NAIZ

Osasungintza publikoaren alde borroka egiteko dei egin die LABek herritarrei

Azken hamar urteetan osasun publikoan arretaren kalitateak behera egin duela eta egun ospitaleek bizi duten «kolapso» egoeraren aurrean, LABek kalitatezko osasngintza publikoaren alde mobilizatzeko dei egin die herritarrei.

Osakidetzako Lehen Arretako langileen mobilizazioa, joan zen abenduaren 16an.
Osakidetzako Lehen Arretako langileen mobilizazioa, joan zen abenduaren 16an. (Raul BOGAJO | FOKU)

LABek salatu duenez, Osakidetzak 10 urte baino gehiago daramatza «herritarrekiko duen erantzukizuna saihesten» eta osasungintza publikoa kudeatzeko erabiltzen dituen «politika pribatizatzaile eta oldarkorrak» azaleratzen ari dira: «arretarik eza, osasun zerbitzuek gainezka egitea, lan esplotazioa, zerbitzuen itxiera eta abar luze bat». Horrek guztiak, sindikatuaren iritziz, «egoera dramatikoa» sortzen du lantokietan, eta asistentziaren kalitatea «minimo historikoetara» murriztu du.

Ohar batean gogora ekarri duenez, LABek urte asko daramatza Osakidetzari exijitzen «3.000 langileren behin-behinekotasun iraunkor eta iruzurrezkoarekin amai dezala, prekaritateari aurre egiten dioten neurriak hartu eta lanpostu horiek egonkortu ditzala, modu honetan biztanleria kalitatezko asistentzia-ratio onargarriekin zaindu ahal izateko».

Salatu duenez, osasun arretaren kalitateak behera egin du azken 10 urteetan, «Osakidetzaren boron date faltaren eta utzikeriaren ondorioz». «Gaur egun ospitaleak eta osasun zentroak ko- lapsaturik daude eta Osakidetzako arduradunek ezartzen dituzten zentzugabeko protokoloek ezin dute egoera gordina izkutatu: herritarrak osasun arretarik gabe daude», ohartarazi du.

EAJ eta bere gobernukide PSOEri osasun publikoaren ahultzearen «erantzule ez balira bezala» jokatzea egotzi die, eta «benetako pandemia, EAEn jende gehien hiltzen ari den pande mia, bi alderdi horiek eta beren politika pribatizatzaileek ordezkatzen dutena» dela nabarmendu du. «Hamar urte baino gehiago errepikatzen daramagun esaldia, ‘murrizketek hil egiten dute’, modu dramatikoan gauzatzen ari da hilabete hauetan», adierazi du.

LABen ustez, posible da «behar bezala dimentsionatutako osasungintza, bizitzen ari garen bezalako egoerei aurre egiteko prestatutako osasun publikoa», baina «ez da bateragarria Jaurlaritzaren politika antisozialekin, abiadura handiko trenak eraikitzea lehenesten dutenak, ez da bateragarria lehen mailako arreta deuseztera bideratutako politikekin, ez da bateragarria gure osasuna merkantilizatzen duten enpresa pribatuei mesede egiten dieten politikekin».

Horregatik, kalean, negoziazi guneetan, parlamentuetan eta erabaki eremu guztietan «kalitatezko osasungintza publikoaren alde konplexurik gabe» borroka egin behar dela aldarrikatu eta herritarrei mobilizatzeko deia egin die: «Beren osasunaren alde, gure osasunaren alde, osasun publikoaren alde eta EAJren eta PSOEren politika antisozialen aurka».