25.000 bisitaritik gora bildu dira aurten Durangoko Azokan. (Gorka RUBIO/FOKU)
25.000 bisitaritik gora bildu dira aurten Durangoko Azokan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ilarak Azokara sartzeko, lehen eguneko ilusioarekin.(Aritz LOIOLA/FOKU)
Ilarak Azokara sartzeko, lehen eguneko ilusioarekin.(Aritz LOIOLA/FOKU)
GARA egunkariak haien artean zerikusirik ez baina aldi berean erakargarritasun itzela duten bi lan eraman ditu Durangoko Azokara. Txomin Iturberen biografia, batetik, eta sukaldaritza mexikarrari buruzko liburua, bestetik. (Gorka RUBIO/FOKU)
GARA egunkariak haien artean zerikusirik ez baina aldi berean erakargarritasun itzela duten bi lan eraman ditu Durangoko Azokara. Txomin Iturberen biografia, batetik, eta sukaldaritza mexikarrari buruzko liburua, bestetik. (Gorka RUBIO/FOKU)
oseba Sarrionandia, Durangon liburuak sinatzen, 36 urte eta gero. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Joseba Sarrionandia, Durangon liburuak sinatzen, 36 urte eta gero. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
tziar Ituño, ‘Itzi’ (Zorrotz) elkarrizketa liburuaren protagonista, Durangoko Azokan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
tziar Ituño, ‘Itzi’ (Zorrotz) elkarrizketa liburuaren protagonista, Durangoko Azokan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bulegoren kontzertua. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Bulegoren kontzertua. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Iñigo Arrasate Durangoko Azokan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Iñigo Arrasate Durangoko Azokan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Amaitu da 56. Azoka, eta iragarri dute noiz izango den datorren urtekoa: abenduaren 7tik 11ra.
Amaitu da 56. Azoka, eta iragarri dute noiz izango den datorren urtekoa: abenduaren 7tik 11ra. (Aritz LOIOLA/FOKU)
NAIZ

25.000 bisitaritik gora bildu dira aurten Durangoko Azokan

25.000 pertsonatik gora elkartu dira Durangoko Azokan. Izurriaren eraginez bisitari kopuruak eta ondorioz salmentek beherakada nabarmena izan dute. Gerediaga Elkarteak balorazio positiboa egin du. «Kulturaz gozatu ahal izan dugu modu seguruan», nabarmendu du.

Azken orduak ditu eta lehenengo datuak jakinarazi ditu Gerediaga Elkarteak. Izurriak hala behartuta Landako Guneak izan duen lekuarekin 30.000 pertsona sar zitezkeen gehienez eta denera 25.000 kulturzale izan dira gerturatu direnak. Gogoratu behar da pandemia aurreko garaian 100.00 pertsonatik gora –120.000 2019an– batzen zirela Azokan.

Durangoko Azokaren 56. edizioak eta Gerediaga Elkarteak balorazio positiboa egin du. Bisitariek osasun-neurriak bete izana goraipatu du Gerediagako lehendakari Nerea Mujikak. «Eskaera egin genuen Azokan erantzukizunez jokatzeko eta osasun-neurriak betetzeko, eta erantzuna bikaina izan da. Kulturaz gozatu ahal izan dugu modu seguruan, eta hori denon ardura eta konpromisoari esker izan da».

Bi urteren ostean «aurrez aurreko kulturaren plaza berreskuratzea» izan da Durangoko Azokaren lehentasuna. «Pozik gaude berriro ere batzeko aukera izan dugulako, kulturzale eta sortzaileak plazan elkartu ditugulako berriro, egungo egoerara moldatuta bada ere».

Alde digitala eta presentziala uztartu ditu aurten Azokak lehen aldiz, eta kulturzaleek aukera biak izan dituzte Azokaz gozatzeko. Bisitariek aurrez aurreko salmentari lehentasuna eman diote, «argi geratu baita Durangoko Azoka bertatik bertara bizitzekoa dela».

Salmentak nabarmen egin du behera aurten. «Partaide batzuek diotenez, aurreko edizioetako salmentekin alderatuta, salmenta-kopurua orokorrean baxuagoa izan da, bisitari kopurua ere baxuagoa izan delako», adierazi dute.

Online denda

Online dendari dagokionez, abenduaren 3tik 7ra 1.300 erosketa egin dira durangokoazoka.eus webgunean, eta guztira 5.400 lan erosi dira. «Batazbesteko gastua 58 eurokoa izan da erosketa bakoitzeko», zehaztu dute.

Webguneak 110.000 bisita baino gehiago jaso ditu abenduaren 3tik 8ra arte, eta streaming kateari dagokionez, 21.000 lagun konektatu dira abenduaren 4tik 8ra eskainitako zuzeneko kanal bietan.

Guneei dagokienean ere –aurten itzul dira kulturaren plazara– balorazio positiboa egin dute guneetako koordinatzaileek. Ahotseneako kasuan, Plateruenan ezinbestekoa izan da aldez aurretik erreserba egitea, eta hainbat disko aurkezpenetan aforoa agortu da: Liher, Willis Drummond, Anari, Skakeitan, Kai Nakai, Nikotina, Etxekalte + Habi, Bulego eta McOnak. Literatur solasaldien kasuan, Alaine Agirre, Eider Rodriguez, Jon Maia eta Leire Vargas sortzaileen aurkezpenak izan dira jendetsuenak. Orotara, 7.500 bisitari batu dira Ahotsenean, eta Miren Narbaizak nabarmendu duenez, «giroa oso ona izan da Ahotsenean. Plateruenan momentu oso politak eta goxoak bizi izan ditugu, dantzagarriak asko. Eskertu da zuzenekoak berriz bizi ahal izatea».

Irudienearen izenean ere, «ezberdin baina posible, euskal kulturgintzak merezi duen erronka» gauzatu dutelako pozik agertu da Johana Olabarria. Mila bisitari baino gehiago izan dituzte azken bost egunetan, eta ekitaldirik jendetsuenak honakoak izan dira: iazko sormen beka irabazi zuen Bañolet websaila, eta Kurdistango Kobane hiriko liburutegiaren istorioa kontatzen duen ‘Hala ere’ dokumentalaren proiekzioa. Ikusleek bereziki «zuzendari edo lanaren sortzaileekin tarte bateko hizketaldia izan ahal izatea» eskertu dute.

Saguganbara «handi eta txikien aterpe» izan da egun euritsu hauetan. Marina Agirrek azaldu duenez, gune honek ere mila bisitarien langa gainditu du. Publikoaren joan-etorria gora-beheratsua izan da azken bost egunetan, eta Monika Arratibel eta Xabier Etxanizen ‘Laino txiki egizu negar poliki’ bezalako aurkezpenetan aretoa bete da.

Szenatokiari dagokionez, Arantza Arrazola koordinatzaileak azpimarratu duenez, «antzerki eta dantza zaleek bikain erantzun diote programazioari, oso pozik gaude erantzunarekin". Guztira 620 ikusle igaro dira Szenatokitik, eta nabarmendu dutenez, oso publiko gaztea egon da, «antzokietan ez da oso ohikoa». Bagara kolektiboaren ‘Interakzioa’ dantza ikuskizuna izan da ekitaldirik jendetsuena, abenduaren 5ean.

Kabi@ gunea aurten Landako barruko Areto Nagusian antolatu da, eta Diana Franco arduradunaren arabera, «eztabaida mamitsuak» egon dira egunotan antolatutako hitzaldi eta mahai-inguruetan. Francok era berean nabarmendu du Kabi@ko eztabaidek sarean izan duten jarraipena.

Talaiara, azkenik, «gazte sortzaileekin eta kultur eragileekin egindako mahai-inguruek erakarri dute jendea», Izaskun Ellakuriagaren esanetan. 500 lagun baino gehiago gerturatu da liburu eta egitasmoen aurkezpenetara, eta sortzaileek eskertu dute euren lan berria erakutsi eta euren lan berriez hitz egiteko lekua izatea.

Jarraipena izango du

Durangoko Azokako 56. edizioa gaur amaituko bada ere, Azokak jarraipena izango du Euskal Herri osoko liburu-dendetan urtarrilaren 6ra arte, "Zu non, han DA!" egitasmoari esker. Iaz hasitako ekimen honi jarraipena emango dio aurten Azokak, eta kulturaren plazan eskuratu ahal izan diren sormen-lanak Euskal Herriko 149 saltokitan erosi ahal izango dira, Lizarratik Baionara eta Balmasedatik Elizondora. Zerrenda osoa durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke.

Azkenik, Durangoko Azokak modu batean edo bestean Azokari babesa eman dioten guztien babesa eta esfortzua eskertu nahi izan du: argitaletxe, diskoetxe, babesle, herri-mugimendu, erakunde... «Badakigu erronka eta esfortzu berezia izan dela guztientzat aurtengo Azoka babestea. Eskerrik asko Azokaren eta euskal kulturaren alde egindako apustuagatik». Azokak aurrez aurre edo online kulturaren plazarekin bat egin duten kulturzaleen konpromisoa eskertu nahi izan du, eta baita ere boluntario lanetan ibili diren behargin guztien laguntza: «Durangoko Azoka kulturaren plaza da, euskal kulturak bizia hartzen duen topagunea, eta hori guztia posible egiten duzuen laguntza eskertu nahi dugu».