Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Omikronek ageriago utzi duen errealitatea

Test ugari egin da azken egunotan.
Test ugari egin da azken egunotan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Beharbada hortxe arituko dira oraintxe Sabin Etxeko edo Ajuria Eneko komunikazio taldeak hurrengo kanpainatxoa prestatzen. Oporren ostean, tournée berri bat egiteko hedabideetatik, bereziki EiTBko kate guztietatik, pandemiaren kudeaketaren izugarrizko gabeziek eta jendearen ezinegonak sortutako giroari aurre egiteko.

Ez luke inor harrituko orain arteko ildoari eusteak, erruak besteen bizkar gainera botaz, egindako akatsak aitortu gabe. Orain arteko esperientziak ez du besterik iragartzen. Ez litzateke harritzekoa izango burukideren batek ETA ere aipatzea arretagunea lekuz aldatzeko edo, gutxienez, eztabaida kakazteko. Film hori ikusi dugu azken bi urteotan behin baino gehiagotan.

Gaur egungoa ez da erraz kudea daitekeen egoera. Horrenbeste badaki edonork. Eta kalean suma daitekeen haserrea ez da arazoa gainditzea lortzen ez delako, herritarrek hainbat neurri, egoera eta adierazpen zentzugabetzat hartzen dituztelako baizik. Olatua izugarrizkoa da, eta beste leku batzuetan ere ezin aurre egin dabiltza. Horrenbeste badakigu, baina gutxieneko zintzotasuna beharko litzateke hartu diren neurrien eta egin den diskurtsoaren gainean.

Hartutako neurrien esanahia

Omikron oso kutsakorra da, eta horrek, adibidez, agerian utzi du Urkulluren neurri izarra, Sanchezek deituriko bileran aurkeztu zuena: maskara kanpoaldean derrigorrezko izatea. Paradoxikoki, esate baterako, konfinamendu gotorrean hainbeste aipatu zen telelanaren erreferentzia lausotu da, nahiz eta badirudien egungo egoeran indartu beharreko neurria litzatekeela. Adibide bat baino ez, baina esan daiteke zenbait gai garrantzitsu desagerrarazi nahi direla. Hain zuzen, egiturazko aldaketak edo inbertsioak ekartzen dituztenak. Kalean maskara derrigorrezko bilakatzeko ez da ezer behar, dekretu bat, besterik ez. Leku itxien segurtasuna handitzeko (garraioa, ikastetxeak, lantokiak…) neurri zehatzek zerbait gehiago beharko lukete, erabaki sendoak eta baliabideak. Errazago da, bistan da, haurrak eskolarteko kirolik gabe uztea.

Oro har, azken urteetan osasun sistemak pairatu duen txirotzeak eta, zehatzago, osasun larrialdiari amaiera eman zitzaionean hainbat baliabide indargabetzeak hausnarketa sakonagoa merezi dute.

Agintariak gaindituta egotea ulergarria da; erabakiak hori estaltzeko edo mozorrotzeko hartzea, ordea, ez, eta horrek denak, gainera, ondorio kaltegarriak izan ditzake pandemiari aurre egiteko ondo egindakoak ere kalte ditzakeelako. Sinesgarritasuna garrantzitsua da beti, baina are garrantzitsuagoa guztion bizitza hankaz gora jarri duen horrelako krisi batean.

Eta horregatik komeni da alferrikako polemikarik ez piztea, datuak ondo maneiatzea eta informazioa txukun kudeatzea, alarmismoari edo utzikeriari bide eman gabe. Adibide bat jartzearren: Euskal Herrian, bereziki Hego Euskal Herrian, txertaketa masiboa izan da, eta covid pasaportearekin sortutako polemikak ez du ezer onik ekarri.

Finean, oso gogoan izan behar da pandemiaren hasieran, txertoa ez zegoenean, biztanleria osoak etxean konfinatua egon behar izan zuela hilotzak gehiago ez pilatzeko, eta txertorik gabe azken urtea izugarria zatekeela. Horrek denak ardura eta apaltasuna eskatzen digu guztioi. •