NAIZ
DONOSTIA

«Tragediaren bat gertatu baino lehen» Donostiako La Sirena irekitzeko eskatu diote Udalari

Hiritarron Harrera sareak Donostiako Udalari «tragediaren bat gertatu arte ez itxaroteko» eskatu eta gipuzkoar hiriburuko La Sirena hotzaren lokala irekitzea eskatu dio. Herritarrei mantak eta lozakuak eskatu dizkiete.

Donostian 150 pertsona baino gehiagok pasatzen dituzte gauak kalean.
Donostian 150 pertsona baino gehiagok pasatzen dituzte gauak kalean. (Donostiako Hiritarron Harrera Sarea)

Hiritarron Harrera sareak «negu betean egiten duen hotzarekin» Donostiako La Sirena hotzaren lokala itxita egotea deitoratu du. «Hau ez da beste komunikatu bat. Gure hiriko kaleetan dagoen errealitateaz jabetzeko dei larria da ordea», adierazi dute.

«Nola ulertzen da, negu betean egiten duen hotzarekin, La Sirena hotzaren lokala deritzona itxita eta hutsik egotea? Norentzat jartzen da martxan? Noizko? Argi dago baliabide hori noiz behar den erabakitzen dutenak ezin direla errealitatetik urrunago egon. Edo, bestela, zerbait okerragoa», gehitu dute ohar baten bidez.

Eta Donostiako Udalari zuzendu zaizkio. «Ez itxaron tragediaren bat gertatu arte. Tragedia bat baita baldintza horien ondorioz persona hauek jasan behar duten hondatzea».

Udalak Ondarretara eraman zuen aurten «hotzaren lokala», La Sirena deritzon eraikinera. Baina soilik «mugako hotza» dagoenean irekitzen da, hau da, kostan izozteak daudenean.

Gune honek 44 plaza ditu, «beharren arabera» handitu daitezkeenak. Hala ere, Hiritarron Harrera sareak NAIZi jakinarazi dionez, haien kalkuluen arabera, Donostian 150 pertsona baino gehiagok pasatzen dituzte gauak kalean eta «horietariko asko gazteak dira».

Atzo, urrutira joan gabe, Kaleko Afari Solidarioko boluntarioek 80 afari banatu zituzten. «Boluntarioek emandako afari-plater beroa hartu ondoren, kalean dardarka nola geratzen diren ikusten dugunean, etxera daramagun irudi horrek ez digu uzten loa hartzen», nabarmendu dute.

Herritarrei ere helarazi nahi izan diete laguntza eskaria, egoera bideratu bitartean. «Mantak eta lozakuak eskatu nahi dizkiegu. Biltzen ari garenak ez dira aski, eta zakurik edo hainbat mantarik gabe ezin da gorputza berotu gauean».