Rayco Sanchez, Opio Errebeldea

Aitzina, Baiona FC!

Baiona FC futbol taldeak mugimendu herrikoia hauspotu du hiriburu lapurtarrean. Futbol partidez gain, ekitaldi kulturalak, prekarietatearen aurkako protestak eta pandemian gehien sufritu duten gizabanakoei laguntza sareak sustatu ditu. 

Baiona FC taldeko jokalariak gol bat ospatzen.
Baiona FC taldeko jokalariak gol bat ospatzen. (BAIONA FC)

“Nunquam polluta” bezala ezagutzen da Baiona, historiak dioenez, mendeetan zehar hamaika eraso jasan eta gero, menperatu ezin izan zutelako. Egun, gastronomia, kultura eta errugbian erreferentea den udalerri polit honi falta zitzaion mugimendu herrikoia, indartuz doa, eltxo ikurra dutelarik, Baiona FCren izenpean.

«Futbolera bueltatuko gara!», pentsatu zuen lagun taldeak. «Baina 7 jokalarirentzako tokia izango duen talde bat topatzea zaila izango da, gure talde propioa osatzea hoberena izango litzateke».

Eta horrela, 2015. urtean jaio zen Baiona FC, nahiz eta Udalak futbol zelairik utzi ez, eta lehenengo denboraldian lehiatzeko izen-ematea egiterik ez izan, ez zuten amore eman, eta hurrengo urtean, 16-17 denboraldian, Pirinio Atlantikoak departamenduko ligan (azken maila) debuta egin zuten. Nahiz eta kirol arloan oinarritu, klubak auzoko hainbat elkarterekin lanean dihardu, helburu nagusia auzoarentzat lan egitea, eta modu asanblearioan erabakiak hartzea izanik.

Zelaia topaleku jakina bada ere, bere zaletuen talde ofizala den “Hitza Hitz”-en egoitzan (13 rue Lagréou-en) bidaiak, klubeko nondik norakoen eztabaidak, musika entzunaldiak, mus gauak edota Aviron errugbi taldeko partidak ikusteko elkargune gisa erabiltzen dute.

Taldearen bulego-taberna Herri Brigada Solidarioaren egoitza ere bada. Bertan, 2021eko azaroan, pandemia garaian sufritzen ari ziren pertsonentzako sortu zuten herri mugimendu hau. Iraungitzerik ez zuten janari, musuko eta gel hidroalkoholiko, liburu eta eskutitzek osaturiko kaxak gabonetan banatzeko asmoz sortu zen. 

«Bizi eta alokatu zaitez zelaian, espekulazioari ez!»

Hilabete horretan ere, “Azaroak 20, larunbata. Han izanen naiz" lelopean, Baiona futbol taldeak etxebizitza izateko eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra manifestatzera deitu zuten Lapurdiko hiriburuko kaleetatik. Gazte taldeak, sindikatuak, elkarteak eta hainbat eragilek parte hartu zuten protestan. Izan ere, turismo masiboak, eta AirBnB bezalako egonaldi motzetako enpresek, etxebizitzaren prezioen egundoko igoera ekartzen ari baitira Euskal Herriko leku orotara, diru sarrera xumeak dituzten biztanleak izorratuz, kaleratzeak eta gizarte bazterketa indartuz.

Elkartasunaz aparte, kirol erakundeak kultura arloa ere jorratzen du Les Tontons Bestak ekimenaren bitartez. Euskal jai herrikoien antzera, karpa bat landara iltzatuz, pare bat elektrizitate sorgailu eta anplifikadore batzuekin, umeentzako jarduerak, kontzertuak, jolasak, DJak, eta herri bazkariak antolatu dituzte, futbol taldeak osatzen duten giza taldearen laguntzarekin.

Urtean zehar, babesle ofizialak diren auzoko tabernetan ere beste hainbat kontzertu eta musika gau antolatu dituzte, baita petanka txapelketak eta umeek futbolean lehen urratsak emateko jardunaldiak ere.

Futbol partidak

Kamiseta kolore urdin eta zuria jantzirik, Aviron futbol eta errugbi taldeak legez, hiriguneko berdegune artifizial batean jokatzen dute gure «zomorroek». Baina egia esan, ez dira bere partaideen tiki-taka estiloagatik bereizten, baizik eta bere zalego fidel eta beroagatik.

Ez da La Bombonera, baina danbor hotsak, koroak eta bengalak ez dira falta harrizko harmaila hotzetan. Euskara eta frantsesa, neska eta mutilak, garagardoa eta ardoa, irribarreak eta oihuak, Ongi Etorri Errefuxiatuak banderola eta ikurrina. Hori guztia Euskal Punk Rock musikaz nahasturik, oso koktel erakargarrian bihurtu ditu etxeko partidak.

Bere burua St.Pauli txikia bezala ikusi baino, Eibar SD taldea da Baiona FCren ispilua. Zalegoaren parte hartzearekin, proiektu umila eta egonkorra sortu zuten armaginek, hainbat urteetan lehenengo mailari eutsiz.

Bitxia bada ere, armaginen zale talde ofiziala ere badira, hori eta Eskozia La Brava zaletu gizpukoarrekin ere oso harreman estua dute baionarrek. Horregatik, bere anaitasuna, aldiroko elkarretaratzeekin indartzen dituzte, bazkaldu, edan eta txotx egiten futbol umilaren euritakopean. 

PSGko kamisetak non nahi ikusten diren garai hauetan, Ipar Euskal Herriko gure auzokideen lana bezalakoak geroz eta beharrezkogoak bihurtzen ari dira. Elkarbizitzan hain eragin positiboa izanik, espero dugu «eltxo garaiezinek» dantzan jarraitzea, beraien «ziztadekin» futbol herrikoiaz, kulturaz eta askatasunaz, baionatarrei askura eragiten jarraitzea, eta aldi berean amaitu ezinezko burrunbarekin Euskal Herria zirikatuz.