NAIZ

Zaleei eskaintzeko garaipen lasaia lortu du Bilbao Basketek Gran Canariaren aurka (95-80)

Bilbotarrek momentu oro dominatu dute partida. 30 puntugatik ere irabazten joan dira bere aurkariak markagailua txukundu ahal izan duen arte.

Angel Delgadok 14 puntu, 12 errebote eta asistentzia bat lortu ditu gaurkoan. (LIGA ACB)
Angel Delgadok 14 puntu, 12 errebote eta asistentzia bat lortu ditu gaurkoan. (LIGA ACB)

Behar zuen Surne Bilbao Basketek honelako garaipena lasaia. Gran Canaria ez zirudien horretarako aurkari aproposa, jakinda gainera Alex Mumbruk zituen baja garrantzitsuak. Baina bilbotarrek talde sendoa osatu dute igande honetan Miribillan eta errazegi gailendu zaio talde kanarirrari (95-80). Pentsa, 12 minuturen faltan, 76-46 irabazten joan dira.

Jarraian lortzen duen bosgarren garaipen bikain honetan aipatu behar dira Angel Delgado (14 puntu, 12 errebote eta 19ko balorazioa), Rafa Luz (5 errebote, 7 asistentzia eta 17ko balorazioa), erreaktibatutako Andrew Goudelock (15 eta 21), Alex Reyes (14 eta 16) eta Valentin Bigote (16).

Rafa Luzen intentsitateak –hirugarren txapela lortu du azken bi partidetan– lehen aldeak lortu ditu bilbotarrrentzat (5-0 eta 7-4). Egia da Slaughterrek zazpina berdintzea lortu duela, baina Bilbao Basketek 13 puntuko aldera ihesi egin du lehen laurdenean, nahiz eta azkenean 24-13 amaitu.

Bizkaitarren nagusitasun honek bigarren laurdenean jarraitu du. Gainera, Rafa Luzi beste jokalari batzuk gehitu zaizkio erasoaj, hala nola Reyes, Goudelock eta, batez ere, Inglis eta Delgado.

Barne jokoko bikoteak kanariarren zonan min handia egin du eta markagailuan alde nabarmenak lortu dituzte  (28-13, 31-15, 36-19). Atsedenaldira 55-33ko emaitzarekin joan dira.

Aldageletatik bueltan gauzak ez dira asko aldatu Bilbao Basketen intereserako. Are gehiago, aldea handitzen joan da, eta 30 puntuko aldea izatera ere iritsi dira bilbotarrak hirugarren laurdena amaitzeko bi minuturen faltan (76-46).

Inglisek bi teknika jaso eta deskalifikazioa ikusi du, eta orduan iritsi da, nolabait esatearren, etxekoen erlaxazioa. Kanpokoek, gainera, porrota oso gertu zutela ikusita, Kramer, Khalifa Diop edota Salvo bezalako jokalaria agertu dira markagailua pixka bat txukuntzeko.

Alex Mumbruk kanariarren suspertzea moztu du hutsarte batekin (92-71). Horitxoak 93-79 ere ipini dira, baina azkenean markagailuak 95-80ko emaitza utzi du.

Mumbruren hitzetan, garaipen «oso garrantzitsua» lortu du bere taldeak igande honetan, bai sailkapen aldetik eta baita zaleei eskaintzeko ere. Izan ere, 7.000 jarraitzaile baino gehiago gerturatu dira Miribillara partida ikusteko.

«Garrantzitsua zen jende asko zegoelako, hasieratik konektatu dira eta garaipen batekin borobiltzea hobeto da», azpimarratu du prestatzaileak, zeinek «lehen 36 minutuetan» lortutako defentsa gakoa izan zen aitortu duen.

«Hasiera oso ona izan da, defentsan oso jarrera ona izan dugu eta tiro irekiak lortu ditugu. Aurkaria 13 puntutan uztea defentsatik handitzea ekarri digu, eta ondoren, momentu zail batean eta Inglisen deskalifikazioa ostean, erritmoa berreskuratu dugu, nahiz eta zonaldea zertxobait ataskatu zaigun», onartu du.

PARTIDAKO FITXA:

95 - Surne Bilbao Basket (24+31+23+17): Rafa Luz (6), Goudelock (15), Bigote (16), Masiulis (9) eta Delgado (14) -hasierako boskotea-; Peno (6), Hakanson (9), Reyes (14), Inglis (2), Withey (4) eta Basterretxea.

80 - Gran Canaria (13+20+16+31): Slaughter (15), Ennis (18), Salvo (5), Shurna (20) y Stevic (2) -hasierako boskotea-; Sergi Garcia (2), Kramer (9), Brussino, Ilimane Diop (2), Khalifa Diop (7) eta Javier Lopez.

Partzialak: 24-13, 55-33 (atsedenaldia); 78-49 eta 95-80 (amaiera).

Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Jorge Martínez, Carlos Merino. Inglis (m.23) deskalifikatu egin dute, bi teknikengatik; eta Khalifa Diop (m.34) kanporatu dute faltengatik.

Gertakariak: ACB Ligako 14. jardunaldiko partida honetan 7.128 zale egon dira Miribillako harmailetan. Minutu bateko ixilunea egin da Jose Maria Rojo Euskadiko Saskibaloi Federazioko sortzaile eta Espainiako Federazioko lehendakari ordea izandakoaren heriotzagatik. Partidaren atsedenaldian peluxe ugariren jaurtiketa egin da, Bizkaiko Gurutze Gorriak abian duen “Bere eskubideak jokoan” kanpainaren barruan.