Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Lurperatutako egiak, Zaldibartik haratago

Gaur hamabost Zaldibarko hondamendiaren bigarren urtemuga beteko da. Denbora gehiago pasatu dela ematen du; ez da harrigarria, hortik 40 egun eskasera pandemiaren tsunamia gainera etorri zitzaigulako. Baina oso gutxi da; bi urte baino ez. Gogoan dut iaz erantzunik gabeko hamar galdera biltzen zituen artikulua osatu genuela GARAn. Bigarren urteurrena betetzear dela, galdera horietatik bakar-bakarra argitu da, artikuluan Beñat Zalduak eta biok aipatzen genuen zoritxarreko aurreikuspena: A Coruñako Bens-en gertatu bezala Joaquin Beltranen gorpua ez da aurkitzerik izan. Baina gainerako bederatzi galderak, erantzunik gabeko haiek, berdin-berdin idatz genitzake orain. Etsigarria dela uste dut.

Tarte honetan, gainera, informatiboki are kezkagarriagoa den gauza gertatu da afera honetan: irailean, inortxok aurretik horren susmorik izan gabe, akordio batekin itxi zen zabortegiari lotutako bi auzietako bat, lan istripuari zegokiona. Ez nau kezkatzen horrek hiru auzipetuak espetxetik libratu izanak, epaitu ez izanak baizik, horrekin Zaldibarren gaineko ezkutukeriak bere horretan segitzen du-eta. Bigarren aferaz ere, ingurumenaren hondamendiari buruzkoaz, ezer gutxi dakigu gaur egun, sumarioaren sekretua tarteko. Bestalde, Beltran bilatzeko lanak betirako etetea erabaki zenean nabarmen itzali zen hondamendi horren gaineko jakin-mina, fokua nahita hor jarria zutelako erakundeek, arreta beren ardura politikoetatik desbideraraziz.

Alonsotegiko EAJko alkate ohiak ere Zaldibarko auzipetuen bidea hartu du orain. Errudun ageri da baina erruaren gaineko argipena moteltzea lortu du agian. Antzeko zerbait gertatuko al da «De Miguel auziarekin»? Susmagarria ere bada Espainiako Gorenaren patxada, Arabako zigor epaitik bi urte bete direlako jada. Hau zuen gogoan egongo da beharbada, baina lanbro astindu batek estali du «Bidegi auzia» deiturikoa, AP-1eko lan haiek: Gipuzkoako Aldundiak, orduan EH Bilduren eskuetan, aurkeztutako lehenengo kereilatik zazpi urte betetzear dira eta hor bueltaka –edo geldirik– ibili behar du Azpeitiko auzitegian.

 

Ustezko hiperinformazioaren garaian gero eta erosoago zaie botereguneei beren zikinkeriak estalita gordetzea. Eta gero eta nabarmenagoa da zenbat gauza ez dakigun ez dakigula

 

Urtebete bete da, bestalde, ertzain baten autoa Donostian Urumea ibaira erori zela eta poliziakide baten heriotza «zorigaiztoko gertaera multzo bati» egotzi ziola Lakuako eledunak. Zeintzuk ziren ba zorigaiztoko horiek? Orain arte ez dizkigute kontatu... eta ez ditugu deskubritu. Ez ziren ba ilunpeetan geratu Amurrioko poliziakide ohi batek familia abertzale baten etxe bati egindako erasoa zein gero agertutako armategia, edo, duela gutxiago, Voxeko hautagai ohi batek Gasteizen salatutako eraso faltsua?

Zerrenda amaigabea litzateke, egun batean albiste handi izan eta hurrengoan di-da ahaztu diren eskandaluena. Egungo kazetaritzaren gabeziak agerian uzten dituzte, aurretik doa hau, baina bestelako hutsunerik ere bada. Oposizioko indarrentzat, esaterako, erronka izan beharko litzateke azalpen publikoa behar duten afera hauek guztiak azaleratzea, erakunde horien tripetan daudelako aztarnak, lekukotasunak, frogak. Eta funtsean jendarte osoarena da ajea: arreta luzaro auzi garrantzitsuen gainean jartzeko ezintasuna, zailak diren aferak ulertzen saiatzeko gogo eskasa...

Ustezko hiperinformazioaren garaian gero eta erosoago zaie botereguneei beren zikinkeriak estalita gordetzea. Eta gero eta nabarmenagoa da zenbat gauza ez dakigun ez dakigula, ez dugula gogoratu ere egiten. •