
SOS Presoak Covid-19 taldeak mahai-inguru bat antolatu zuen larunbat honetan, pandemian espetxe kudeaketaren nondik norakoak eta kudeaketa horrek presoei nola eragin dien azaltzeko. Azken bi urteotako errepasoaren bidez, pandemia hasi zenetik espaniar Estatuko espetxeetan topatu dituzten «eskubide urraketa» batzuk azaldu zituzten hizlariek.
‘Espetxea eta covid19- Osasun krisiaren kudeaketaren auditoria’ mahai-inguruan Francisco Miguel Fernandez Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteako (APDHA) kartzelen arloko koordinatzailea, Jose Navarro Erakunde indarkeria babesteko erregistro eta komunikazio sistema (Sirecovi) kidea eta June San Millan Salhaketa Nafarroako ordezkaria izan ziren protagonistak.
Lehenik eta behin, Fernandezek azaldu zuen zein izan diren pandemia hasi zenetik nazioarteko erakundeek, estatuek eta espaniar Estatuko administrazioak proposatu eta hartutako neurriak. Hala, covid-19ak kartzeletan duen eraginari buruz hitz egin zuen lehen erakundeetariko bat NBE izan zen, Giza Eskubideen komisario Michele Bacheletek proposatutako «jarraibideen eskuliburua» zuela. Txostenean, alde batetik, askatasunik gabeko pertsonak «presaz» kartzelatik ateratzea proposatzen zen, bereziki osasun arazoak zituztenak, eta, bestetik, espetxeak blindatzea eta presoen eskubideak murriztea. Bi neurri horiek estatu gehienek hartu zituzten, intentsitate desberdinarekin.
Espaniar Estatuan, Fernandezek dioenez, azken bi hamarkadetan aurrekaririk gabeko kartzelaratze prozesua bizi izan zen, «beharrak eraginda», nahiz eta haren ustez «oraindik jende asko falta da espetxeetatik ateratzeko». Alde horretatik, pandemian «jendea giltzapetu eta gizartetik ahalik eta denborarik luzeenean aldenduta edukitzeko toki» bihurtu dela kartzela kritikatu zuen.
Bestalde, Navarrok gizarte zibilaren eskaeren deskribapen kronologikoa egin zuen, bereziki kartzelan komunikazioak mantentzeari eta zelden husteari buruz. Sirecovi-ko kideak Kataluniako espetxe sistemaren kasua hartu zuen ardatz, eta nabarmendu zuen azken bi urteetan «espetxeetan segurtasuna lehenetsi dela beste edozein eskubideren gainetik», eta horrek eragina izan duela osasun zerbitzua, komunikazioetarako eskubidea edo presoak birgizarteratzeko eskubidean.
June San Millanek Iruñeko kartzelan ardaztu zuen bere hitzaldia. Salhaketa Nafarroako kidearen arabera, espetxe honetan gutxienez bi modulu daude itxita, eta horrek esan nahi du «alferrik galdutako espazio bat dela, presoen eskubideak osasun isolamenduen bidez ez urratzeko aukera emango lukeena». Gai horri dagokionez, San Millanek zehaztu zuen isolamenduak «eragin oso larria» duela pertsonengan, bereziki aurretik gaixotasunak dituztenengan. «Nazioarteko hitzarmenek printzipio batzuk ezartzen dituzte zigorrak tratu anker eta iraingarrietan oinarritu ez daitezen. Eta isolamendua hala da», adierazi zuen, eta gogoratu zuen presio psikologikoko isolamendua torturatzat hartzen dutela nazioarteko erakunde batzuek.
SOS Presoak Covid-19 ekimena 2020ko apirilaren sortu zuten Salhaketa Nafarroak, Etxerat-ek eta Sare Herritarrak, Altsasu Gurasoak-ekin batera. Pandemiaren harira, espetxeetan egiten ari zen kudeaketa salatzeko antolatu ziren talde horiek, batez ere Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak jarrera kritikatzeko. SOS Presoak Covid-19 Iruñeko espetxean dauden edo Nafarroan errotuta dauden presoen eskubideak errespetatzen dituen neurriak eskatzen ditu.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
