Etxeko eraginkortasuna eraman nahi du Eibarrek maletan

Armaginek Zaragoza bisitatuko dute astelehen honetan (16.00). Bi puntu eskuratu dituzte azken hiru bidaietan. Irabaziz gero, Almeriatik lau puntutara jarriko dira.

Eibarrek bi puntu besterik ez ditu lortu etxetik kanpo jokatu dituen azken hiru norgehiagoketan. (LALIGA)
Eibarrek bi puntu besterik ez ditu lortu etxetik kanpo jokatu dituen azken hiru norgehiagoketan. (LALIGA)

Azken hiru bidaietan irabazi ezin izan ondoren, La Romaredan saiatuko da Eibar astelehen honetan. Orain arte etxeko garaipenekin nahikoa izan du talde armaginak igoera zuzeneko postuetan jarraitzeko, baina atzetik datozen aurkarien presioak Ipuruan erakusten ari den eraginkortasuna maletan sartzera behartu du.

Izan ere, hirugarren postuan helduko da Zaragozara, Ponferradak aurreratu ondoren. Eta, galduz gero, beste postu bat galtzeko zorian egongo da, Teneriferen emaitzaren arabera. Baina, aldi berean, jardunaldiak Almeriaren abantailari beste hozkadatxo bat emateko aukera eskainiko dio, bigarren astez jarraian liderrak ezin izan baitu irabazi. Bigarren postua mantendu eta lehenengotik lau puntutara jarriko dira gorri-urdinak Zaragoza gaindituz gero.

Erronka ez da erraza, ikusi besterik ez dago Aragoiko taldeak bakarrik hiru partida galdu dituela. Irabaztea ere dexente kostatzen zaio –hamar berdinketa eta garaipen bakarra lortu zituen denboraldiko lehen 13 jardunaldietan–, baina azken aldu honetan bide hori ere ibili du.

Gaizka Garitanoren ustetan, aurkariak «oso jokalari onak ditu, oso dinamikoak, oso azkarrk. Bariante asko dauzka zelai erditik aurrera eta, gainera, gol gutxi jasotzen ari da». Orain arte eraginkortasunean izan du Zaragozak bere ahulgune handiena baina, konponduz gero, «aurreko postuetan egon daitekeen taldea» litzateke.

Garitanok «ohiko» hamaikakoa zelairatuko omen du, Kopan egindako aldaketen ondoren. Ez dago ez deialdirik ez bajen zerrendarik baina, printzipioz, Franchu, Venancio, Sielva eta ostegunean Urbietan min hartu zuen Aketxe daude lesionatuta.

ZARAGOZA
Hamaikakoa: Cristian Alvarez; Fran Gamez, Frances, Jair, Chavarria; Francho, Eguaras, Petrovic; Nano Mesa, Alvaro Gimenez eta Narvaez.
Deialdia: Raton, Clemente, Nieto, Lluis Lopez, Adrian, Gamez, Zapater, Bermejo, Yanis, Borja Sainz e Ivan.
Bajak: Vigaray, Lasure eta Vada, lesionatuta.

EIBAR
Hamaikakoa: Yoel; Tejero, Etxeita, Arbilla, Toño; Sergio Alvarez, Javi Muñoz; Corpas, Exposito, Stoichkov; eta Fran Sol.

Epailea: Iglesias Villanueva (Galizia).
Zelaia: La Romareda.
Ordua: 16.00 (Movistar+LaLiga/Vamos).