«Presoek euskara ikasteko egungo eredu hau ez da egokiena»

Oztopoak oztopo, euskara irakasle boluntario talde batek lau urte daramatza euskal presoei euskara klaseak eskaintzen. Ibon Muñoa preso ohiak, ikasle izandakoaren ikuspegitik, eta Xiberu Etxebarria irakasleak egitasmoa xehatu dute eta esperientziaren berri eman.

Ibon Muñoa preso ohia. (Endika PORTILLO/FOKU)
Ibon Muñoa preso ohia. (Endika PORTILLO/FOKU)

Duela lau urte, euskal presoek euskara ikasteko dituzten traben jakitun, irakasle boluntario talde batek hainbat presori euskara irakasteko lana bere gain hartu zuen; era ez-ofizialean eta espetxeek zein Administrazioak jarritako oztopoak tarteko.

Isilean aritu dira urteotan, baina, abenduaren hasieran egindako prentsaurreko baten bitartez, egitasmoaren berri eman zuten eta, bide batez, dituzten oztopoak salatu eta haien aldarrikapenak luzatu zizkieten administrazio publikoei. Ibon Muñoa preso ohiak eta Xiberu Etxebarria irakasleak esperientziaren eta bere xehetasunen berri eman diete NAIZi.

Espetxe barruan sortu zen euskara ikasteko gogoa. Izan ere, 2003an, Aznarren Gobernuak EHUtik kanporatu zituen euskal presoak eta, ordutik, ezin izan dituzte ikasketak euskaraz egin. «Horrekin batera, EGA titulua ezin atera utzi gintuzten, duela lau urte irakasle boluntario hauek agertu ziren arte», nabarmendu du Muñoak.

Ahoz aho, irakasle batzuei iritsi zitzaien eskaera, eta 2017-2018 ikasturtean taldea sortzea erabaki zuten zortzi irakaslerekin eta bederatzi presorekin. Baldintza eskasetan aritu arren, esfortzuak emaitzak izan zituen. Euskarak ziegetako hormak zeharkatu zituen eta bederatziek lortu zuten EGA titulua azken deialdian.

Arrakasta ikusita eta beste preso batzuek ere eskaria eginda, deialdia zabaldu zuten, bai espetxe barruan bai kanpoan. B1, B2, C1 eta C2 mailetako ikasleek eman zuten izena, 45ek orotara. «Irakasle ezagunen artean deialdia zabaldu eta berehala bildu ziren beste horrenbeste irakasle, euskaltegietan ari garen irakasle ofizialak guztiak. Ni 2019an sartu nintzen taldera», gogoratu du Etxebarriak.

Hiru ikasturte joan dira eta hainbat presok euskara ikasi dute edo zuten maila hobetu dute. Baina Presoen Euskara Irakasle Taldeak salatu duenez, «eskolak baldintza penagarrietan eman ditugu, lokutorioetan, boligrafo eta paperik gabe, entzumen ariketak lantzeko baliabiderik gabe, idazlanak eta zuzenketak posta bidez eta senideen bitartez helaraziz, eta lagunen bisita zerrendan leku bat guretzat hartuta». Baldintza horiekin kexu da Etxebarria: «Niri oso latza egiten zait lan hau. Ez dago horrela jarduteko eskubiderik».

Urruntzearen traba

«Batzuek tutoretzak aurrez aurre egiteko modua aurkitu dute bisita ofizialetan, baina nire kasuan ezin izan dut. Besteak beste, urrutiko kartzeletan dauden presoei ematen dizkiedalako klaseak. Gainera, familia daukate, eta ni sartzen banaiz bisita zerrendan, beharbada, senide bat ezin da joan». Gauzak horrela, hartu-eman guztiak presoen gertukoekin edota gutunen bitartez egiten ditu.

Presoen egonkortasunak ere asko baldintzatzen ditu ikasketak. Etxebarriak azaldu duenez, bere ikasleetako bat hasieran Mont-de-Marsan espetxean zegoen eta hartu-emanak «askoz errazagoak» ziren, ikasteko lanabes gehiago zeuzkan presoak, «besteak beste, ordenagailua erabili ahal zuelako». Baina gero Soto del Realera eraman zuten eta «espainiar Estatuko kartzelen baldintzak askoz txarragoak izanik», ikasketa prozesua asko zaildu zaio.

«Aldaketa horretan ia bi hilabete egon nintzen berari buruz ezer jakin gabe. Batzuetan ez nekien zein kartzelatan zegoen ere. Atzerapauso handia izan zen ikasketa prozesuan. Orain Martutenen dago, baina espetxe aldaketa eta epaiketekin, urte bat eman dugu ia aurrerapenik egin gabe. Presoek, haien egoera dela-eta, morala ere galtzen dute», dio Etxebarriak.

Muñoa Kordobako espetxean zegoen, bakartuta, 2018an euskara maila hobetzeko eta EGA ateratzeko ikasketekin hasi zenean. «Isolamenduan zaudenean ordu asko ematen dituzu ziega barruan, eta ondo datorkizu zeozer ikastea espetxealdiari iskin egiteko. Ikasketak ondo antolatu nituen: ordu batzuk idazteko, beste batzuk irakurtzeko... oso gustura egin nuen eta, gainera, emaitza onak lortu nituenez, oso pozik geratu nintzen. Atsegina izan zen. Kartzelan zaudenean, denbora aprobetxatzea da helburuetako bat».

Zailtasunekin ere gogoratzen da: «UNED urrutiko unibertsitatean matrikulatuta bazaude, ikasteko materiala heltzen zaizu eta ordenagailua erabili dezakezu. Baina euren ofizialtasunetik kanpoko ikasketetan kontua askoz zailagoa da. Tokian tokiko espetxe zuzendariak duen sentsibilitateak eragin handia du. Irakaslearekiko harremana ere zaila da. Duela urte batzuk, gutunak bidali eta aste pare bat geroago heltzen ziren; orain hori apur bat arindu da eta hiruzpalau egunera heltzen dira».

«Gutunekin ere arazoak izan ditugu noizbehinka. Behin tapa gogorra zuen liburu bat bidali nuen gutun bidez eta itzuli egin zidaten. Tapa kendu behar izan nion presoak jaso zezan, eta azkenean hilabete igaro zen!», gogoratu du Etxebarriak.

Zailtasunok kontuan hartuta, ikasketon ofizialtasuna eskatu dute. Gasteizko Parlamentuan izan dira eta HABErekin eta Lakuarekin jarri dira kontaktuan. «Baina urteotan hitz eder asko eta konponbiderik ez». HABEk irakasle taldeari egindako lan ona aitortu badio ere, ikasle presoen matrikula orriek ez dute oraindik ofizialtasun mailarik eskuratu. Presondegietako eskumena eskuratzean dena konponduko zela esan zuten. Jaso berri du Lakuak, eta ikusteko dago egia bihurtzen den. Erakunde publikoei presoen euskalduntzearen ardura beren gain hartzea eskatu die irakasle taldeak, «euskara ganoraz ikasteko eskubidea bermatzeko».

«Ikasketa prozesua asko hobetu behar da. Egungo boluntariotza eredu honek infinituraino iraun dezake baina, berez, ez du balio presoen euskalduntzea aurrera ondo eramateko. Ez da egokiena. Gainera, preso sozialei ere ikasteko aukera eman behar zaie».