NAIZ

Sei bertsolariekin saio berezia Hendaian Harrera elkartearen sostenguz

Baleak elkartearen eskutik Unai Iturriaga, Maddalen Arzallus, Julio Soto, Amets Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Odei Barroso Hendaian bertsutan ari dira gaur arratsaldean preso eta iheslari ohien sostenguz jarduten duen Harrera elkartearen alde.

Harrera elkartearen aldeko bertsu saioa 17.00tan hasi da Hendaiako Gaztelu gelan.
Harrera elkartearen aldeko bertsu saioa 17.00tan hasi da Hendaiako Gaztelu gelan. (Juan SALAZAR)

Gaur euskal preso eta iheslariak sustengatzen dituen Harrera elkartearen aldeko bazkaria iragan behar zen Hendaiako Gaztelu areoan, 13.30etatik landa.

Aldiz, ekimena bertan behera utzi behar izan dute osasun egoerak aginduta.

Alta, bertsu saioarekin aurrera egitea erabaki ondoren 17.00etan hasi da saioa bertsulari hauen parte hartzearekin: Unai Iturriaga, Maddalen Arzallus, Julio Soto, Amets Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Odei Barroso. Gai emailea Aimar Karrika izanen da.

Baleak elkarteak eta Harrerak berak antolaturik, ekimenaren laguntzaile dira Hendaiako Herriko Etxea, Bertsularien Lagunak elkartea eta Euskal Kultur Erakundea.

Covid-19ak nabarmen baldintzatu du kultur mundua eta zer esanik ez, bertsularitza, Ipar Euskal Herrian. Zorionez, gaurko saioaren ondotik, bertze hainbat hitzordu helduko dira.

Bihar, Azkainek hartuko du lekukoa. Arratsaldeko 17.00etatik landa Amets Arzallus, Xumai Murua eta Maddi Ane Txoperena arituko dira bertsutan Biltoki gelan.

Urtarrilaren 22an Suhuskunen Jon Maia eta Patxi Iriart jarriko ditu kantari Ortzaizeko ikastolak.

Azkenik, Senpereko Larraldea baserrian arituko dira Julio Soto eta Amets Arzallus urtarrilaren 29an. Lapurdi 1609 elkarteak antolaturik, eta EKEk nahiz Senpereko Herriko Etxeak lagundurik, bertsu saioa arratsaldeko 17.00etan hasiko da.

«Haizea dator»... ekimena

Pandemiak, ordea, hainba ekimen bertan behera uztera behartu du.

Urtarrilaren 7an, Itsasuko Indianoenia elkartean 19.00etatik goiti aritu behar ziren Aetz Etxart, Daia Harlouchet, Garikoitz Agirre, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Maddi Sarasua.

Bertsularien Lagunak sustatzen duen «Haizea dator...» ekimenaren baitan antolatua zen saioa. Aldiz, osasun egoeragatik ezeztatu behar izan zuten.

Egitasmoak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko bertsu eskoletako ikasleei edota horietatik atera diren bertsulari gazteei plazetan kantatzeko aukera ematea du xede.

Azaroan abiatu zuten Lexantzün eta abenduan Hendaian iragan zen bigarren saioa. Maiatzera arte hilero antolatuko dute bertsu plaza bat, hurrenez hurren, Baionan, Urruñan, Baigorrin eta Saran. Ikusgai dago Itsasuko saioa berreskuratzen duen elkarteak.