Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Txillardegi euskaldun jendearen gogoan, hori da benetako aitorpena

Indar eta dotorezia handiko ekitaldi labur batekin omendu dute gaur Txillardegi, bere izena duen Antiguako plazan. Sektakeriagatik eta zentsura osoz, aitorpen ofizilik ez duen abertzale handiak, baina, euskaldun jendearen gogoan bizi dela ikusi zen.

Donostiako Antiguan, eguerdiko eguzki handiak argia oparitu du, epeltasun gozo bat, hitzaren, dantzaren edo irudiaren bitartez zabaldu da energia handi bat, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren heriotzaren X. urteurreneko ekitaldia ederragotuz. Familia lehen lerroan, adineko jendea eta gazteak ere bai, lehengo eta oraingo militante abertzaleak, memoria kondentsatu asko sentitu ahal izan da, itzaltzen ari den belaunaldi baten presentzia, gure herriarentzat eta euskararentzat handia, oso handia izan den figura baten itzalpean.

Markel Perez eta Guillermo Elizaga txalapartari gazteen pieza batekin hasi da ekitaldia, jendea ekitaldira batzera perkusio saio ederrarekin deituz. Aurkezleak ongi etorria eta osasun neurriak betetzeagatik eskarrak eman ondoren, hamar urte «gureagotik joan zela», aurreskuak eta lore-eskaintzak eman diote segida.

Janitz eta Sua Enparantza anai-arrebak, txistu eta danbolinarekin solista bat eta, bestea, dantzari, dotoreziaz aritu dira Txillardegiren horma-irudiaren aurrean. Denboraren poderio eta higadurari hobe eusteko Mikel Herrerok aluminioz eta plastikoarekin berritua izan den irudi ikonikoaren txokoan. Hantxe, «Euskara da euskaldunon aberria» hitz eta irrifarre dituela, Txillardegi izan zen lekuan, Txillardegi plazan.

Ofizialki, baina, plaza Gaskoia deitzen da, Txillardegi izen toponimikoa aspaldikoa den arren. Plazarena edo liburutegiarena, Txillardegiren izenak eta izanak, aitortzea bakarrik, deabrua konbokatzea bezalakoa baita batzuentzat. Ez diote barkatzen, ez diote barkatu nahi, sarritan irakurri ditugu hitz horiek, eta, gaur, oso presente egin da sentimendu hori.

«Zauri zornatuak orbaintzeko»

Sortu zituen kreaturak eta egindako ekapenak euskararentzat eta aberriarentzat zein handiak izan diren denok jakin arren, edo agian horregatik, batzuk ez dizkitelako aitortu nahi. EAJren aurrean altxatu eta ETAren sorrerari ekitea, adibidez; ez dute onartu nahi ETAk euskarari salbatzeko emandako arnasa, Euskal Herriari eman dizkion aukera eta sinesgarritasuna. Euskara hizkuntza bakarra dela eta batasuna behar zela konbentzituta, Txillardegi hizkuntzalaritzan aintzindaria izan zela. Eta Euskaltzaindiak egin ziona, nola itxi zizkioten sartzeko ateak, bazterketa hura, oraindik bizi da, tamalez, desagertu ez den jarrera mendekati bezala.

Injustizia horren sentimendua transmititu du ‘Txillardegi Udal Liburutegia’ ekimeneko Fito Rodriguezen hitz-hartzeak. Sektakeriaren adibideak eman ditu, zentsura osoz aitorpen ofizial baten ausentziaren berri. Txillardegiren memoria gorde eta bere izena Donostiako iruditerian leku bat har dezan egin dituzten eskaerek jasotako ezezkoen berri eman du. Hizkuntzalaritzan, literaturan eta pentsamenduan gure herriari egin dizkion ekarpenak gogoratzean.

Baina Rodriguezenak ez dira izan etsipenaren hitzak. Hamar urte eta gero, aitorpenean bidea egon daitekeela aipatu du. Gogora ekarri du nola Oñatiko udalak euskara batuaren egindako ekaprpena aitortzeko Arantzazun jarritako oroigarria, edo sozialisten esku dagoen Hendaiakoak –urtetan bertan bizi baitzen–, nola ez dituzten arazorik izan ebidentzia argi bat eta guztiz justiziazkoa dena aitortzeko. Donostiako udalak ere egin ahal duelako. Eta egiteak, hamar urteotako jarrera berdinean ez mantentzeak, «elkarbizitzarako zauri zornatuak orbaintzen» lagunduko lukeelako.

Ekitaldira bertaratu da Joseba Sarrionandia idazlearen ‘Han izanik Hona naiz’ saiakera liburuko pasarte bat irakurri du Rodriguezek, gero, publikoari, azken mezu bat pasatu baino lehen: «zuek zarete benetako aitorpen ofiziala». Urtez urte, euskal politika, kultura eta pentsamenduaren barrena, alorrez alor, Txillardegiren memoria laboratu eta gezia apur bat urrutirago jaurtitzen saiatzen den jendea.

Isildu eta kikildu gabe

Hitzak bertso egin dira ondoren Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiekin. Donostian barrena bidaia bat egitera eraman dute jendea, hiriko iruditeriak eta izendegiak errepasatuz, hala Borboi leinuko Isabel II.aren edo Carlos I.aren hiribideak, edo Maria Cristina ere; eta Frantzia pasealekua, Madril etorbidea edo Londres hotela… «ta Txillardegik non du liburutegia?» bertsotik bertsora galdeginez, oso arin eta jostaria izan den saioan.

Ekitaldiari akabera emateko, bertaratutakoei kantatzeko eta dantzatzeko gonbidapena luzatu diete. Hain zuzen, duela 40 urte Xabier Amuriza bertsolariak sortu zuen ‘Euskal Herrian euskaraz’ abestia kantatzera eta Baztango zazpi jauziak herri dantzarekin animatzera. Elkarrekin euskaraz kantuan, denok batera dantzatuz, eman diote agurra. Ondo pentsatuta, Txillardegik bere bizitzaren ibilbidean egin bezala: isildu eta kikildu gabe, zurikeriarik gabe. Abiapuntu eta helburu batekin beti-beti: Euskara eta aberria; Euskal Herria eta askatasuna.