Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Gozo hartu ditu Ahotseneako musikariak zein zaleak Plateruenak

Landako kanpoaldeko bi karpak utzi eta Ahotseneako musika aurkezpenek Plateruenan hartu dute babes. Baldintzak hobetzea ekarri du –giro epelagoa eta soinu kalitate ona– eta pozarren daude musikariak zein antolatzaileak.

Hibai hamar musikariko bandarekin igo da astelehen honetan Plateruenako agertokira. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Hibai hamar musikariko bandarekin igo da astelehen honetan Plateruenako agertokira. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Tabernarik gabe agertoki soil bilakatu da Plateruena egunotan. Giro atseginean ikusi ditugu astelehen honetan musikariak zein publikoa, Ahotseneako egitarau oparoan antolatutako aurkezpenetan.

Izurriak iaz berarekin ekarri zuen aldaketetako bat Landako kanpoaldeko bi karpak utzi eta Ahotseneako musika aurkezpenek Plateruenan babes hartzea izan zen. Orduko hartan Durango eta inguruko biztanleek bakarrik izan zuten bertatik bertara jarraitzeko aukera eta aurten, aurretik sarrera erreserba hartuta bada ere, kulturzale denei ireki dizkie ateak.

Hamar aurkezpen dira egunero, guztira 50. Pozik daude sortzaileak zein Ahotsenearen arduradunak. Screamers and Sinners (asteazkenean 20.20ean) erori egin da karteletik eta ordezkoaren bila –Ainhoa Larrañaga– egindako gestioak bukatu berri harrapatu dugu Miren Narbaiza Ahotseneako koordinatzailea.  

«Oso pozik gaude. Iaz biziraupenezko Azoka izan zen, hura ere ondo irten zen baina aurten ikusten dugu bagoazela ezagutu genuen Azoka hartaruantz. Berriro ikutu ahal den Azoka daukagu, soinua daukana eta publikoa dabilena», adierazi du Narbaizak.

Sarrerak hainbat aurkezpenetan agortu egin dira, eta oro har «sarrera politak» ari dira izaten Narbaizaren esanetan.

Iaz otu zitzaien disko aurkezpenak Plateruenan –ordurako ateak itxita zituen kafe antzokiak– egitea. «Hain espazio txukuna bertan hutsik edukita aukera ona iruditu zitzaigun, gure behar guztiak asetzen baititu. Eta ohore bat da», dio.

«Lehen bi karpa izanda talde gehiago sartzen ziren eta aurten batzuek kanpoan geratu behar izan dute baina segurtatzen du ganorazko baldintzak eskaintzea musikariei. Espero dut Plateruena laster martxan ikustea horretarako sortu zelako, kulturaren plaza izateko, jarraitu du».

Streaming bidez ere jarrai daitezke saioak aurten eta horiek ere kalitate hobean eskaini ahal dira.

Hibaik gaur eguerdian aurkeztu du bere azken diskoa. «Esklusiban, aurreko bost urteotan, jarraian, egin dudan bezala –nabarmendu du–. Azokan soilik dago nire musika entzuteko aukera, Spotifyn ez online ez baitago entzungai. Musikarekiko eta kulturarekiko konpromiso handia daukat eta saiatzen naiz urtean zehar sortutako musika diskoan biltzen. Eta Azokan aurkezten dut estreinakoz beti».

Baldintza hobeak

Plateruenak baldintza hobeak eskaintzen ditu zuzeneko aurkezpenak egiteko. Horretan bat datoz denak. Hibai gustura aurkitu dugu gaur. «Oso positiboa da, eta seguruena da pandemiak Azokari eman dion gauza on bakarra. Abenduan, kanpoaldean hotz handia egiten du eta bi agertokirekin aldaketak eta soinu frogak egitea deserosoa da. Plateruenak beste erosotasuna ematen du eta gustatuko litzaidake datorren urtean ere bertan mantentzea; ona da musikarentzat».

Bere kasuan hamar musikari igo dira gaur eszenara, Plateruenan banda osoa ekartzeko aukera baliatu du.

Willis Drummond taldea astearte honetan elkartuko da bere zaleekin. Bat dator Jurgi Ekiza. «Kontzertuarentzako kristorena da. Aretoa oso polita da eta soinua bera hobea da».

Larunbatean jo zuen Eneritz Furyak-ek. «Oso gustura egon nintzen. Lantaldea txalotzekoa da eta oso garbi neukan zer egin nahi nuen eta pozik geratu nintzen kontzertuarekin eta jendearen erantzunarekin».

Tomas Lizarazu eta Bulego taldeko kideek ireki zuten Ahotsenea joan den larunbatean. Sarrerak agortu zituen azkenaldian Euskal Herriko musika eszenan protagonismoa hartu duen azkoitiar taldeak. «Oso polita izan zen, entzuleak kantuak abesten ikusi genituen. Teklatua eta gitarra akustikoarekin emanaldi berezia prestatu genuen Azokarako. Kantuak gordinago eta gozoago. Eta publikoak eskertu egin zuen», kontatu dio NAIZi.

Formatu berria

Formatu aldaketa ekarri du Plateruenara aldatzeak. Lehen bi agertokitan banatu, saio bat hasi, bestea bukatu, etengabeak ziren musika saioak. Orain, pandemiak hala behartuta, ordu erdiko atsedenaldiak egiten dira aurkezpenen artean eta horren ostean Plateruena erabat hustu egiten da, hurrengo emanaldiko entzuleak sar daitezen.

Balorazio positiboa egin dute tarteaz. «Saio bat hasi eta berehala bestea amaitzea akigarria ere bada batzuetan, ez digu denborarik ematen digestioa ere egiteko. Aproposa iruditzen zait bata eta bestearen artean pausa egitea» Ekizaren ustez.

«Zergatik bultzatu behar da kontsumo mota hori? Dena jarraian, ohartu ere egin gabe», bota du galdera Eneritz Furyak-ek. «Hala ere ez daukat ezer txarrik esateko aurreko formatuaz ere», dio.

«Karpak pasean zebilenari bost minutuz aurkezpen batera sartzeko aukera ematen zion baina karpak beste goxotasuna du. Kontzertuetarako prestatuta dagoen lekua da, soinua beste bat da, eta bi agertoki ez egoteak ematen dizu abagune gehiago gauzak hobeto prestatzeko. Aukeran nahiago Plateruena, gainera berdindu egiten gaitu guztiok, orain ez da gertatzen talde oso ezagunek kontzertua bertan ematea eta hain ezagunak ez direnek karpan. Baina egia da kontzertu gutxiago direla, hori ere bai», kontatu du.

Eneritz Furyak-en esanetan «gogorra» da disko baten aurkezpena denbora tarte laburrean ematea. Kantuak dosifikatu ala trinkotu egin behar dituzu. Nire kasuan bost abesti eskaini nituen, denak jarraian, eta azalpenak kantua martxan zela eman nituen, nolabait esan», dio irribarrez.

Plateruenako taberna itxita egoteagatik atsekabea adierazi dute denek. «Pena da, hura zen Azokaren bihotza ere. Zerbait galdu dugu batetik eta ea musikaren bitartez lortzen dugun lekua berreskuratzea», adierazi du Ekizak.

«Euskal Herriko oso plaza inportantea da. Orain egun batzuetan irekita egoteak poza ematen du», esan du Tomas Lizarazuk.

Plaza

Azokak sortzaileei eskaintzen dien plaza nabarmendu dute. «Aurrerapausu interesgarria izan da Ahotsenea musikarentzat eta musikazaleentzat. Beti hobe da zuzenean ikusi eta entzutea eta gogoa ematen dio jendeari zure musika erosteko. Bestalde, talde ezezagunak bertatik bertara ezagutzeko aukera da eta musikariontzat publiko berriarentzat jotzeko aukera», esan du Ekizak.

Ahotsenea oso pausu inportantea izan zen Eneritz Furyak-en esanetan. «Argi dago, euskal musikaren ekarpenak asko dira eta ez dute beti aukerarik publiko orokorra baten aurrean erakusleihoa izateko. Eta urtez urte fintzen joan dira nola eta ze aukera eman musikariei eta publikoari. Nola eman leku atsegina musika jakin bat ezagutu edo berriz gozatzeko. Eskertuta nago».

«Standean gaudenak pertsona arruntak gara eta agertokian eskaintzen dugu musika. Hori da zuzenekoaren grazia, hezur-haragizko norbait musika egiten edo jotzen ikustea. Gero etxean entzuteko saltzen duzu diskoa, baina benetan magia daukana oholtzan dago», gaineratu du.

Lizarazuren esanetan «Azokakoa baino gune aproposagorik ez dago musikaz zuzenean gozatzeko. Kultur kontsumitzaileentzat zer plan hobeagorik erosketak egin edo artistekin egon eta gero kontzertu bat ikustea baino».

Solasaldiak

Zuzenean musika joz bakarrik ez, solasaldi formatuan ere aurkezten dituzte euren lanak musikariek. Gaur arratsaldean bere lan berriaren berri emango du Jon Maiak.

«Lanean parte hartu duten kideak beste proiektuetan dabiltza, batetik, eta zuzenekoetan proiekzioak eta sartuko ditugunez nahiago nuen formatua gutxitua ez erakutsi. Liburu-diskoa izanik, kantuaren gorazarrea da, solasaldiaren aukera egin dut», kontatu du.

Bere jarraitzaleekin hitz aspertua egiteko beta eskaintzen diote aurkezpenek. «Oso polita da jendearen istorioak entzutea. Nire kantuei buruz hitz egiten didate, abestiaren inguruan gertatutako zerbait, kontu hunkigarriak ere bai tartean. Nire kantuen harira sortutako kontuak bueltan etortzen zaizkit eta haien beroa sentitzen dut».

Bizpahiru aste dira argia ikusi zuenetik eta erantzun ona jaso du. «Kolaboratzaile asko pasa dira, oso ahots garrantzitsuak dira euretako asko euskal musikaren historian, eta estudioan bertan konturatzen ginen berezia zela proiektua. Momentu bereziak bizi izan ditugu».

Musikaz gain literatur solasaldiak ere badira Ahotsenean eta aurten berrikuntzekin etorri dira. 60 aurkezpenetik gora hartu ahal izateko Musika Eskolara zabaldu dituzte lehen aldiz.