Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Presoei euskara irakasteko egin duten lan isila plazaratu eta Lakuari dei egin diote irakasleek

Hainbat irakasle eta preso ohi elkartu dira igande honetan Durangoko Udal Euskaltegian, 2017tik isilpean egin duten lana erakusteko asmoz alde batetik, eta Lakuako Gobernuari presoek euskara ikasteko duten eskubidea berma dezan eskatzeko bestetik. «Emaitza bikainak» eman ditu proiektuak.

Euskara irakasleak eta ikasle izan dituzten preso ohiak batu dira igande honetan Durangon, beren lana plazaratzeko. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Euskara irakasleak eta ikasle izan dituzten preso ohiak batu dira igande honetan Durangon, beren lana plazaratzeko. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Isilpean aritu gara euskal presoei euskara irakasten, lan polita izan da, emaitza bikainak eman ditu, eta horren berri eman nahi dugu. Bestetik, bada garaia Jaurlaritzak ardura bere gain har dezan: euskara ganoraz ikasteko eskubidea bermatu behar zaie presoei». Hala mintzatu da NAIZekin Haizea Uriagereka. Bera bezala, euskaltegietako irakasle ofizial eta titularrak dira euskal presoen euskara irakasle taldea osatu duten boluntarioak.

2017an euskara irakasle talde bat urrundutako euskal preso batzuei euskara eskolak ematen hasi zen. Garaiko EGA titulua eskuratzea aitzakia hartuta, dispertsioak sortzen dituen kalteetako bat arintzea bilatu zuten, euskara ziega-zuloetaraino eraman eta hizkuntza gaitasunean aurreratzen laguntzea. «Zortzi irakasle hasi ginen, bederatzi presorekin, baldintza eskasetan, baina esfortzuak emaitzak eman zituen: euskarak ziegetako hormak zeharkatu zituen, ikasleak pozik, eta senideak eta gu asebeteta. Gainera, bederatziek lortu zuten EGA, titulu mitikoaren azken urtean», oroitu du taldeak.

Arrakasta ikusita, eta presoen beharraz ohartuta, deialdia zabaldu zuten. 45 ikaslek eman zuten izena, eta bertze hainbertze irakaslek.

Igande honetan Durangoko Udal Euskaltegian bildu da irakasle eta preso ohi talde bat. Euren lana publiko egiteaz gain, Lakuako Gobernuari exijitu nahi izan diote bere gain har dezala, espetxe transferentziarekin batera, presoek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzea. Ikasle ofizial gisa aitortu, eta baliabide egokiak eskaintzea erran nahi du horrek.

«HABEk irakasle taldeari seriotasunez egindako lan ona aitortu badio ere, oraindik ere ikasle presoen matrikula orriek ez dute ofizialtasun mailarik eskuratu. Azken aitzakia presondegietako transferentzia eskuratzean dena konponduko zela izan zen. Espetxe transferentzia jaso berri du Eusko Jaurlaritzak. Une honetan administrazioak berak irakasle euskaltzale eta boluntarioek orain arte egindako bideari jarraipena eman behar diolakoan gaude», adierazi dute.

45 irakasle boluntario inguru dira euskal presoei euskara eskolak ematen ari direnak. 2021-22 kurtsorako 33 ikaslek eman dute izena, eta horiei tutoretza emateko prest daude.

Oztopoak gaindituz, emaitza ederrak
 
Lan horren helburua euskal presoei B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzen dituzten azterketak prestatzen laguntzea izan da, horretarako behar den formazioa emanez. Hagitz kontent daude emaitzekin. «%80k lortu dute mailaren bat egiaztatzea. Asko C2an dabiltza, C1en ere asko, ikasle oso finak dira», baloratu du Uriagerekak.

«HABEk berak onartu digu emaitzekin harrituta dagoela», erantsi du. «Eskola emateko baldintzak ez dira batere egokiak, mila oztopo ditugu, eta halere lortu dugu. Alde batetik materiala sartzea ez da erraza, pakete bidez egiten dugu, senideek edo guk sartuta. Batez ere gutuna eta, kasu batzuetan, telefono deia  izaten dira komunikatzeko bide bakarrak. Ez dute onartua euskara ikasteko baimen berezirik, eta deia edo bisita kenduz egiten dugu dena. Gutun bidez ematen dizkiegu azalpenak, idazlanen zuzenketak ere hala egiten ditugu, eta ez dugu entzumenak egiteko modurik».

Senideak «aliatuak» dituzte eta euren bidez ere lan egiten dute. «Aipatu iezaiozu hau edo bestea», erraten diete familiakoei.

«Arnasgune itzela»

Prentsaurrekoan preso ohi batek ere hartu du hitza eta adierazi du «arnasgune itzela» izan zela berarentzat kartzelan zegoela euskara ikastea. Kideen eta bere izenean lana eskertu die irakasle guztiei.

«Euskara herri kohesiorako tresna dugu. Zentzu horretan, edozein gizarte prozesutan euskararen ezagutza eta erabilera ezinbesteko osagaiak izan behar dira.
Kartzelak euskaltegi bilakatzeak hormen arteko bizitza harmoniatsuagoa bihurtuko luke. Onurak baino ez lituzke ekarriko. Eta erdi askatasun moldean ere, euskara ikasteak erraz dezake presoak gizartean sustraitu eta euren harreman sareak berregitea», nabarmendu du irakasle taldeak.

Oraindik ere Euskal Herritik urrun dauden presoek ez dute euskaraz bizitzeko aukerarik. Hori dela eta, berehala EAE edo Nafarroako kartzeletara ekartzea exijitu dute.

Urruti izan arren, uskara ikasteko eskubidea dutela oroitu dute. «Euskal administrazioei dagokie berme hori betearaztea. Ondorioz, hainbat arinen bide horretan urratsak ematea exijitzen diegu, dagokionarekin dagozkion hitzarmenak eginda. Edonola ere, kasu guztietan, euskara ikasteko eskubidea baldintza duinak eskainita eta beste edozein herritarrekiko berdintasunean bermatu behar da», aldarrikatu dute.