Nerea Goti

Zuzendaritza berrituta, independentziarako indarrak metatzea da Sorturen erronka nagusia

Bere hirugarren kongresua itxita, Sortuk militantziaren babes zabala jaso duen Nazio Kontseilu berria aurkeztu du gaur Bilbon. Arkaitz Rodriguezek buru duen taldearen zeregina ere zehaztu du hurrengo bost urteetarako: independentziaren aldeko indarrak biderkatzea, herri bulkada berri bat aktibatuz.

Sortuk bere hirugarren kongresua itxi du gaur Bilbon, Bizkaia pilotalekuan.
Sortuk bere hirugarren kongresua itxi du gaur Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. (Raul Bogajo | Foku)

Independentziarako indarra lelopean itxi du Sortuk bere hirugarren kongresua larunbat honetan Bilbon, Bizkaia frontoian, hurrengo bost urteetan eraldaketa sozial eta politikoa bultzatzea xede duen bide-orri berri batekin eta militantziaren babes zabala jaso duen zuzendaritza berritu batekin.

Bozen %89 jasota egingo die aurre finkatutako erronkei Arkaitz Rodriguez buru duen taldeak. Ondoan, Nuria Alzugarai (Idazkari teknikoa), Oihana San Vicente (Barne koordinatzailea), David Pla (Norabidetze Estrategikorako Gunearen arduraduna), Itsasne Fernandez (Barne antolaketa), Kizkitza Gil de San Vicente (Ekintza politikoa), Xabi Iraola (Herrigintza), Gotzon Elizburu (Komunikazioa), Elena Beloki (Nazioartea), Haimar Altuna (Gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordea) izango ditu idazkari nagusiak. Herrialde ezberdinetako arduradunei dagokienez, Lur Albizu izango da Nafarroako arduraduna, Jon Iker Aramendi Arabakoa, Aitor Servier Ipar Euskal Herrikoa, Paul Laka Bizkaikoa eta Aritz Arzallus Gipuzkoakoa.

Nazio idazkaritzarekin batera, zuzendaritza osatzen duen Nazio Kontseiluan beste hamar kide izango dira: Aiora Epelde, Ane Sainz-Espiga, Asier Zamorano, David Oroz, Eli Zubiaga, Haizea Kortaberria, Ibai Redondo, Iker Alcedo, Karlos Monteagudo, Txoli Mateos, Maddi Isasi, Gotzon Amaro, Amaia Etxabe, Clara Rouget eta Gorka Mayo. 

Alderdi subiranistak nabarmendu duenez, belaunaldi ezberdinak ordezkatzen dituen zuzendaritza izango da, baita herrialdeen arteko oreka eta Plan Feministan jasotakoa beteko duena, 30 lagunetik 14 emakume baitira.

Covidaren aurkako neurrien arabera, edukiera murriztua izan duen ekitaldian 800 militante izan dira. Ohiko neurrien ondoan, CO2 monitorizazio protokola ezarri dutela jakinarazi dute, aireztapen naturala eta mekanikoa uztartuz CO2 kopurua kontrolatzeko.

Arkaitz Rodriguezen hitzartzeak itxi du ekitaldia, zuzendaritza berriaren ondoan. Bere lehenengo agurra «momentu honetan euskal preso politikoak bisitatzen ari diren» senideentzat izan dira, baita Estatu frantses eta espainoleko kartzeletara eraman dituzten Mirentxineko ehunka bolondresentzat».

Agur berezia Rufi Etxeberria eta Rafa Diezi

Agur berezia izan du Rodriguezek Rufi Etxeberria eta Rafa Diezentzat «zuen belaunaldiko beste asko, konpromisozko eta entregazko bizitza oso bategatik». «Ez urrunegi joan» erantzi du, «ezinbestekoak» diren ekarpenak egiten jarraitzeko animatuz.

Bere mezuan, atzera begiratu du zuzendaritzak balantzea egiteko, eta nabarmendu du aurreko zikloa behin betiko itxi eta berri bat zabaldu duela, «askapen prozesuaren aurrerabideari aukera berriak eskainiz».

Era berean, beste indar batzuekin batera ezkerreko independentismoa «sozialki, elektoralki eta instituzionalki» indartzea lortu duela azaldu du Sortuko idazkari nagusiak, eta «mugimendu feministatik hasi eta euskalgintzaraino» aldarri eraldatzaile guztiek Sortuko eta ezker abertzaleko kidegoaren hauspoa izan dutela azpimarratu du.

«Sozialismoa edo basakeria»

Aurrera begira, alderdi subiranistaren erronken artean «zibilizazio berri baten eraikuntza» aipatu du Rodriguezek, eta horri lotuta egungo eredua aldatu eta sozialismoaren beharra nabarmendu du, Rosa Luxenburgoren hitzak gogora ekarrita: «sozialismoa edo basakeria».

Bide-orria zehaztuta, pentsiodunen borroka goraipatu du, baita Tubacexeko langileena, Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren eskubidearen aldeko mugimenduarena edota Guggenheim eta egoitzetan borrokan dabiltzan langileena.

Azpimarratu duenez, erronka guztiek «gehiengo bat eskatzen dute, subiranista eta aurrerakoia», EH Bilduk eta EH Baik izan dezaketen lidergoaren eskutik. Aipatu du, bestalde, erronka horiek «herri bulkada berria eskatzen» dutela, «berpizte nazional eta kultural bat», eta bide horretan, «ezker abertzalearen aktibo politiko eta militantea askapen prozesuaren mesedera jartzea, prozesua azkartzea, independentziarako indarra izatea eta horretarako, inoiz baino gehiago herrian urtzea, inoiz baino gehiago herriaren alde lan egitea».

Kongresua ixteko batzarrean, koalizioa osatzen duten beste alderdietako ordezkariek hartu dute parte, baita sindikatu nagusietako ordezkariek ere. Euskalgintza, hezkuntza edota feminismoa bezalako mugimenduetako eragileak ere izan dira, eta nazioarteko hainbat gonbidatu: BNG (Galizia), Comunes (Kolombia), CUP eta ERC (Katalunia), KNK (Kurdistan), MLN Tupamaos (Uruguay), FDLP (Palestina) eta Sinn Fein (Irlanda).