NAIZ

Lucia Martinez Odriozola, 'Berria' eta 'Pikara Magazine' dira 2021eko Emakunde saridunak

Aurten zendu den Lucia Martinez Odriozola kazetari eta irakasleak, berak sortu zuen ‘Pikara Magazine’ aldizkariak eta ‘Berria’ egunkariak irabazi dute Emakunde Sariaren 2021eko edizioa.

Emakunde Sariaren sari banaketa ekitaldia, Euskalduna Jauregian.
Emakunde Sariaren sari banaketa ekitaldia, Euskalduna Jauregian. (IREKIA)

Lucia Martinez Odriozola EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakasle eta kazetari izan zena, 'Berria' egunkaria eta 'Pikara Magazine' aldizkaria dira Emakunde Sariaren 2021eko sarituak, «emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako kazetaritza egiteagatik».

 

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak jakinarazi duenez, epaimahaiak saria eman die «genero ikuspegia presente duten kazetaritza prestakuntza eta haren aplikazio praktikoa egiten duten hiru figura ezberdinei». «Ezinbestekoa den genero ikuspegia txertatua duen formakuntzatik, aplikazio praktikora dagoen bidea saritu da», gaineratu du.

Epaimahaiak aitorpen publikoa egin nahi izan die egunero berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten komunikazioko profesionalei eta ikuspegi feminista eta genero ikuspegia txertatzen duen kalitatezko kazetaritza sustatzen lan egiten duten hedabide guztiei.

Bereziki, aurten zendu den Lucía Martínez Odriozolak arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako «ekarpen aitzindari eta erreferentziala» nabarmendu du epaimahaiak, baita kazetaritza orokorrari eta kazetaritza espezializatuari egindako ekarpena ere.

EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Genero ikuspegia duen Kazetarien Euskal sarearen sustatzailea eta 'Pikara Magazine' aldizkariaren sortzailea izan zen.

Gainera, epaimahaiak nabarmendu du Emakundeko Begira publizitate eta komunikazio ez sexistarako aholku batzordeko kidea izan zela 2013tik, eta bere trebetasuna eta ezagutza eskaini zituela bertan hil zen arte.

Bestalde, epaimahaiaren arabera, 'Pikara Magazine' aldizkari feminista «erreferentziazko gune» bihurtu da giza eskubideekiko konpromisoagatik, batez ere berdintasunarekikoagatik, emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekiko konpromisoagatik eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko trebetasunak hobetzeko eta sare sozialen erabilera deskubritzeko eskaintzen dituen aukerengatik.

‘Berria’ri, konpromisoarengatik

Azkenik, 'Berria' egunkariak berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu du epaimahaiak, genero ikuspegia erredakzio lanean eguneroko praktika gisa txertatzen duen kalitatezko informazioaren bidez.

Bereziki nabarmendu dute indarkeria matxisten tratamenduari egiten dioten ekarpena. Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu du eta Begira komunikazio eta publizitate ez sexisten kode deontologikoaren sareko kidea da, baita BAI Sarekoa ere, biak Emakundek sustatuak.

Ildo horretan, epaimahaiak nabarmendu du jardunbide egoki horiek guztiak erreferentzialak direla orotariko gainerako komunikabideentzat.

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoak aitortzea. Sariaren diru kopuru gordina 14.400 eurokoa da. Kasu honetan, hiru irabazleen artean banatuko da.