NAIZ

Abadiñok otsailaren 3ko San Blas azoka ospatuko du, baina animazio eta txosnarik gabe

Otsailaren 3ko San Blas azokarekin aurrera jarraitzea erabaki du Abadiñoko Udalak. Hala ere, azoka merkatu eta erakusketa jardueretara mugatuko da, kultur programazio, kale animazio eta txosnarik gabe.

Nekazaritza azoka bateko postua.
Nekazaritza azoka bateko postua. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Iazko etenaldiaren ostean, Abadiñoko (Bizkaia) Udalak argi berdea eman dio otsailaren 3ko, osteguneko, San Blas azoka tradizionala ospatzeari. Izan ere, Miguel Garaizabal alkatearen hitzetan, «une izugarri gogor eta zailetan» lehen sektorea «babestu» beharra dago. Hala ere, azoka ezberdina izango da ez baita kultur programaziorik, kale animaziorik ezta txosnarik egongo. Hori bai, erroskilla eta opilen postuek lekua izango dute.

Abadiñoko Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, 2022ko edizioa azokara eta nekazal produktuen erakusketara mugatuko da. Hori horrela, San Blas azokak aire zabaleko lau gune desberdin izango ditu jende pilaketak ekiditeko xedez: Gune Nagusia, Artisautza Azoka, Abeltzaintza Gunea eta Nekazaritza Makinariaren Gunea.

Gune Nagusia trinketeko aparkalekuan egongo da eta bertan ezarriko dute nekazaritza-merkatu nagusua. Bertan, azoketan ohikoak diren gazta, ogia, eztia, txakoliña, sagardoa eta barazkiak bezalako produktuak erosi ahalko dira. Abadiñoko Udalaren aurreikuspenen arabera, Gune Nagusi honetan lehen sektoreko 80 ekoizle inguru batuko dira.

Artisautza azoka, aldiz, Ferialeku inguruko parkingean kokatuko da eta 20 postu batuko ditu. Abeltzaintza erakusketarako eta landareen eremurako (haztegiak) gunea trinketearen atzealdeko karpa irekietan ezarriko dituzte eta, azkenik, Gaztañodi parkeak jasoko du nekazaritzako makineriaren txokoa.

Horretaz gain, aurten postu gutxiago egongo badira ere, Udalak San Blas opilen eta erroskillen postu tradizionak egongo direla baieztatu du, baina ez da txosnarik edo jai giroko beste elementurik egongo. «Aurten ez da txosnarik baimenduko eta ez da kultur programazio paralelorik egongo, ezta kaleko animaziorik ere, pilaketak saihesteko», aurreratu du Udalak.

«Indarrean dauden osasun-neurriak zorrotz bete ditzatela eskatzen diegu herritarrei, abadiñarrentzat hain berezia den ekitaldi hau normaltasunez gauzatu ahal izan dezagun, segurtasuna milimetro bat ere deskuidatu barik», adierazi du Mikel Garaizabal alkateak. Halaber, beharrezkoa izango da musukoa erabiltzea eta segurtasun distantziak mantentzea.

Idi proba

%60ko edukiera mugatuarekin bada ere, Abadiñok hiri probak hartuko ditu arratsaldean. Hala ere, probaz gozatu nahi duen pertsona orok covid pasaportea erakutsi beharko du sartu aurretik eta nahitaezkoa izango da izena aurretiaz ematea. Hori horrela, Abadiñoko Udalak azaldu du igande honetan, hilaren 23an, eguerdiko 12:00etan izango dela Udalbatzar aretoan ekitaldi horretarako «apuntea».