Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

«Enemigo público número uno porque no aguantas...»

«Enemigo público número uno porque no aguantas que te joda ninguno», Cicatriz taldeko Natxok kantatu ohi zuen. 80ko hamarkadan, Europa industrializatuan, edonon kanta zezaketen halako zerbait, baina egia da Natxo Etxebarrietaren eta beste askoren bizia Euskal Herriari lotua zegoela. Hala agertu dute berriki RRV Euskal Rock Erradikala zena eta ETAren biktimei eragindako mina elkar lotzen saiatu den ETBko dokumental batean. Horretarako aditu eta historialari batzuk ere agertu dira, gauzarik xelebreenak esaten.

Bai, lotua zen Natxo Cicatriz euskal gatazka deritzagunari. Berak hala azaldu zuen emandako azken elkarrizketan. Gerora indarrez itxitako “Egin” egunkarian izan zen, 1995ean. Fisikoki jota, handik gutxira hil zen. Bere senide bat aipatu nahi izan zuen bereziki: Txabi Etxebarrieta, Guardia Zibilak tiroz hil zuen ETAko lehen militantea.

Etxebarrieta goraipatzen duen eskultura bat badago Arantzazuko santutegiaren leku gorenean. Hala erabaki zuen Oteizak. Akaso, garaia da memoria hain modu partzialean berreskuratu nahi duten horientzat hori ere jopuntuan jartzeko, eta basilikaren fatxada nagusia goitik behera eraisteko, apostolu eta guzti. Horrela, bide batez, eraikuntza lanak hainbat urtez gelditu zituen eliza frankistaren nahiari omenaldia ere egingo genioke. Melitoni omenaldi berri bat, hala nahi bada.

Izan ere, hainbatek testuingururik gabeko kontakizuna gailentzea nahi dutela dirudi, urtetan testuingurua eskaintzeak (ETAren) indarkeria justifikatzen zuela errepikatu ostean. Testuinguru gabe eskaini daitekeen gauza bakarra, alabaina, ezjakintasuna da. Hala egin dute aipatu ETBko dokumental horri bide eman diotenek. 80ko hamarkadan gazteek ez zieten sinistu eta, martxa honetan, gaur egungoek ere ez diete sinistuko, horrenbesteko sinplekeria ez baita sinesgarria.

Fenomeno konplexua izan zen hamarkada hartan gazteen artean sortutakoa, non ideologia, mugimendu eta ekimen ezberdinak nahasten ziren, testuinguru jakin batean: ETAren ekintzak, ZEN Plana, atxiloketak, tortura, GAL, industria birmoldaketa eta krisi ekonomikoa, droga, intsumisioa, NATO, diktadura eta inperialismoaren kontrako gerrilla Latinoamerikan…

Musika taldeek gai horietako asko jasotzen zituzten, eta, gehiegikeriak gehiegikeria, oro har letra oso aurrerakoiak zituzten; inperialismoaren, errepresioaren, kapitalismoaren esplotazioaren edo botere ilunen kontra; kritika zorrotza egiten zuten, zenbaitetan kontraesanez ere beterikoa. Kontzertuetan batzuetan izan ohi zen basakeria ere ez zen oso ulergarria. Halere, esan behar da ondo antolatutako jaialdi erraldoietan hori ere baretu zela, eta ezker abertzaleak izan zuela horretan zeresan handia, «doako indarkeria» zeritzana galarazteko (barkatu, gaurko egunean «doako indarkeria» kontzeptua erabili ezin badaiteke, ez dezagun inor aztoratu indarkeriazko erantzunak sortzen dituzten egoerak egon daitezkeela iradokiz). Besterik islatu nahi bada ere, Jarraikoak ez ziren txupa beltzaz uniformatu eta edonoren hilketa aldarrikatzen hasi.

Musika taldeek, kasu batzuetan etsipenetik, miseria eta zapalkuntza zekartzan boterearen kontra kantatzen zuten funtsean, langileek kaleko manifestazioetan «obrero despedido, patrón colgado» oihukatzen zuten bezalaxe. Hori guztia susmopean jartzea eta horren kontra halako irakurketa inkisitoriala egitea atzerakoia da, erabat.