Amagoia Mujika Telleria - Maider Iantzi Goienetxe

Finalista beteranoak eta berriak Bilboko Miribillari neurria hartu eta errimak topatzeko

Batzuentzat zortzigarren, hamargarren finala. Tartean lauzpabost belaunaldi joaten eta etortzen ikusi dituzte. Beste batzuentzat lehenbiziko finala. Gehienentzat, gustura bururatuko luketen Bizkaiko txapela.

Zortzi finalistak, Miribilla kanpoaldean. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Zortzi finalistak, Miribilla kanpoaldean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

ONINTZA ENBEITA MAGUREGI

«Polita litzateke nik sinbolikoki utzitako txapel hori Nereak edo Jonek janztea»

Muxikan sortua, 1979. urtean. Zortzigarren finala du.

Etxahun eta zu, taldeko beteranoak.

Final gehien dituena izateak alde ona eta txarra dauzka. Alde txarra da guk asko daukagula galtzeko. Bai Etxahun eta bai ni txapeldun izandakoak gara eta sinbolikoki beti daukagu galtzeko zerbait. Gero praktikan seguruena ez, urte asko daramagu, jendeak ezagutzen du gure ibilbidea... Baina sinbolikoki guk jokoan jartzen duguna asko da eta presio hori hor dago. Ni justu aurreko txapelduna naiz eta foku hori hor dago.

Baina, beste alde batetik, txapelketaren parte bat psikologikoki jokatzen dela uste dut. Lortu behar duzu uneak ez zaitzala eraman, eutsi egin behar diozu, bertsoaldi bakoitza kontrolatu, azken bertsoa bota arte saioa ez dela amaitu ulertu. Erori gabe eusteko gaitasun hori urteek ematen dizute.

Nola kokatzen zara zortzikotean? Beteranoak ardura ere badauka.

Nik uste dut hori norberaren izateko modua ere badela eta nik nahi barik oilandaren papera hartzen dut, txita denak hegapera ekartzen ditut eta ez dadila inor sentitu isolatuta, bakarrik… egun ona ez duelako inor ez dadila hondoratu, finala denona da-eta. Badaukat nahi gabeko jarrera hori.

Azken txapela (2018) zuk daukazu. Zer eman dizu?

Niri 2018ko txapel horrek maitasunezko feedback handi bat eman zidan eta hori oso ederra da. 39 urte nituela irabazi nuen txapela eta jende askok helarazi zidan mezua izan zen ‘zenbat poztu garen zuk irabazi duzulako’. Niretzat oso gauza pozgarria izan zen. Badaukat ibilbide bat eta txapela horren guztiaren aitortza izan da, urte askotako lanaren emaitza.

Eta gero txapelak beti ematen du norbere buruarekiko berrespen bat. Bizitzako une askotan inpostorearen sindromeak jarraitzen zaitu atzetik. Baina 16 urtetatik plazan ari naiz eta banaiz bertsolaria, gai naiz edozein egoeratan bertsotan egiteko eta ondo gainera. Txapelak hori berrestea ekarri zuen. Bi gauzak ekarri zizkidan; poz kolektibo bat eta nire buruarekiko aitortza bat.

Pandemia giro honetan, nola iritsi zara prestakuntza aldetik txapelketara?

Nahi baino herrenago. Ez dira barne lanerako garaiak izan. Jendeak esaten zuen, ‘itxialdian landu bertsoak, irakurri, prestatu…’. Baina burua horretarako eduki behar da eta beste batzuek burua lanerako izan ez duten bezala, nik ere ez dut izan. Gero, emozionalki oso urte gorabeheratsua izan da niretzat. Baina, tira, ilusioz heltzen naiz eta indartsu sentitzen naiz, eusteko moduan, ez erortzeko moduan. Ez bertsotan edo teknikoki bakarrik, baita psikologikoki ere. Uste dut hori dela une honetan nik daukadan abantaila handiena, ariketa mental aldetik ondo sentitzen naizela.

Zer arrasto utzi nahi duzu Miribillan?

Nolabait sinbolizatu nahiko nuke bi belaunaldi gaudela kantuan, ikuspegi feminista batetik irudikatu nahiko nuke guk egin dugula bide bat eta orain, zorionez, bide horretan ideologikoki askoz jantziago eta lotsagabeago dagoela nesken belaunaldi bat, hori agertokian ikustea niretzat oso polita da. Eta, beste alde batetik, denon artean erakutsi beharko dugu bertsolaritza bizirik dagoen gauza bat dela eta mundu honetan oso gauza gutxiren moduan belaunaldi artekotasuna eta pertsonen aniztasuna oso ondo gurutzatzen diren esparrua dela. Niretzat munduko gauzarik politena izango litzateke nik sinbolikoki agertokian utzitako txapel hori Nereak edo Jonek janztea. Eta horrela irudikatzea belaunaldi aldaketa bat eta erakustea ez dela kasualitatea emakume batek irabaztea, erakustea hor gaudela, bide bat egin dugula, diskurtso koherente bat daukagula eta esateko asko daukagula. Hori ideala izango litzateke niretzat.

Nik zer utzi nahi nuke? Bertsolari distiratsu bat gutxienez eta ahal bada esan dudan horri lotutako mezu bat. Sinbolikoki errelebo aldaketa hori irudikatu nahiko nuke.

Zapatak aukeratuta?

Jende guztiak hori pentsatuko du, baina ez. Badakit jantzi berria eramango dudala, baina azken unera arte ez dut erabakiko. Beti eramaten dut behin oparitu zidaten amuleto bat, baina gehiago da oparitu zidanari ilusioa egitearren sinesmenagatik baino.

ETXAHUN LEKUE ETXEBARRIA

«Aurten inoiz baino gehiago kostatu zait txapelketara engantxatzea»

Larrabetzun jaioa 1979an. Hamargarren finala.

Finalean belaunaldi batzuk pasatzen ikusi dituzu.

Bai. Igor, Unai eta belaunaldi horrekin kantatzeko zortea izan nuen; gero gure belaunaldia; Jone, Miren eta horiek beste belaunaldi bat eta orain datorrena… bai, bai, hiru edo lau belaunaldi eta zortea izan dut denekin partekatu dudalako finala.

2002ko lehen final hartatik gaur arte, zure tokia aldatu da. Aurtengoan, beteranoa.

Bai, aurtengo finalean Onintza eta biok gara nagusienak eta ardurak aldatu egin dira. Baina nik pentsatzen dut asko aldatu zirela ardurak 2006an, Igor eta Unaik utzi zutenean. Horiek joan zirela-eta beldur moduko bat sentitu genuen, ‘egingo ote dugu guk horiek barik?’. Orduan ere zeozer egin genuen eta esan daiteke urtean-urtean ardura handixeagoa duzun sentsazioa sortzen dela. Baina azken urteotan taldetxo bat ere bagaude bospasei final partekatu ditugunak eta ardura hori banatuagoa dagoela uste dut.

Zer gustatuko litzaizuke egitea finalean?

Nik ez dut askorik gogoetatzen bertsokeraren inguruan. Gurako nuke, batez ere ofizioetan, ahal dela hankak lurrean osatu elkarrizketak, ahalik normalenak. Ahal den gehien entzun eta erantzun egitea. Ni ez naiz oso irudimentsua, ideia genialak dituena ez naiz, baina bai gustatuko litzaidake eguneroko lagunarteko elkarrizketa horiek bertsotara eramatea. Eguneroko elkarrizketa horietan altxor txiki asko topatzen dira, elkarrizketa sinple horietan entzuten dira askotan gauzarik politenak eta hori da nik egin gura nukeena.

Eskarmentua baduzu. Baina beti mugitzen al da zerbait finaleko oholtzara igotzean?

Aurrekoan Gorka Pagonabarragari aitortu nionez, lehen urduritasunak aste bi irauten zidan, gero lortu nuen egun bira ekartzea eta orain ordu bira ekartzea lortu dut; bazkalostetik saiora bitarteko urduritasun hori bai izaten dut, baina aurreko egunak nahiko trankil pasatzea lortzen dut. Eskarmentuarekin ikasten duzu finalari daukan garrantzia ematen. Final bat da, egun handi bat, garrantzitsua da baina egun bat da. Denok gura dugu ondo egin, perla batzuk utzi, baina lortzen ez bada ere mundua ez da hor amaitzen eta komeni da erlatibizatzea.

Hori da eskarmentuak ematen duena. Eta zerbait kentzen ote du?

Orain arte ez zait inoiz pasatu, nahiz eta final pila batean aritu. Baina aurten lehenengoz kostatu egin zait motibazioa topatzea, bai entrenatzen hasteko, prestatzeko… Zorionez doinu berri bat etorri zitzaidan horrela burura egun batean eta hor apur bat engantxatu nintzen txapelketara. Baina egia da aurten inoiz baino gehiago kostatu zaidala txapelketara engantxatzea. Eta badakit bertsolari gazte mordo bat sekulako ilusioarekin aritu direla txapelketa prestatzen. Bai, hori bai galtzen da apur bat.

Zortzi finalistei begira, itxura ederra dauka saioak.

Bai, zalantzarik gabe. Badago asentatu den jendea, akaso falta zaiona final distiratsu bat egitea da. Aspalditik esaten ari naiz Jone Uria dela txapelerako hautagai nagusienetariko bat. Nerea, Xabat, Bizkarra bera… asentatuta daude eta alde horretatik oso zortzikote orekatua da eta pronostikoak egiteko oso zaila. Edozein bi bertsolari pasatu daitezke buruz burukora.

Hori seinale ona da, ezta?

Bai, entzulearentzat gauza ona da, eta baita norberarentzat ere. Finean, buruz burukora joateko derrigortasuna sentitzea presio handia da. Ni zenbait buruz burutan aritua naiz baina badakit, saio on bat eginda ere, beste bi edo hiru bertsolari nire aurretik joan daitezkeela. Uste dut inork ez duela bere burua estutuko buruz burukora joateko. Saio on bat egiteko bai, baina denok gara kontziente saio on bat egiteak ez dizula ziurtatuko buruz burukoa.

Ez didazu esango, baina, txapelari begiratuko diozu?

Ez. Badator, pozik hartuko dut, baina ez da hori nire anbizioa. Badakit txapelketen nire zikloa amaierara iristen ari dela. Oraindino ez dut erabaki azkena izango den edo ez, baina badakit azkenetarikoa izango dela. Gurako nuke saio on bat egin eta datorrena datorrela. Igual beste urte batzuetan bai izan dut lehiatzeko grina gehiago –orduan ere ez nuke esango–, baina aurten ez. Saio on bat egitea da lehen helburua.

NEREA IBARZABAL SALEGI

«Aurten oso serio pentsatu dut txapelketa bat osasungarria ote den»

1994, Markina-Xemein. Hirugarren finala.

Larrabetzuko saioa irabazita iristen zara finalera. Garrantzitsua al da hori?

Bai, bada. Ez zen izan bereziki gozatu nuen saio bat. Azken finalerdiak beti dauka urduritasun gehiago, inbutua estuagoa dela sentitzen duzu eta nahiko urduri joan nintzen. Saioan ere ez nuen asko gozatu. Pozik amaitu nuen irabazi nuelako, baina nire buruari agindu nion finalera beste gorputzaldi batekin joan behar dudala.

Estu, finalean egon behar zenuelako bai ala bai.

Argi esanda, bai. Aurreko finalerdietan publikoan egon nintzen eta betiko mamuak hasi ziren esnatzen. Mamu horiekin igo nintzen oholtzara, baina pozten naiz urduritasuna eta mamuak kontrolatzen asmatu nuelako. Urteotan zerbait ikasi badut hori da; burua hotz eta eutsi, eutsi eta eutsi, amaierara arte ez baita ezer erabakitzen.

Zer dio mamuak?

Txapelketa bakoitzean gauza bat esaten du, txapelketa bakoitzak eskatzen dizuna desberdina delako eta mamua mutatzen joaten delako. Lehenengoetan, oraindik sorpresa zarenean, mamuak esaten dizu ‘edo oraintxe edo inoiz ez’. Bigarren txapelketan esaten dizu ‘lehenengoa kasualitatea ez zela izan frogatzeko bigarren honetan berretsi egin behar duzu’. Eta, hirugarrenean, dagoeneko ez da hainbeste zure ibilbidea zalantzan jartzen duzula, baina anbiziotik eutsi nahi diozu txapelketari. Eta mamuak esaten dizu ‘aaaa, baina berriak ere badatoz, igual ez duzu lortuko’.

2016an lehen finala. Orain, hirugarrena. Tartean hazi egin zara oholtza gainean.

Agian kanpotik garbiago ikusten da garapen hori. Baina egia da orain tenple gehiago dudala, saiatzen naizela nire burua hainbeste ez zigortzen… toki erosoago batean nagoela uste dut. Baina zaila egiten zait nire ibilbidea baloratzea.

Miribillako finalean, lanera.

Zalantzarik gabe. Aurten nahiko kostatu zait txapelketarako gorputzaldi horri neurria hartzea. Urte arraroa izan da, plazan gutxiago aritu gara, deserosotasun handia izan da kultur arloko langileentzat… txapelketaren hasieran banuen beldurra lanerako gorputzaldi hori lortuko ote nuen. Lortu dut, baina sekulako gogoa daukat finalera joan, egin eta amaitzeko. Uste dut asko behartu ditudala gorputza eta burua posible ez zela izango uste nuenean. Posible izaten ari da, baina prezio oso altuan. Egin dudan lan guztia erakutsi nahi dut, ondo ateratzen bada ondo eta bestela ere bai, atsedena hartzeko gogoa daukat.

Zuretzat zer izango da ondo ateratzea?

Benetan egin dudan lana eta azken urteotan plazan ikasi dudan dena –ikusten diren gauzak eta ikusten ez direnak– finalean bistaratzea nahi nuke. Egia da faktore askok eragiten dutela, baina gustatuko litzaidake ni plazan ezagutzen nauten moduan agertzea egun horretan. Horrekin pozik nengoke.

Nolakoa da zuretzat Miribilla?

Niretzat festa da, gala bat; horko iluntasuna eta fokuak, aulki berde horiek, kolorea, gozotasuna… niretzat zerbait zinematografikoa da Miribilla, jai bat. Lanerako gorputzaldia izan nahi dut, baina Miribilla den gailur hori disfrutatzeko tenplea ere izan nahi dut. Iruditzen zait uneoroko zalantza handia izango dela nork egingo duen aurrera, susmoa daukat oso irekia izango dela.

Eta txapeldun berria egon daiteke, Nafarroan bezala.

Nafarroakoa aipatu duzula, Saioa Alkaizarekin izugarri gozatu nuen eta etengabe pentsatzen nuen ‘hori da nik finalean izan nahi dudan gorputzaldia, begirada hori, argitasun hori… Nerea, ikasi hau’. Txundigarria iruditu zitzaidan egin zuena. Lehen ere miresten nuen Saioa, baina finalean izan zuen energia hori da nik izan nahi nukeena. Sekulakoa izan zen.

Bizkaiko zortzi finalistei begira, osagai ugari dauzka finalak.

Bai. Uste dut final ederra izango dela, oso irekia. Bi ahots berri izango dira eta hori beti da interesgarria. Ni ere gustura, lagunez inguratuta, eta arduraren pisua kenduta. Maila pertsonalean pena bat badaukat, Miren Amuriza eta Oihana Bartra kanpoan geratu direlako.

Nolakoak dira zuretzat finalaren aurreko egunak eta orduak?

Niretzat finalaren aurrekoak baino txarragoak izaten dira finalerdien aurrekoak. Finalean egotea dagoeneko bada lortutako helburu bat eta alde horretatik lasaixeago egoten naiz. Ni oso maniatika naiz. Abuztutik oso gaizki lo egiten ari naiz eta argaldu egin naiz. Jaten dut, baina txapelketak fisikoki asko eragiten dit, txarrerako. Aurten oso serio pentsatu dut ea txapelketa bat osasungarria ote den.

Ez da asko aipatzen txapelketa bat nolako ahalegin fisikoa den.

Bai, egia da. Pentsatu nahi dut badirela alderdi hori ondo kontrolatzen duten bertsolariak. Baina sekulako energia gastua da, ordu mordo bat entrenatzen, autoan atzera eta aurrera, lo eta jan gaizki egiten baduzu… eta horri guztiari oraingo egoera gehituko nioke: covidari beldurra. Bertso eskolan beldurrez, finalaren aurretik hamar egun etxetik atera gabe badaezpada, lagunekin eta familiarekin elkartu gabe… oso egoera gogorra da. Berez zaila da txapelketa eta egoera honetan, zailagoa.

GORKA PAGONABARRAGA AGORRIA

«Nahiz eta urduri egon, badakit hori nire alde ipintzen eta askotan kalte baino mesede egiten dit kontzentratzeko»

Durangon jaioa 2000. urtean. Lehendabiziko finala.

Finalista berria eta finalista gazteena.

Hori da, edo espero gabeko plana hurrengo asterako.

Hala izan da, espero gabekoa?

Gustura nenbilen bertsotan, oso motibatuta, baina finala urrun ikusten nuen oraindik. Bigarren txapelketa da niretzat. Aurrekoan final laurdenetan kantatu nuen eta bertan geratu nintzen, 2018an.

Hiru urte joan dira ordutik. Nola sentitu zara aurtengo txapelketan?

Gazteak garenok ez daramagu hainbeste urte bertsotan eta nik uste urterik urte landuz gero nahikotxo hobetzen dugula. Horren emaitza dela esango nuke.

Finalista berriaren zapatak. Zer zapata onak, ezta?

Esango nuke nahiko zapata erosoak direla, beste batzuen zapatek min handiagoa egingo dutela orpoan. Inongo presiorik gabe abestea zortea da, beti ez da zorte hori izaten eta aprobetxatu gura dut.

Gainera, normalean plazak asko mimatzen du finalista berria.

Bai, egia da. Ausartuko naiz gauzak egiten, arriskatu behar bada arriskatzen. Nik uste dut publikoak maitatu edo zainduko nauela behintzat Miribilla bezalako plaza handi batean. Horren dudarik ez daukat. Nik niretik ematen badut bueltan jasoko dudala uste dut.

Zerk ematen dizu bertigoa?

Pena handia emango lidake saioa amaitu eta ariketa bakar batean ez asmatu izanak, ez utzi izanak ezer politik, aukera hori ez aprobetxatu izanak. Ez zait hainbeste inporta batean ondo egin eta bestean poto egitea, baina ariketa denak pasatu eta inon ez gozatzeak mina emango lidake.

Nolakoa izaten ari da prestaketa?

Nahiko talde lana izaten ari da. Bi bertso eskolatan batzen ibili naiz, Abadiñon gehienbat Txaber Altube eta Aitor Bizkarragaz, elkarrekin ibili gara txapelketa prestatzen. Eta, horrez gain, Gasteizen ari naiz ikasten eta bertako kideekin ere batu izan naiz. Bai batean bai bestean elkar motibatzen aritzen gara, elkarri gauzak zuzentzen, proposamenak egiten… asko gozatzen dugu talde lan horretan.

Ariketaren bat bereziki lantzen ari al zara? Ahulguneren bat sumatzen diozu zure buruari? Edo horiek ez dira aitortzen?

Ez daukat nire ahulguneak aitortzeko arazorik. Txapelketa saioan ariketa denak lantzen ditugu, baina udazken honetan nik ardura berezia izan dut bakarkako lanekin. Orain arte inoiz ez dut jakin ariketa horretan nire onena ematen. Esango nuke apur bat ikasi dudala eta Etxebarriko saioan bakarkako txukun bat egitea lortu nuela. Pozik nago alde horretatik. Ea Miribillan ere hori egiten dudan.

Eta indargunea?

Inguruko jendeak beti esaten dit sekulako lasaitasuna transmititzen dudala oholtzan. Nahiz eta ni barrutik urduri egon, badakit urduritasun hori nire alde ipintzen, eta kalte baino askotan mesede egiten dit kontzentratzeko unean. Hori indargune bat dela esango nuke. Egia da, hala ere, inoiz ez dudala kantatu hainbeste jenderen aurrean eta orain arte nerbioak alde izan ditudan arren, batek daki zer pasatuko den Miribillan. Baina printzipioz beldur handirik ez dit ematen horrek.

Nola kokatzen zara zortzikotean?

Etxahunekin gertutasuna daukat eta Onintzarekin ere oso konfiantzan egoten naiz. Gainera, Aitor Bizkarra laguna dut. Uste dut oso babestuta sentituko naizela.

Eta, Miribilla, zer-nolako plaza iruditzen zaizu?

Hitz batean, handia, inoiz kantatu dudan plazarik handiena. Esaten didatenagatik oso gertu ikusten eta sentitzen da publikoa. Handitasunaz gain, gertutasuna ere badaukala esan didate eta badaukat plaza hori ezagutzeko gogoa.

Finalaren aurreko egunak antolatu egingo dituzu edo inprobisatu?

Bezperako afaria eta eguneko bazkaria antolatu egingo dugu. Menua ez, konpainia. Aitor Bizkarragaz seguru, biok batera joango garelako finalera, eta bertso eskola inguruko jendearekin. Jende gehiegi batu barik, trankil afaldu eta trankil bazkaltzeko moduko taldetxo bat, lauzpabost pertsonakoa.

Entrenatu ere bai?

Bezperan eta egunean bertan ez. Azken bertso eskola astean zehar egingo dugu.

Lo ondo egitea espero duzu?

Normalean jan eta lo ondo egiten dut. Etxebarriko saioaren bezperan ere ondo egin nuen, baina ondoren, egun pare batean, finalean nengoela jakin eta gero, kostatu egin zitzaidan. Finalaren bezperan ondo lo egitea espero dut, kirol apur bat egingo dut gorputza nekatzeko eta ez dut uste arazorik izatea lotarako. Egia da azken asteotan aztoratu samar nabilela, errutinan ezin sartu eta apur bat gogaikarri ingurukoekin. Gabonetan lasaitua hartuko dut.

JONE URIA ALBIZURI

«Zorionez, oraingoz bai txapelketetan eta bai plazan badaukat leku bat eta asko disfrutatzen dut»

1990ean Getxon jaioa, seigarren finala jokatuko du.

Nola sentitzen zara?

Eguna heldu arte ez da jakiten, baina Larrabetzutik oso sentsazio onekin atera nintzen. Plazan eta entrenamenduetan ere gustura nabil. Finalean azken egunetako gorputzaldia edukitzea lortzen badut pozik egongo naiz.

Txapelerako aukera burutan duzu?

Aukerak daudela honetan eta aurreko final dezentetan ikusi izan dut eta ikusten dut, gezurrik ez dut esango. Gauza asko gurutzatu eta alineatu behar dira txapela irabazteko. Orain arte ez da gertatu, baina beste batzuetan baino gutxiago preokupatzen nau.

Txapelketa honek lasaiago harrapatu zaitu?

2020ko urtarrilean pereza dezentekoa ematen zidan txapelketak, baina orain gogotsu nago. Gertatu diren denak gertatuta, pentsatzen duzu agian beste modu batean erlatibizatzen ikasiko dugula. Ez dakit pandemiak eragina den edo bestela ere banengoen beste fase batean.

Zer eragin izan du izurriteak zugan?

Itxialdian, online saio batzuk antolatu genituen. Gerora plazan bilakaera bat ikusi da eta arraro egiten zitzaizkigun gauzetara ohitzen joan gara. Niri entzuleak maskarekin ikustea baino gogorragoa egiten zitzaidan bakarrik ikustea, inorekin komentatzeko aukerarik gabe. Publikoa lehen baino beroago edo esker onekoago sumatu dut askotan. Guretzat desberdina izan den bezala bueltatzea –beste perspektiba batekin ikusten dira saioak eta entzulearekiko hartu-emana–, nik uste haientzat ere hala izan dela eta hori adierazten diogula elkarri.

Jendeak baldintza hauetan txapelketa egitea bera eskertu duela esango nuke.

Ni ere pozten naiz egin izanaz, uste dudalako bazela kolektiboki gogo hori.

Nola ikusten duzu finalista zortzikotea?

Polita da. Azken finalak parekideak izan dira, aurtengoa ez da hala izango eta horrek pena puntu bat ematen du, baina poztekoa da berriak sartu izana eta ikustea badagoela jende bat besteok jada beterano edo zahar egiten gaituena [irriz]. Emango dio aire fresko bat. Gainera, ofiziotan egiteko oso kide onak dira zazpiak.

Zein ariketarekin gelditu zara gusturen eta zer hobetu nahiko zenuke?

Hasieran puntu erantzunek beldurra ematen zidaten bezala orain lasaiago noa, zortziko txikian gehienetan asmatu izan dut baina azken finaletan ez eta badaukat arantza bat. Esango nuke egunaren arabera ariketa denetan asmatu izan duenetakoa naizela eta nahiko nukeena da egun batean denetan asmatzea.

Zerk engantxatzen zaitu bertsolaritzatik?

Neurri handi batean inguruan daukadan bertso eskolak, giroak eta kuadrillak. Segur aski plaza nitaz ahaztuko balitz eta txapelketan desastre egiten hasiko banintz ere bertan jarraituko nuke. Zorionez, oraingoz bai txapelketetan eta bai plazan badaukat leku bat eta asko disfrutatzen dut. Pandemiak bertso poteo eta afariak apur bat desagerrarazi ditu, baina azaroan zortea eduki dut hiru afari edukitzeko eta asko disfrutatzen da, bai.

AITOR BIZKARRA RUIZ

«Badago jolas bat zentzu komunaren mugan, engantxatzen nauena»

1996an jaiotako abadiñarrak bigarren finala du.

Nola zaude?

Gorputzaldi onarekin, finalerdietako saioaren aurreko astean izan nuena baino hobearekin. Hain zuzen, orduan presioa handiagoa zen, finalera iristea zelako helburua. Nahiz eta orain ere onena ematea den asmoa, ez dago jokoan ez dakit nora pasatzea.

2018an sartu zinen aurrenekoz finalean. Zer aldatu da zugan ordutik?

Ez dut hausnarketa hori egin. Baina esango nuke nagoela jada beterano bihurtzen ari direnak baino lasaixeago edo presio gutxixeagorekin eta sartu berri direnak baino esperientzia apur bat gehiagorekin. Puntu politean.

Zer iruditzen zaizu osatu den zortzikotea?

Ezustekoren bat edo beste izan da osaketan eta horrek adierazten du txapelketan ez dagoela aurretik ezer idatzia. Ez dizut ukatuko pena hartu nuenik adibidez Txaber Altube eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ ez zirelako pasatu eta Miren Amuriza ere atean geratu zelako, baina uste dut zortzikote freskoa, aurpegi berriduna eta zalearentzat erakargarria dela.

Galdakaon bigarren egin zenuen. Puntu aldetik ongi gelditu zinen baina nola sentitu zenuen zuk saioa?

Saioari aurre egin nion ederki sufrituta. Lehenengo ofizioa estropezuka hasi nuen, trabatu egiten nintzen, bertsoak etortzen zitzaizkidan baina ez nintzen gai botatzeko, hain nengoen urduri. Eseri nintzen esanez ‘Aitor, aurre egin behar diozu honi’. Harro eta pozik nago batez ere nire buruarekin egin nuen bataila psikologikoarengatik. Gero entzun dut zerbait saiokoa, jendeak ere esan dit ondo jardun nuela. Bai, iruditzen zait ondo ibili nintzela gaiei ertzak bilatzen, bertsoa ondo josten, baina ez beste batzuetan ohi dudan solturaz. Oso lotua ibili nintzen tentsioa muturrean neukalako. Iruditzen zait alde daukadana dela orain finalera ez noala gorputzaldi horrekin.

Zeri egozten diozu muturreko tentsio hori?

Alde batetik, aurreko txapelketako marka berdintzea zen helburua, finalera pasatuz. Bestalde, 2018an sartu nintzen lehendabizikoz finalera, 2019an gozatu ahal izan nuen apur bat horrek utzitako hondarra, baina pandemia iritsi zen eta bi urte pasatu ditugu ezin plazan normal jardun, ezin bertsotara nahi genukeen beste egon. Plazara hainbeste denbora eta gero jauzi bat egiteak ere bazekarren tentsio gehigarria.

Oro har plazak berreskuratzeko ilusioa izango duzue bertsolariok.

Bertso mugimendu osoak daukan helburua dela esango nuke. Hainbat bertso saio eta formatu geratu dira bidean, ezin egin, eta formatu zehatz bateko saioak mantendu dira. Bai zalegoaren bai bertsolarion artean sumatzen dut badagoela askotariko saio horietara itzultzeko gogo bat, ez bakarrik saio motei dagokienez, baita kopuruari dagokionez ere.

Zure kasuan zer gustatzen zaizu bertsolaritzatik?

Ez dakit. Ez honen inguruan hausnartu ez dudalako. Zalantzak dauzkat. Batzuetan iruditzen zait engantxatzen nauen hori bera dela gutxien gustatzen zaidana bertsolaritzatik. Iruditzen zait bertsolaritzak badaukala egiturazko ahulgune bat: bertsolaria lotua dago zentzu komunari abestera, hain zuzen ere bertsozaleari abesten diolako. Badago jolas interesgarri bat zentzu komunarentzat erabat onargarria ez den baina egoki abestuz gero onar daitekeen muga horretan. Zentzu komunaren mugak modu nabarian hausten badituzu bertsozaleak ez du erantzuten nahiko zenukeen gisara, baina bertsozaleak nahiko zenukeen gisara erantzun dezan akaso esan behar dituzu nahi ez dituzun gauzak. Hor muga bat dago oso polita dena, iruditzen zait zentzu honetan bertsolaritzak ahulgunea eta indargunea elkarrengandik oso gertu dauzkala, eta hori da beharbada engantxatzen nauena.

Finalaurrekoko agurrean abestu zenuen ustekabekoak gerta daitezkeela. Nolako finala irudikatzen duzu?

[Barre egiten du] Ez dakit, ez dakit. Ni ez naiz igarlea eta ez dut irudikatu nahi gerta daitekeena, nahiago dut hara joan eta unean bertan jakitea zer ari den gertatzen. Ustekabekoena esan nuen txapelketak berak finala baino lehenago adierazten duelako ustekabekoak gerta daitezkeela, ez nuen iradoki nahi hortik aurrera beste ezer. Nabarmena da denok joango garela gure onena ematera eta horrek berak eragin dezake saio gozagarria izatea eta ustekabeak egotea.

Nola pasatu nahi dituzu Miribillako jai handiaren aurreko egunak?

Libre dauzkadan tarteetan saiatuko naiz paseatzen, lehenengo agurra pentsatzen eta burua pixka bat haizeztatzen. Eta finalerdietako aurreko astean baino gehiago lo egiten eta jaten. Finalerdietako aste hartan ez nuen apenas deusik jan eta apenas lorik egin. Orduan espero dut oraingoan behintzat alde horretatik hornituta joatea, eta gero gerokoak. Tentsioa bai, ilusioa daukadalako eta horrek tentsio puntua ematen didalako, baina ez dut gehiegizko loturarekin joan nahi.

XABAT GALLETEBEITIA ABAROA

«Ahalegin berezia egin dut, batez ere edukian, eta hori erakutsi nahi dut»

1986an Lekeition jaioa, laugarren finala izango du.

Nola harrapatu zaitu finalak?

Momentu berezi batean. Pandemia dela-eta, txapelketa hau aurreikusitakoa baino urtebete geroago dator eta denbora tarte honetan bertsolaritza bizitzeko eta bertsolari sentitzeko daukadan moduan gorabehera asko eduki ditut. Txapelketa inoiz baino zalantza eta kezka gehiago eduki ditudan unean etorri da, bertsolari modura ere neure burua inoizko deskokatuen eduki dudanean. Asko igarri dut pandemiaren eragina urtean edukitzen ditudan bertso plazei dagokienez, eta bertsotan aritzeko aukera gutxiago edukitzeak eraman izan ninduen sasoi batean ahaztera zer zen oholtza batean egotea, jendearen aurrean inprobisatzea. Lehen barneratutako ohitura edo sentsazio asko galdu genituen praktika faltagatik. Eta berriro ikasi behar izan nuen apur bat neure burua zelan kokatzen den egoera horretan.

Bat-batean egin duzu txapelketara salto edo pixkanaka joan zara oholtzarako bidea egiten?

Bietatik eduki du. Txapelketa arinago edo geroago egingo zela jakitea mentalki aktibo egoteko motibo bat zen. Horrek txapelketa emergentziazko lurreratze bat ez izateko prestatu nau.

Kideekin entrenatu zara?

Duela pare bat txapelketatik Lekeition batzen gara Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Ander Elortegi eta neu. Konfiantzazko burbuila bat eratu dugu eta horri esker ere lurreratu ahal izan gara ahalik eta normalen.

Burbuilako hiru kide pasatu zarete finalera.

Laurok egon gara finalerdietan, eta bizi izan ditugu elkarren saioak norbere saioaren besteko presioarekin edo gehiagorekin eta elkarren amildegi ertzak norberarenak izango baziren modura. Bide honetan lautik hiru azkenera arte heldu izanak erakusten du marko horrek zenbat balio digun guri. Poz indibidualak konpartitzen baditugu poza bera ere biderkatu egiten da.

Nola joan zen Galdakaoko saioa?

Nahiko gustura geratu nintzen, emaitzagatik eta batez ere emaitza hori lortzeko bizi izan nuen guztiagatik. Ahalegin askoren ondoren iruditzen zitzaidan ondo heltzen nintzela, baina ikaraz nengoen ea nola erreakzionatuko nuen oholtzan eta egindako lan hori erakusteko gai izango ote nintzen. Nik uste finalerdirik beroena izan dela zentzu guztietan. Lortu genuen talde giro horrek eraman gaitu bertako lau kide finalera eta bosgarrena ere, Oihana Bartra, mugan geratzera. Nahiko eroso sentitu nintzen, babestua oholtzakideen aldetik. Neuk ere ahalegin berezia egin nuen besteak babesten. Ofizioetan disfrutatu nuen gehien. Emaitzarekin pozik nago lortu nuelako egindako lana zati batean erakustea eta disfrutatzea. Bakarkakoan ezin izan nuen nahi nuena egin lehenengo bertsoa kantatzen ari nintzela gizon bat lurrera jauzi zelako hirugarren lerroan. Besterik gabe, aulkia apurtu zitzaion, baina osasun langileak sartu ziren eta nik kantatzen segitu behar izan nuen. Kapaz izan nintzen burua hotz mantendu nuelako baina egoera delikatua izan zen.

Finalaurrekoaren ostean lasaitua hartuko zenuen.

Bai, jada bertan oholtzan ikusi nuenean zelan sentitzen nintzen lasaitu handia hartu nuen. Gerora ere askoz lasaiago igartzen naiz gorputzaldiz eta finalera begira lasaitasun handiagoarekin noa.

Txapelerako motibazio berezirik baduzu? Kasik ukitu zenuen behin.

Balio handia ematen diot berriro final batean egoteari, ikusi delako zer erraza den kanpoan geratzea eta pandemia betean jokatzen den txapelketa bat delako. Horrek lasaitasuna ematen dit sentitzen dudalako inoiz baino gutxiago daukadala galtzeko eta inoiz baino gehiago irabazteko. Egiten dudan dena zer edo zer irabazteko izango da. Pandemiak ahalegin berezia eskatu dit, batez ere edukian, gai bakoitzaz esateko zer daukadan galdetu dut asko eta hori erakusten saiatuko naiz.

Finala nahiko irekia dago.

Ez dut sekula sentitu izan aurten besteko irekia. Ikusten dut edonork irabazi ahal duela eta edonor horietako bat neu izan ahal naizela. Horrek lasaitu eta motibatzen nau. Ez zaizkit okurritzen bizitzan leku asko zeinetan parte hartzen duten denek duten sari bera irabazteko aukera.

 

AITOR ETXEBARRIAZARRAGA GABIOLA

«Inpostorearen sindromea eduki izan dut eta txapelketa honek balioan jarri du banaizela gai»

1993an jaio zen Gernika-Lumon. Pagonabarragarekin batera finalista berria da.

Nola sentitzen zara?

Gogotsu finala heltzeko, baina ez pasatzeko. Bai aurreko egun hauek eta bai finalaren eguna kontzienteki gozatu nahiko nituzke. Aurreko orduak, saioan bertan ariketaz ariketa, atzean nagoela besteak abesten ari direla... Lortzen badut ederra izango da.

Ilusio handia duzu, baina finalera pasatzea ez zen zure helburuetan sartzen.

22 urterekin hasi nintzen bertsotan. Ez dut inongo formakuntzarik eduki, ez gazte sariketarik, eta lehenengo txapelketa izan da benetan kontzienteki prestatu dudana. Inongo helbururik markatu barik, baina inongo mugarik ere jarri barik joan naiz etorri ahala fasez fase nire burua prestatzen eta estutzen, eta honaino ailegatu gara. Finalera ere muga barik nire kantaera eta diskurtsoa datozen gaietara moldatzeko eta ahalik eta gehien gozatzeko helburuarekin noa.

Zure burua bertsolari gisa onartu duzu.

Zaletasunetik hasi nintzen bertsotan, kuadrillako bati jarraika. Ordutik beti eduki dut inpostorearen sindromea. Inoiz ez dut nire lehentasunetan jarri bertsolaritza eta hori eta bueltan jasotako erantzuna eta plazetako aukera kontuan hartuta beti kostatu izan zait bertsolari etiketa nire buruarengan jartzea. Txapelketa honek balioan jarri du banaizela gai bertsotan egiteko. Orain arte plazetan-eta funtzionatu izan dut eta kanonikoagoa edo normatiboagoa izan ahal den formatu honetan ere lekua daukadala eta gai naizela ikusi dut. Ilusio handia egiten dit horrek.

Hasiera-hasierako fasean hasi zinen kantari.

Udaberriko fasean, 2020an, Busturiko saioan. Irabaztea lortu nuen, nahiko sentsazio onekin, eta txapelketara sailkatu nintzen. Urte eta pikuko ibilbidea izaten dabil. Oso polita, aldi berean luzea. Gero, Mungian lortu genuen sei bertsolariok talde sano eta lagunarteko bat sortzea eta bereziki gozatu nuen. Aurretik arratsalde-pasa batean gelditu ginen, bertsotan egin genuen elkarrekin, eta txapelketaren arroztasun hori apur bat arindu eta benetan zeozer polit eta berezi bihurtu genuen Mungiako egun hori. Galdakaon txapelketaren seriotasun hori bizi izan nuen gertutik, ordura arte sekula bizi izan ez nuena. Saio jendetsua, jendea helburu irmoekin... eta tentsio horretan ere gustura sentitu nintzen. Kirolean frogan askotan jarritakoa naiz [futbolaria da] eta ez naiz guztiz arrotz sentitzen lehiakortasun horretan. Galdakaon Mungian baino saio borobilago bat egitea lortu nuen. Orekatsuago egotea ofizio guztietan.

Ez dut inoiz eduki nire burua puntu erantzunetan aditu modura eta izango da entrenatzen ibili naizen jendea horretan ona delako eta pegatu egin zaidalako, baina bai Mungian bai Galdakaon erantzun borobilak ematea lortu nuen. Doinu eta neurri libreko bertsoei dagokienez, irakaslea naiz eta garbitzaileen eta irakasleon arteko harreman hotz hori buruan bueltaka eduki nuen. Gaiak aukera eman zidan hori plazaratzeko eta gustura gelditu nintzen.

Nola eragin dizu izurriteak?

Pandemiak ekarri digun barrurakortasun horretan, etxeratu gintuen, sozializatzea murriztu digu, bertsolaritzak behintzat bertsolarioi aukera ematen digu jendearengana heltzeko, kalean momentu askotan egin ezin izan dugun hori egin ahal izateko. Ematen zuen Miribillako jendetza horretara ez ginela inoiz helduko. Niri bereziki ilusio handia egiten dit oholtzatik hori bizi ahal izateak, bertsolari modura lehenengoz joango naizelako eta pandemia ostean elkartu ahal izango garelako bertsozale denok halako jai batez gozatzeko. Ilusio handi-handia egiten dit Onintza Enbeitarekin oholtza partekatzeak ere. Jende gutxik daki baina bigarren lehengusuak gara. Gure amumak ahizpak ziren.