NAIZ

Presoen osasuna bermatu eta kartzelari alternatibak emateko «ausardia» eskatu du Etxeratek

Covid-19aren goraldi berriak, Etxeraten aburuz, «agerian uzten du berriz ere presoek eta haien inguruneak pairatzen duten errealitate zaila». Egoera honen aurrean «ausardia» eskatu dute.

Basauriko espetxe aurrean eginiko elkarretaratze bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Basauriko espetxe aurrean eginiko elkarretaratze bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ohar baten bitartez, pandemiaren gorakada berriak eta hari aurre egiteko iragarri diren neurriek espetxeetan izan duten eraginaz mintzatu da Etxerat, zehazki, presondegietara sartu ahal izateko covid ziurtagiriaren eskakizunaz.

«Senide batzuek egun hauetan adierazi duten bezala, covid pasaportea edo covid pasaporterik ez, espetxeak itxita daude berriro, hori da benetako arazoa eta hori oso nekagarria da», adierazi du elkarteak.

Espetxeetara sartzeko baldintza berri horretatik haratago, Etxeratek azpimarratu du kartzelan pandemiaren «benetako arazoa» pandemiaren kudeaketa da eta gaineratu du horrek eragina duela presoen eta haien ingurunearen eskubideen urraketan. Egoera honen aurrean neurriak hartu beharra dagoela aldarrikatu dute.

Lehentasuna

Ildo horretan, «lehentasun gisa» planteatu dute presoen osasun-baldintzak hobetzea, «ez bakarrik covid-19ari dagokionez, baita osasunaren eremu guztietan ere».

«Berriro diogu premiazkoa dela komunikazioak berme osoz antolatzea, espetxeetako benetako baldintzetan oinarrituta; izan ere, espetxe batzuetan ez dago espazio nahikorik benetako koarentenei aurre egiteko; antigenoen miaketa masiboak proposatzen ditugu gaixotasuna garaiz detektatzeko; baita kontrolerako eskumuturreko telematikoak», dio Etxeratek.

Horrekin batera, uste dute «ausardiaz» planteatu behar zaizkiola alternatibak espetxeari «askatasunaren ikuspegitik, hirugarren graduak». Izan ere, gogoratu dutenez, «euskal preso politiko gehienek betetzen dituztela kalean egoteko baldintzak».

Neurri desberdinak espetxe bakoitzean

Oharrean, euskal presoek espetxe desberdinetan bizi dituzten egoerak laburbildu ditu Etxeratek. 

Hala, gogoratu du Lakuaren aginduz covid ziurtagiria derrigorrezkoa dela, gutxienez urtarrilaren 31ra arte, Basauri, Martutene eta Zaballako espetxeetan sartu ahal izateko. Bestalde, Martuteneko espetxeko bisak bertan behera geratu dira, Zaballan bezala. Basaurin bizikidetza bisak ez dira errekuperatu, baina mantentzen dira besteak: lokutorioetan, hiruretan, komunika daiteke. Iruñean ere bisitak lokutorioan bakarrik egin daitezke, bisa familiarrak eta intimoak bertan behera geratu baitira.

Espetxe Erakundeen Idazkaritzaren arabera, baimenduta jarraitzen dute Zuera eta Darocako espetxeetan lokutorioan egiten diren bisitek, hala nola bisak, familiakoek eta bizikidetzakoek. Senideek jakin ahal izan dutenez, Zueran covid pasaportea eskatuko dutela azaldu du Etxeratek. 

Logroñon ere eskatzen da ziurtagiria, non presoak bisak jaso eta 5 egunez konfinatzen dituzten. Abenduaren 22tik aurrera eten egingo dira bertan familia eta bizikidetza bisak.

Halaber, Burgosen, Dueñasen eta Sorian bisak bertan behera geratu dira, beti ere, argitzen du Etxeratek Espetxe Zuzendaritzaren arabera, oraingoz Leonen eta El Dueson mantentzen dira. Topaseko eta Aranjuezeko bizikidetza bisak eten egin dira. Villabonan bi pertsona sar daitezke mintzalekuetara eta bisak eten bertan behera utzi dituzte.