Ane  Urkiri
Kirol burua / Jefa de Deportes

Azken hiru partidatan puntu bakarra batuta, Getaferen aurka egoera irauli nahi du Alavesek

Alavesen bolada ona apur bat okertu da azken asteetan. Azken hiru jardunalditan ez du garaipenik eskuratu (puntu bakarra Txapeldunen Ligan aritu den Sevillaren aurka) eta beraz, Getaferen aurka funtsezkoa du garaipena jaitsiera postuak atzean uzteko (16.15etan Mendizorrotzan, Movistar+). 

Rioja, Celtaren aurkako partidan. (Endika PORTILLO/FOKU)
Rioja, Celtaren aurkako partidan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Bazirudien Alaves gutxika-gutxika bazihoala goranzko bidean. Cadizen irabazi, Elx taldeari ere bai, Bartzelonan berdindu, Levanteren aurka markagailua irauli eta beste hiru puntu batu, Sevillaren etxean balio handiko puntua... Baina azken asteetan apur bat okertu zaio bidea, bi porrot jaso baititu erreskadan eta horrek, jaitsiera postuekiko urruntzea galarazi dio.

Jaitsiera postuan dagoen Cadizek baino soilik bi puntu gehiago ditu eta Getafek, sailkapeneko azkenaurreakoak, baino hiru gehiago. Alegia, Mendizorrotza bisitatuko duen talde madrildarra arerio zuzena dela eta irabaziz gero, sailkapenean jauzia eman dezakeela. 

Quique Sanchez Flores entrenatzailea iritsi zenetik, egun dituen 11 puntuetatik 10 batu dituzte madrildarrek. Hau da, Michelek Anoetan batu zuela puntu bakarra Getaferentzat eta horren ostean iritsi zen bere kaleratzea. Ordutik, zortzi partido gidatu ditu Sanchez Floresek eta soilik bi partida galdu ditu (Celta eta Vila-realen aurka).

Dena dela, oraindik ere etxetik kanpo irabaztea kosta egiten zaio Getaferi eta horren erakusle da, kanpoko talde bezala ez duela oraindik ere partidarik irabazi. Hiru berdinketa lortu ditu, horietatik bi Quique Sanchez Floresekin. Nolanahi ere, balorean jarri behar da azken asteotan lortu duen bolada ona, Ceramica Estadioan galdu zutenetik, bost puntu batu baititu eta ordutik ez du golik jaso (Cadiz, Mallorca eta Athletic izan ditu arerio).

Bi porrot jarraian

Azken finean, baina, oraindik jaitsiera postuak atzean ezin utzita dago Getafeko taldea eta presio hori baliatu beharko du Alavesek, lasaitasun apur batekin eta etxean jokatuta, garaipena bideratzeko. Arerio zuzenen aurkako puntuak baitira baliagarriak eta hori ondo baino hobeto dakite babazorroek; Cadiz eta Elx mendean hartu ostean sekulako jauzia eman zuen; orain, Celta eta Granadaren aurka galdu ondotik, putzura itzultzeko gertu ibili da. 

Joseluren golek berebiziko indarra dute Callejaren taldean, hala onartu zuen Pere Ponsek berak ere. Zazpi gol egin ditu aurrelari galiziarrak, nahiz eta bere azken golak ezer gutxirako balio izan zuen Vigon. Hala ere, benetan garrantzitsua den estatistika bat ere hobetzen joan da Callejaren talde hau: gola egin egiten duela. Betisen aurka galdu zuenetik (0-1) partida guztietan egin du golen bat. Ordea, oraindik ere gol gutxien egiten duen taldeen artean kokatzen da Gasteizkoa, 12 egin baititu guztira, bere biharko arerioak baino bi gol gehiago. 

Garrantzi handia duen partida honetarako, Ruben Duarte berreskuratu du Callejak baina Matt Miazga galtzen du, koronabirusean positibo eman ostean. Estatubatuarra eta Ximo Navarro dira Alavesen baja bakarrak. 

Getaferi dagokionez, ez dute Gasteizera bidaiatu Jose Juan Macias, Vitolo, Sabit Abdulai, Chema Rodriguez eta David Timor, guztiak min hartuta.