Ane Urkiri

Benfica, Lille eta Salzburgo, aurrera; Bartzelona, 21 urte beranduago, kanporatua

Bartzelonak jipoia jaso du Munichen (3-0) eta Benfikak bere partida irabazi duenez, portugaldarrak sailkatu dira final zortzirenetara. G multzoan, Lille eta Salzburgok lortu dituzte txartel bana beraien partidak irabazi ostean. Bergamoko elur ekaitzak Atalanta-Vila-real ostegunera atzeratu du. 

Pique, Coutinho eta, atzean, Lenglet, Munichen jipoia jaso ostean. (Christof STACHE/AFP)
Pique, Coutinho eta, atzean, Lenglet, Munichen jipoia jaso ostean. (Christof STACHE/AFP)

Bartzelonak ezin izan du asteartean Atletico Madrilek lortutako ezustekoa eman Munichen. Katalanek funtsezkoa zuten Bayern taldearen etxean irabaztea final zortzirenetan egoteko baina, irabazi ez eta gainera jipoi ederra jasota itzuliko dira Bartzelonara. 3-0eko emaitzaren gailendu zaio Bavariako taldea, horietariko bi gol lehenengo zatian lortuta. 

Gainera, multzo bereko beste partidan, Benficak bere lana ondo bete du eta are gehiago zaildu zaio sailkapena Xavik entrenatzen duen taldeari. Hala, portugaldarrek eskuratu dute Bayen Munichekin batera E multzoan final zortzirenetarako txartela. Bartzelonak Europa League jokatuko du. 17 urte pasa dira azkenezkoz katalanek Europa League txapelketa jokatu zutenetik eta 21 urte, Txapeldunen Ligako multzoen fasean kanporatuak izan ziren azken alditik. 

H multzoa ere bizi-bizi iritsi da azken jardunaldira, talde guztiak aurrera egiteko aukera zutela. Nolanahi ere, Lillek segituan erakutsi du multzoko onena izan dela lehen fase honetan eta Wolfsburgori, multzoko azkenari, ez dio aukerarik eman (1-3).

Lilleko jokalariak Wolfsburgoren aurkako gol bat ospatzen. (Ronny HARTMANN/AFP)

Salzburgo eta Sevillaren arteko norgehiagoka, aldiz, lehiatuagoa izan da. Austriarrek bigarren zatian hartu dute aurrea, 50. minutuan Okaforrek eginiko gol bati esker. Hortik gutxira, Joan Jordanek ikusitako bigarren txartelak apur bat erraztu dizkio kontuak etxeko taldeari. Julen Lopetegiren taldeak Europa League jokatuko du. 

Atalanta-Vila-real, bihar; Juventus liderra

Nolanahi ere, asteazken honetan ez dira jokatu partida guztiak. Izan ere, Atalanta eta Vila-realen arteko partida erabakigarria ostegunera atzeratu dute Bergamon jausi den elur-ekaitza dela-eta. 

Italiako Bergamo hirian elurra mara-mara hasi da asteazken iluntzean eta klubeko langileek elurra berdegunetik kentzeko lana gogor egin badute ere, aurreikusi moduan ezin izan da asteazken honetan jokatu. Hasiera batean, 20 minutuko tartea eman du UEFAk baina egoerak hobera egiten ez zuela ikusita, hurrengo egunean, ostegunean, jokatuko da. 19.00etatatik aurrera lehiatuko dira bi taldeak eta orduan ikusiko da ea nork lortzen duen F multzoan final zortzirenetarako bigarren txartela. 

Bergamoko estadioa elurpean. (Isabella BONOTTO/AFP)

Lehen txartela Manchester Unitedentzat izan baita. Aurreko jardunaldian eskuratu zuten ingelesek eta azken partida honetan, Young Boysen aurka jokatutakoan, bana berdindu du.  

Bestalde, 19.00etan jokatu diren bi partidetan, H multzoko lidertza zegoen jokoan eta azkenean, Juventusek eskuratu du Malmori 1-0 irabazi eta Chelseak Zeniten etxean hiruna berdindu ostean. Azken jardunaldi hau hasi aurretik, Ingalaterrakoak ziren liderrak baina Errusiako hutsegitea ondo probestu dute italiarrek. Zenitek jokatuko du Europa League.