NAIZ

Txikon eta bere taldeak hilabete amaierara arte itxarongo dute Manaslura igotzen saiatzeko

Lemoarraren espedizioa Samagaunen dago, eguraldia egonkortu bezain laster oinarrizko kanpamendura itzultzeko prest.

Alex Txikon, Iñaki Alvarez eta Simone Moro Samagaun herrixkan.
Alex Txikon, Iñaki Alvarez eta Simone Moro Samagaun herrixkan. (Sendoa ELEJALDE)

Alex Txikonek eta bere taldeak dena prest dute Manasluko oinarrizko kanpamentura itzultzeko, eguraldia egonkortu bezain laster. Gaur eguzki distiratsua dago planetako zortzigarren mendirik garaienaren oinarrizko kanpamentura iritsi aurreko azken herrixkan, baina eguraldi ona laster amaituko da, hiru egun baino ez baitira espero horrela, gero eguraldi txarra eta elur asko iragarri baitute berriro.

Alex Txikonek azaldu duenez, «gaur egun ezinezkoa da 2. kanpamentura iristea aste hauetan botatako elur kopuru handiaren ondorioz. Eguzkia egingo duen hiru egun geratzen zaizkigu, eta hori ez da nahikoa elurra finkatzeko eta egonkortzeko. Beraz, pazientzia entrenatzea eta dena urtarrilaren amaierara edo otsailaren hasierara arte atzeratzea geratzen zaigu, hala ikusten dugu bai Simonek, bai Iñakik eta nik».

Denboren doikuntza horrekin, taldea Samagaunen dago jadanik. «Pena handia eman digu Eneko barik itzultzeak, etxera itzuli da, Sendoa Katmandura joango da laster, eta Iñakik aurrerago erabakiko du», aitortu du alpinista bizkaitarrak.

Zuhurtzia denaren gainetik

Egia da beste espedizio batzuetako kideak oinarrizko kanpamenduan daudela, baina Txikon eta bere taldeak meteorologia egonkortu arte itxarongo dute. «Gure errespetu eta animo guztia oinarrizko kanpamendura itzultzea erabaki dutenei. Gure esperientziak eta mendiaren ezagutzak itxaroteko garaia dela esaten digute. Lehen kanpamentura igotzeko, kontuan izan behar da elur-jausiak izateko arriskua 5/5ekoa dela. Duela egun batzuk egin genuen, eta guk uste dugu ez duela merezi baldintza horietan berriro saiatzeak. Egia da ez garela Nepalera etorri Katmandun edo Samagaunen egoteko, baina hori da une honetan dagokiguna», adierzi du lemoarrak.

Gogorarazi behar da Txikonek eta bere taldeak joan den urtarrilaren 8an, azken orduan, irten behar izan zutela Manasluko oinarrizko kanpamentutik, azken jardunaldietako elurte gogorren ondorioz. Taldearen parte bat helikopteroz jaitsi zen Katmandura, eta beste batzuk oinez Samagaunera, elur-jausien arriskuarengatik (5. maila Europako eskalan). Aste honen hasieran, elur-jausi handi batek aurretik eraman zuen oinarrizko kanpamenduaren parte bat. «Gure esperientziak eta intuizioak, zoritxarrez, ez zuten hutsik egin, eskerrak ez ginen han egon bertatik bertara ikusteko», gogorarazi du Txikonek.