Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Engainuaren xarma: igarri eta aurre egitea ez da aski

Novak Djokovicekin muntatu den zalaparta latza izan da, ederra patatie! Atentzioz jarraitu dut auzia. Tenislari serbiarrak «Mohamed Ali momentua» lortu duela irakurri dut, inoiz irabazi duen garaikur inportanteena irabazi duela. Eta justu Emmanuel Macron presidenteak Djokovic bezalakoak «izorratzea» nahi duela mundu osoaren aurrean aitortu duenean. Bingen Zupiriak bezala, honek «emmerder» aditza erabili ez badu ere.

Pandemia honekin frustrazio ia unibertsal batean bizi gara, garai oso pornografikoan, argia eta gardentasuna sare sozialetan bilatzeko ahalegin zitalean, begiak eta irudiak kontaktu zuzenean ditugula. Kapitalizatu daitekeen eta orain arteko konbentzio eta etiketa ia guztiak desafiatu dituen konspirazioaren politika bat ere indartu dela begi bistakoa da. Ezker-eskuin mugimendu bat sortu du, oso heterogeneoa, sinesmen bat partekatuz: boterea konspirazioa da, per se.

Botere denak dira konspirazio. Eliteen kontrolaren inguruko fantasiak eta mamuak, ohikoak eta berriak, denak datoz zaku berean. Totalitarioak dira denak, estatuak, erraldoi farmazeutikoak, zientzia klimatikoa, komunikabideak, ezkerrekoen edo eskuinekoen zuzentasun politikoa, denak. Herriari beldur gaindosia sartu omen zaio, egia ezkutatuz eta engainatuz. Eta hori omen da arrazoia; jendea gero eta desengantxatuago dago komunitatetik edo lagunartetik, ikasleak gero eta errebotatuago daude eskoletan, zaurituak gero eta ugariagoak dira gizartean.

Konspirazioaren xarma aspaldi-aspaldikoa da. Ehiztari-biltzaile ginenekoa agian, bizitzaren zirkunstantziek arbasoak susmagarri izatera bideratu zituzten garaikoa, eboluzioak mesfidati izatera bultzatu gintuelako. Historian badaude konspirazio trama eta istorioak nonahi: Illuminatiak, masoiak edo Siongo Jakintsuen Protokoloak, Soros eta mundua kontrolatzeko ustezko konplot judua; edo gaurkoagoa dena, zuri kristauak azpiratzeko Ordezkapen Handiarena; edo, orain, Bill Gatesen «plandemia» horrena. Merkatu itzela dago.

Azenario, makila eta sermoiekin gobernatu da beti. Orain ere bai, planak eta protokoloak, eta planak eta protokoloak aspertu arte, berdin. Baina kontrapublikoak sortzeko espazio berriak ugalduta, atmosfera horietan konspirazio berriak ernaldu dira. Errealitate alternatibo itzel batean rol joko baten antza hartzen diet, baina badakit parte-hartzaileak emozionatu egiten direla, oso adiktiboa dela. Komunitate zentzu bat ematen du. Elite eta konplot satanikoen istorioek, mundua berriz enkantatzen duten neurrian, bizitzaren errealitate mundutarretatik ihes egiteko balio diete batzuei.

Ez da bakarrik engainua igarri eta borrokatu behar, erakargarritasun horren muinean dauden sentimenduak ulertu eta aurre egin behar zaie ere. Hemen ez daude bakarrik "negazionisten" gezurrak, hau ez da zoro batzuen kontua. Engainua herrian nola sustraitzen den jakin behar da, eskaera bati nola erantzuten dion ikertu, hori hor dagoelako. Ezkerrak inbentatu zituen kolektibitate modernoaren erritual asko. Erabilitako taktikak berriz errepasatu eta estrategikoki berreraiki daitezke arrazoi kolektiboaren proiektu bati begira. Zeren azken batean, mugimendu konspiratibo hauek, modu batean ala bestean, aurrerantzean borroka politikoa zein joko zelaitan jokatuko den adierazten diote. Ezkerrak jokatuko duela erabakitzeko ordua du. •