen aurrelari batekin arituta.

Hasieratik antzeman zaie biei gaurkoan aurreko bi asteetan izan ez zuten aldartea zutela pilotarako eta 4-0 aurreratu dira, Mariezkurrenak aginduz eta Jakak amaituz.

Baina pilota guztietan apurtzera joan beharraz, nahi baino huts gehiago pilatzen hasi da Berriozarko atzelaria. Eta gainera Lasok ez du bere lagun minaren gupidarik izan. Lau eta erdiko txapeldun ordea da gaur egun, atzelari jotzaile baten aurka, partiden norabidea alda dezakeen aurrelari bakanetako bat eta ia zuzenean joan dira Laso eta ongi lagundu dion Imaz lehen atsedenaldi luzera (7-12) tartean 0-9ko partzial bat lagun.

Patxada gehiagoz

Ordurako 6 akats genizkion apuntatuta Mariezkurrenari baina pixkanaka bere burua hobeto neurtzen asmatu du, beste bi huts gehiago baino ez ditu egin eta partida ere berriz aldatu da (15-15).

Lasok ere ez dio muzin egin joko oldarkor horri eta jarraikortasun handirik ez baina tanto eder ugari eta emozio handia izan ditu partida amaierak, etengabeko berdinketekin. Polemikarik ere izan da, epaileek hasiera batean ontzat eman duten Jakaren erremate bat txartzat joz (18-19), eta dena azken tantoetan erabaki da.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Mariezkurrena: 22

Laso-Imaz: 21

Pilotakadak: 475. Iraupena: 65,50. Markagailua: 4-0, 4-9, 7-9, 7-12, 10-12, 10-14, 15-14, 15-17, 16-17, 16-18, 18-18, 18-19, 19-19, 19-21, 22-21. Sakez: 1 Jakak eta 1 Lasok. Tantoak: 8 Jakak, 3 Mariezkurrenak, 9 Lasok, 0 Imazek. Hutsak: 4 Jakak, 8 Mariezkurrenak, 5 Lasok, 5 Imazek. Gertaerak: Giro eta zarata handia Lizarrako Remontival pilotalekuan.