Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Antton Troitiño azkena izateko, larriki gaixo diren presoak kalera ateratzeko eskatu dute

Antton Troitiñoren heriotza euskal presoek pairatzen duten sistema ankerraren islada dela nabarmendu dute senideek, Sarek eta Etxeratek. Troitiño azkena izan dadin gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoak lehenbailehen kalean izan behar direla exijitu dute.

Antton Troitiño azkena izan dadin eskatzeko manifestazioa Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Antton Troitiño azkena izan dadin eskatzeko manifestazioa Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Antton Troitiño Intxaurrondoko preso ohiaren heriotzak espetxe sistema ankerra dela eta preso gaixoak ahalik eta lasterren kaleratzeko beharra islatzen duela nabarmen dute gaur Donostian presoaren senideek, Sarek eta Etxeratek egin duten agerraldian.

Trotiñoren familiaren ordezkari Irati Aranzabalek 64 urteko pertsona «alaia, ausarta eta konprometitua» zela gogoratu du. «Hala ere, errepresioak eta espetxeak, hainbeste denbora etxetik kanpo eta bizi baldintza oso txarretan, bere gaixotasuna elikatzen lagundu dute eta narriadura gupidagabea izan da. Denbora gutxian joan zaigu», azaldu du.

«Sistema anker baten ondorioz hil da», gaineratu du Aranzabalek. Horren adibide gisa Logroñon preso duen Jon ilobari agun esaten ere ez diotela utzi aipatu du.

Troitiño familiaren ordezkari Irati Aranzabal (erdian), alboetan Xochtil Karasatorre (Sare) eta Patricia Velez (Etxerat) dituelarik. (Gorka RUBIO/FOKU)

Antton Troitiño 28 urtez preso egon dela gogoratu du. Lehenik 24 urtez egon zen giltzapean eta zigor osoa bete ondoren Huelvako espetxea utzi zuen 2011 urtean. «Ondoren, kanpaina politiko-mediatiko izugarria egin zioten, eraso horrek senideei ere eragin zigularik izugarri», salatu du. Horren ondorioz, berriz atxilotu zuten Londresen eta 2017an Estatu espainolera bidali zuten. Beste sei urteko espetxealdia ezarri zioten dagoeneko osasun egoera txarrean zen Troitiñori. 2021eko otsailean atera zen Estremeratik gaixotasun larria zuelako. Abenduan hil da, hamar hilabete beranduago. Heriotza izan denetik jaso dituzten babes eta maitasun adierazpenak eskertu ditu Aranzabalek eta Onkologikoan jaso duten tratamendua nabarmendu du.

«Espetxeak gaixotasuna larritu du»

Etxerat eta Sareren izenean, Patricia Velez eta Xochtil Karasatorrek gogoratu dutenez, Troitiño Estremeratik atera baino hamar egun lehenago kimioterapia tratamendu aringarria uzteko erabakia hartu zuen, espetxeko baldintzak ez zirelako egokiak.

«Fisikoki hondatuta egon arren, espetxeko asistentzia ezak eta baldintza txarrek larriagotutako gaixotasunak zituzten beste euskal presoen kasuan bezala, Antton Troitiño baldintzapeko askastasunean uzteko erabakia atzeratu egin zen, egoera atzeraezina izan zen arte, sufrimendua eta etsipena areagotuz. Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirintoaren biktima izanik, administrazioak epeak agortu zituen emandako autoak irmo deklaratu arte, espetxetik irteten utzi arte», adierazi dute.

Velez eta Karasatorrek gogoratu dutenez, 2020ko urrian Asier Aginako Durangoko preso ohia hil zen, 2019ko urtarrilean espetxe zigorra eten ziotelarik pairatzen zuen gaixotasun larriarengatik. 2019ko urtarrilean eta urte horretako urrian Oier Gomez eta Jose Angel Ochoa de Eribe preso arabarrak ere hil ziren, kartzelan izandako gaixotasun larrien ondorioz. Ochoa de Eriberen kasuan hil baino lau hilabete lehenago atera zuten espetxetik.

«Ez gara nekatuko gaixo dagoena behar bezala tratatu eta gaixotasuna sendatzeko azken lekua espetxea dela behin eta berriz errepikatzeaz eta euskal presoen kasuan, gainera, kondena luzeak eta baldintza gogorrak jasan beharko dituzte. Onartezina eta ankerra da presoaren osasun kritikoa espetxean egotea atzeratzen duen labirinto juridikoaren aurretik ez jartzea», salatu dute.

«Gaixotasun larriak dituzten presoak lehenbailehen atera beharko dira espetxetik, ahalik eta lasterren artatzeko, duintasunez eta haien gertukoen babesarekin», aldarrikatu dute.

Antton Troitiñoren kasuan euskal presoei aplikatu zaien salbuespeneko espetxe politikaren krudelatasuna agerian gelditu dela gaineratu dute, egun 20 euskal presok gaixotasun larriak dituztela gogoratu ondoren. «Berehala irten beharko dute espetxetik», exijitu dute.

«Euskal presoen senide garen aldetik, gure sufrimenduari eusten dion mendeku irizpideei lotutako egoerarekin eskatu besterik ezin dugu egin. Euskal preso askok aske irteteko baldintzak betetzen dituzte. Errespetatu haien eskubideak eta ez oztopatu gehiago bide hori», eskatu dute.

Igandean Intxaurrondon Troitiñoren oroimenez eta presoen eskubideak errespetatzeko elkarretaratzea egin zutela gogoratu ondoren, astelehen honetan manifestazioa egin dute, Antton Troitiño azkena izan dadila eskatzeko.