NAIZ
BILBO

Alaitz Arenzana, Zinegoak jaialdiko zuzendari artistiko berria

Bilboko Zinegoak LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren lidergoa Alaitz Arenzana artistak hartu du eta, dagoeneko, otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo den 19. edizioko irudia aurkeztu dute. Bertan lesbianismoa eta sexu aniztasuna euskaraz izendatzeko moduak aipatuko dira.

Alaitz Arenzana, aurtengo edizioaren irudiarekin.
Alaitz Arenzana, aurtengo edizioaren irudiarekin. (ZINEGOAK)

Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioko irudia eta ildo nagusiak aurkeztu ditu dagoeneko. Zinegoak 2022 otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da, eta zuzendaritza artistiko berria estreinatuko du, Alaitz Arenzana artista bilbotarrarekin.

Gainera, aurtengo edizioa osasun neurrietara egokituta egingo da, eta «mundura zabaltzeko bere burua erakusteko, berrizendatzeko eta identifikatzeko beharra aldarrikatuko du, ezarritako etiketarik gabe», arduradunek azaldu dutenez.

Esan bezala, lesbianismoa eta sexu aniztasuna euskaraz izendatzeko moduak aipatzen dituzten hainbat kartelek osatuko dute jaialdiaren irudia, ‘marioker’, ‘lumatza’, ‘soropila’, ‘kapaza’ edo ‘kuir’ bezalako hitzekin.

June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako eta Zinegoakek bultzatutako ‘Nola izan/esan bollera euskaraz’ proiektuan bildu dira kontzeptu horiek. Proiektu horretan, Euskal Herri osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat egin da, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek, Ainara Artetxek eta abarrek parte hartu dute.

Beraz, Zinegoak jaialdiaren aurtengo kartelek aldarrikatuko dute «eskubidea dugula gure burua izendatzeko nahi dugun moduan, inposatutako etiketarik gabe, izanak egiten baitu izena».

Lander Telletxeak diseinatu ditu kartelak, jaialdiarekin lotura estua duen diseinatzaileak, katalogoaren eta irudiaren azken edizioetako egilea baita. Telletxeak euskal kulturarekin lotutako proiektuak garatu ditu, eta hainbat erakunderentzat lan egin du, hala nola Azkue Fundazioa, Euskararen Etxea, Valentziako La Ploma, EDE Fundazioa, Bolunta, Bizkaiko Aldundia eta Bilbo, Portugalete edo Leioako udalak.

Donostia Zinemaldiko New Directors saileko kartelaren egilea ere izan zen 2013an.

Zinegoak jaialdiak bere ohiko egiturari eutsiko dio, Bilboko hainbat aretotan proiekzioak eginez, sexu eta genero aniztasunari ikusgarritasuna emateko. Jaialdiko jarduera guztiak unean indarrean dauden osasun neurriei egokituta egingo dira.

Zuzendaritza artistikoan, erreleboa eta emakumea

Bestalde, Zinegoak jaialdiak zuzendaritza artistiko berria izango du 19. edizioan, eta azken aldietan zuzendari lanak egin dituen Alaitz Arenzana artista bilbotarrak hartuko du ardura. Jaialdiak azken edizioan 18.000 bisitari baino gehiago izan zituen, eta urtez urte gero eta nabariagoa da hazkundea. Egoera honetan, jaialdiak bere helburuak berrikusi nahi ditu epe ertain eta luzera, erronka berrietara egokituz.

Norabide horretan, Alaitz Arenzana izango da Zinegoak jaialdiko zuzendari artistiko eta aurpegi nagusia, azken hiru urteetan zuzendaritza taldean egon ostean, Pau Guillenen lekukoa jasota.

«Alaitzek barrutik ezagutzen du jaialdia, Euskal Herriko sare artistiko eta sozialarekin lotura handia du eta talde osoaren babesa du Zinegoak jarduera eta lankidetza berriez hornitzeko eta etapa berri bat garatzeko», azaldu du Guillenek.

Arenzana Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da EHUn, eta eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta proiektuen koordinazioan, bai eta hainbat aitorpen publiko ere bere lan artistikoagatik.

Arenzanak ilusioz hartu du erronka. Zuzendaritzan dagoen lehenengo emakumea izango da eta, adierazi duenez, «jaialdia mantentzeko eta aberasteko borrokan jarraitu dut, behar beharrezkoa delako sexu, identitate eta genero aniztasunaren alde lanean jarraitzea».