NAIZ

Egubierrietan gehienez 10 pertsona eta bi familia unitate biltzeko gomendioa Nafarroan

Ospakizunetan gehienez hamar pertsona eta bi familia unitate biltzeko gomendioa egin du nafar Gobernuak. (GETTY IMAGES)
Ospakizunetan gehienez hamar pertsona eta bi familia unitate biltzeko gomendioa egin du nafar Gobernuak. (GETTY IMAGES)

Gabonen bueltako bilkura eta ospakizunetan gehienez hamar pertsona eta bi familia unitate biltzeko gomendioa jasoko du ostiralean nafar Gobernuak argitaratuko duen ebazpenak, aireztapen egokia mantentzearen garrantzia azpimarratuz eta sintomak izatekotan inorekin ez elkartzeko eskaera eginez, «arriskuko kontaktuak murrizteko» helburuarekin.

Ostalaritzari dagokionean, eta asteazken arratsalde honetan egingo den bileran sektoreak egingo dituen ekarpenen zain, herrialdeak bizi duen egoeraren aurrean, Gobernuaren planteamendua izango da «kanpoaldeko kontsumoa indartzea barrualdekoen aurrean», eta barrukoen kasuan, «talde txikietan», mahaietan barran baino hobeto, aireztapen egokia bermatuz eta kontsumitzen ez den bitartean musukoa erabiltzeko beharrean indar berezia eginez.

Prentsaurreko batean, Santos Indurain foru Gobernuko Osasun sailburuak nabarmendu du gomendio «irmo eta oso sendoak» direla, eta «seigarren olatu honen eragina geldiaraztea» bilatzen dutela, izan dezakeen eragin asistentzial eta soziala mugatzeko.

Indurainen esanetan, kutsatzeen gorakadan «nolabaiteko apaltzea» antzeman dute (joan den astearekin alderatuta igoera %31koa izan da, aurreko astean hazkundea %52koa izan zen bitartean) eta positibitate tasak zenbait egun daramatza egonkortzeko joerarekin.

«Kontu handiz» jokatu

«Kontu handiz» jokatzeko eskatu du Indurain sailburuak, Nafarroa arrisku handiko egoeran dagoelako oraindik ere. Omicron aldaeraz ere mintzatu da eta esan du bi kasu baieztatu dituztela, isolatuta dauden bi pertsonari dagozkienak, eta beste bi konfirmatzeko daudela.

«Birusak ahalegin kolektibo horrekin jarraitzea eta indartzea eskatzen digu, eta egun horiek funtsezkoak dira birusaren transmisioa geldiarazteko, osasun-sisteman duen eragina murrizteko eta txertoak bere babes-ezkutua orokortzeko denbora emateko, eta bizitza sozialean, ekonomikoan eta emozionalean askoz eragin handiagoa duten egoerak berreskuratu behar ez izateko», adierazi du.

Horri dagokionez, adierazi du gomendio horiek funtzionatuko ez balute, «arauetara pasatzea» aztertuko luketela.

Bestalde, Javier Remirez nafar Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak gogorarazi duenez, «oraintxe bertan ez gaude alarma-egoeran, eta, beraz, Administrazioak dituen tresnak mugatuagoak dira oinarrizko eskubideen murrizketari dagokionez, batez ere eremu pribatuan».

Santos Indurainek azaldu duenez, aste honetan bilera sektorialak egingo dira tokiko entitateekin festa hauen bueltako jarduerak kudeatzeko, «berme handienekin egiteko».

Ildo horretan, honako gomendio hau ematen zaie udalerriei: «Ez dezatela ekintza kolektiborik antolatu edo sustatu, ekintza horietan ezin badira segurtasunerako gutxieneko batzuk bermatu».

Kultura- eta kirol-arloarekin ere bilerak egingo dira, «konplizitatea lortu eta babes-neurriak indartzen saiatzeko».

Pasaportea erresidentzietan

Beste alde batetik, Osasun sailburuak adierazi du Eskubide Sozialen Departamentuak datorren astean arautuko duela herrialdeko zentro soziosanitarietan covid pasaportea ezartzea.

Horrek, halere, ez du kentzen «beste eremu batzuetara zabaltzea» aztertzeko.

Era berean, iragarri du laster web sistema bat jarriko dela martxan covid ziurtagiria deskargatu ahal izateko, aurrez aurre eskatzera joan beharrik ez izateko.