Arnaitz Gorriti

Lointek Gernika Bizkaiak ezin ihes egin Çukurovak Turkian jarri dion segadari (69-40)

Belen Arrojorik gabe PCR positibo baten ostean, epaileen laguntzarik gabe eta beren benetako mailatik oso urrun, duela hiru urte Galatasarayren aurka gertatu bezala, kalera bidali ditu bizkaitarrak talde turkiarrak. Azken laurdenean kanporaketa berdintzea lortu du, baina huts larregi egin ditu.

Azkeneraino borrokatu arren, Gernika Bizkaia Europatik kalera.
Azkeneraino borrokatu arren, Gernika Bizkaia Europatik kalera. (FIBA BASKETBALL)

CBK MERSIN ÇUKUROVA 69 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 40

Segada bat pairatu du Lointek Gernika Bizkaiak eta ia ia iskin egin badio ere, azkenean Çukurova Mersin taldeak egin du kanporaketan aurrera. Malosten 24 puntuko aldeaz irabazi eta gero, 35 puntuz atzetik ere ibili dira Mario Lopezen jokalariak. Epaileen laguntzaz, 22 baloi oparituta eta horukoetan 12tik bakarra sartuta, talde bizkaitarra trapu zahar baten modura erabili du bere aurkariak, azken minutuetako urduritasunak jota laga duen arte.

Orduan, hamaikatxo aukera alferrik galdu arren, kanporaketa berdintzeko kapaz izan da Lointek Gernika Bizkaia, minutu baten faltan 64-40 hurbildu baita, aurretik jartzeko aukera ere izan duelarik. Tamalez, 5-0eko partziala jaso du azken 20 segunduetan eta hantxe joan dira gernikarren aukerak.

Belen Arrojorik gabe

Duela hiru urte Galatasarayren aurka galdu zuen antzeko partida egokitu da honakoa ere, baina alde guztietatik mingarriagoa suertatu da. Esan bezala, ez baita kanporaketa bateko partida izan, turkiarren segada bat baino.

Hasteko, 17-18 orduko bidaia egin beharra eta Turkian bi PCR proba gainditu behar: bata Istanbulen eta Ankaran bigarrena. Zer da kontua, eta ankaran eginiko proban, positibo eman omen zuen jokatu bezperan Belen Arrojok eta, hala, hotelean bakartuta geratu behar izan da Granadako hegalekoa, partida jokatu ezinean. Gernikako taldeak berak aditzera eman duenez, astearte eguerdian badaezpada egin duen PCR proban berriz ere negatibo eman du Arrojok. Twitter bitartez «inpotentzia» azpimarratu du Lointek Gernika Bizkaia taldeko kapitainak.

Giroa aurka, jokalari bat gutxiagorekin –Roundtree eta Meskonyteren bajak ahaztu gabe– eta ia entrenatu ere egin ezin izan duten kantxa batean jokatu behar izan dute. Horrez gain, egundoko motibazioa erakutsi dute etxekoek, eta hasiera batean nolabait eusteko gai izan bada ere talde bizkaitarrak, 9-5ekoaren ostean, aurreneko laurdenaren azken bost minutuetan goitik behera etorri zaio Gernikari talde turkiarra.

Epaileen laguntza ere aldeko izan dute etxekoek eta faltak direla eta Jasmine Thomasen kalitatea dela, 14-1eko partziala lortu du Çukurovak, Gernikako 24 puntuen aldeari 17ko hozkada eman dio lehenengo laurdena amaitzerako.

Alabaina, gehiago ere eskatu behar zaio Lointek Gernika Bizkaiari, aurkariak eta egoerak kikilduta jokatu baitu. Jaurtiketa eroso bakar bat ez du atera Mario Lopezen taldeak eta Roso Buch izan da jaurtiketa libreez gain saskiratze bat (1) sartzeko kapaz izan den bakarra.

Esan bezala, epaileek nahi besteko laguntza eta gehiago eman die talde turkiarrari, baina bizkaitarrek ez dute beren gaitasunaren hamarretik bat eman. Hala, 23-6 amaitu bada aurreneko laurdena,  bigarrena 7-0eko partzialarekin hasi da. Hau da, 30-6 emaitza ezarrita, kanporaketa berdindu egin du Çukurovak. Hori gutxi balitz, Tinara Moore, Brcaninovic eta Bjorklund hiruna faltarekin josi dituzte epaileek.

Halakoren baten, Brcaninovic eta Roso Buchen bitartez saskiratze batzuek lortu ditu talde bizkaitarrak. Harrigarria da 32-10 galtzen joatea albiste ontzat hartu beharra, baina halaxe suertatu da. Are gehiago talde turkiarrak beste sakakada bat eman diolako markagailuari, 10-5eko partziala erdietsita atsedenaldira bidean. Alegia, atsedenaldirako, 42-15eko emaitzaz, Çukurovak buelta eman dio kanporaketari.

Erremate mingarria

Atsedenaldian ideiak ordenatu eta jokoari nola ekin asmatzea izango zen Mario Lopezen nahia, baina errealitateak beste belarrondoko bat eman dio: 12-2ko partziala, hain zuzen eta hori ez bada partidaren eta kanporaketaren behi  betiko errematea izan izan, artean oraindik denbora tarte luzea geratzen zelako izan da.

Aurreneko zatiko puntu gabeziaren ostean, gutxienez Tinara Moorek saskirako bidea aurkitu du, baita tarteka Ariztimuñok eta Bjorklundek ere, baina 35 puntu atzetik egonda, tarteka saskiratze bat lortzea ez da nahikoa. Azken hamar minutuetara markagailua 62-27 dela iritsi da neurketa. Miraririk ezean, etxerako 4.000 kilometro luzeei ekin behar –eta argi belen Arrojok ez dituen hamar egun bakartuta eman beharko Turkian–.

Miraria ikutzeraino

Roso Buchek sartu du gernikarren hiruko bakarra azken laurdenaren hasieran. Erasoan bolada on bat aurkituko balu sikiera! Melisa Brcaninovicek bi saskiratze kateatu ditu eta 2-7ko partziala erdietsita 64-34 «hurbiltzea» lortu du. alegia, 24 puntuko mugarritik sei puntura baino ez! Are hurbilago Tinara moorek 64-36koa saskiratu ostean. Partida guztia jai eta festa aritu ostean, Aziz Akkaya entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du.

Ezin sinetsi ikusitakoa, baina Çukurova urduritasuna nozitzen hasi da eta lastima izan da Gernikak are gehiago hurbiltzeko aukera garbi pare bat alferrik galdu baititu, uztaipean Moorek eta Brcaninovicek kale egin baitute pare bat alditan. Baina turkiarrek berdin berdin huts egiten jarraitu dute, kanporaketa itxi ezinik, ezta Melisa Brcaninovic bost faltarekin egotzita ere.

Hiru minuturen faltan 64-36an iltzatu da markagailua, Roso Buchek 64-38koa ezarri duen arte. Begiak igurtziz ikusi beharreko bukaera batean, Paula Ginzok kanporaketa berdindu egin du jaurtiketa libreen marratik minutu baten faltan eta aurretik jartzeko baloia ere eskuratu du.

Baina kale egin du Roso Buchek –agian falta ere egin diote– eta kiroltasunez kontrako falta egin ostean Roselis Silvak. Tiffany Hayesek jaurtiketa libre bakarra sartu du. Tamalez, Jasmine Thomasek ez du hiruko jaurtiketan barkatu eta miraria hatzen puntarekin ikutu ostean, lau punturi buelta eman beharrean geratu da Gernika 30 segunduren faltan: 68-40. Ezin izan du Bjorklundek saskiraketarik lortu eta jaurtiketa libreen marratik eman dio errematea Çukurovak bizkaitarrek pairatu behar izan duten segadari.

Mario Lopez: «Halakorik ez dut egundo bizi»

Triste eta haserre mintzatu da Mario Lopez partidaren ostean. «Hau ez da partida bat bat, guk aurrera ez egiteko jukutria bat baino. Poliziari eskerrak eman beharko, ikusleak irainka eta gure aulkira ura jaurtzen izan ditugulako. Partidari dagokionez, ez du merezi ezer gehiago esateak halakorik egundo ez dudala bizi izan baino», adierazi du gernikarren entrenatzaileak.

«Ez gara kapaz izan eta ez digute utzi. Batez ere aurreneko erdian gure jokalari oneneak faltaz josi dituzte eta gure alde ezer ere ez dute adierazi, nahiz eta dena zen bultzakada, kamisetatik heltzea eta zangotraba. Partidatik atera egin gara, bestela ere geneuzkan zailtasunekin. Bigarren zatian, berriz, nik uste aurpegia eman dugula, akatsak akats. Kanporaketa berdintzeko gai izan gara, baina azken minutuan berriz ere adierazi ez dizkiguten faltak, teknika bat eta kiroltasunez kontrako falta adierazi dute epaileek. Itxura baten, erabakita zeukaten turkiarrek egin behar zutela aurrera», amaitu du.

PARTIDAREN FITXA:

Çukurova: Asena Yalcin  (3), Hollingsworth (10), Fagbenle (8), Jasmine Thomas (15) eta Tiffany Hayes (9) –hasierako bostekoa–, Zellus (6), Yvonne Turner (4) eta Anigwe (14).

Gernika: Roso Buch (13), Angie Bjorklund (2), Brcaninovic (8), Tinara Moore (10) eta Roselis Silva (3) –hasierako bostekoa–, Paula Ginzo (2), Itziar Ariztimuño (2) eta Marta Alberdi.

Partzialak: 23-6, 19-9, 20-12, 7-13.

Epaileak: Gracin (Kroazia), Tvauri (Georgia) eta Petrenko (Errusia). Brcaninovic egotzi dute bost faltarekin.

Gorabeherak: Mersingo Edip Buran Spor Salonu pabilioian jokatu da Emakumeen Eurocupeko final hamaseirenen itzulerako partida. Belen Arrojok ezin izan du jokatu Ankarakn eginiko PCR baten positibo eman ostean.

LEB Ligako derbia, bertan behera

Bestalde, zapatu honetan Gipuzkoa Basketek eta Juaristi Iraurgik LEB Ligako euskal derbia jokatu behar zuten Illunben 19.30ean hasita. Tamalez, atzeratu beharrean suertatu da talde gipuzkoarren arteko partida, Gipuzkoa Basketek covid-19az positibo izan diren zenbait kasu atzeman ostean.

Dena den, talde donostiarrak aditzera eman duenez, hilaren 12an Estudiantesen aurka jokatu beharreko neurketa ez da atzeratuko eta bere horretan jokatuko da, 19.30ean Illunben.