Asier Aiestaran

Irribarria eta Rezustaren sendotasuna argi inposatu da bigarren erdian (11-22)

Aramako aurrelariari eta gaur etxean jokatu duen Bergarako atzelariari kosta egin zaie piloteoan erakutsi duten nagusitasuna markagailura helaraztea, baina bigarren erdian ez da kolorerik egon. Ezkurdia borrokalari jardun da, baina Tolosak pilota gehiegi galdu ditu.

Iker Irribarriak pilota batzuk galdu ditu hasieran, baina gero asko zuzendu da (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Iker Irribarriak pilota batzuk galdu ditu hasieran, baina gero asko zuzendu da (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Irribarriak eta Rezustak Binakako Txapelketako bigarren puntua eskuratu dute Bergaran Ezkurdia eta Tolosari 11-22 irabazita. Ez da neurketa batere ikusgarria izan, huts dezente izan dira gaur ere, eta irabazleen sendotasunak erabaki du dema beraien alde bigarren erdian.

Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak argi zuten hasi aurretik beraien estrategia Ezkurdiari pilota kendu eta atzean Xabi Tolosa zigortzea izango zela. Horretan saiatu dira hasieratik eta, amaieran lortu duten arren, partidaren aurreneko erdian kosta egin zaie markagailuan ihes egitea.

Horretan zer ikusi handia izan du Joseba Ezkurdiaren lanak. Arbizuarra behin eta berriro saiatu da tantoa aurrean nahasten eta lehen zati horretan lortu du Iker Irribarriaren akatsak behartzea. Aramarra eta Xabi Tolosa izan dira huts gehien egin dituztenak eta markagailua oso parekatuta joan da 6-6kora arte.

Urdinen ihes egiteko lehen abixua 7-10ean iritsi da, Irribarriak eta Rezustak atzean egindako tanto banaren ostean, eta aldea apur bat gehiago ireki dute lehen atsedenaldi luzera iristeko: 8-12 Tolosak galdutako beste pilota baten ondoren.

Esker txarreko lanak egokitu zaizkio gaur ere Ezkurdiari, baina saiatu da ekidin ezina zirudiena ekiditen. Berak behartutako bi tantorekin 10-12 hurbildu dira gorriak, baina hortxe amaitu da emozioa. 10-13koa Tolosak gora botatako pilota batekin iritsi da eta hortik aurrera erabat nagusitu dira urdinak.

Atzean Beñat Rezusta ikusgarri aritu da –bi tanto egin ditu atzean eta pilota bakarra galdu du–, eta aurrean Iker Irribarriak aukera ederrak izan ditu tantoa amaitzeko. Gainera, pilota asko atzeratu dute eta 10-18koan, esaterako, Iker Irribarriak errebote argia sartu du.

Azkenean emaitza 11-22koa izan da eta bigarren puntuarekin Irribarria eta Rezusta sailkapeneko goikaldean kokatu dira; Ezkurdia eta Tolosa, aldiz, garaipenik gabe geratzen den bikote bakarra da, hirutik hiru galduta.

«Oso pozik nago. Etxean beti nahi izaten duzu partida on bat egin baina askotan ez da erraza izaten. Gaur hasieratik sentitu naiz ongi, fresko, eta uste dut partida guk nahi genuen bidetik joan dela. Hasieran gehiago kostatu zaigu, baina gero eta argiago agintzen genuen, gero eta aurrerago hartzen genuen pilota, eta horrela errazagoa da pilotan jokatzea», aztertu du neurketa Beñat Rezusta bergararrak.

Hori bai, ospakizunetarako denbora gutxi izango dute, ostiral gauean jokatzen dutelako hurrengo norgehiagoka, laugarren jardunaldia irekiko duena, Zeanurin Urrutikoetxea eta Arangurenen aurka.

Pilotakadak: 445. Partidaren iraupena: 57 minutu eta 47 segundu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-5, 6-5, 6-8, 7-8, 7-10, 8-10, 8-12, 10-12, 10-20, 11-20 eta 11-22. Sakez: 2 Irribarriak (eta falta bat). Jokoan eginak: 2 Ezkurdiak, 2 Tolosak, 8 Irribarriak eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak, 7 Tolosak, 5 Irribarriak eta 1 Rezustak. Gertaerak: Bergarako Udal Pilotalekuan jokatutako partida. Binakako Txapelketaren ligaxka. Lehen sakea, gorri.