Ane Urkiri

Mikel Goñi: «Hirugarren gradua bi ahoko ezpata da, gauzak ondo egin behar dira»

Mikel Goñi pilotari ohia zortzi urte eta hiru hilabeteko espetxealdira zigortu zuen Iruñeko epaitegi batek, bi pertsona legez kanpo bahitzeagatik, mehatxatzeagatik eta «objektu arriskutsu» batekin lesioak eragiteagatik. Hirugarren graduan dago egun eta ETBko "Abiapuntua" saioan elkarrizketatu dute. 

Mikel Goñi, 2008ko San Fermin torneoan.
Mikel Goñi, 2008ko San Fermin torneoan. (Lander FDEZ. ARROYABE | FOKU)

2018ko udaran, zortzi urte eta hiru hilabeteko espetxealdira zigortu zuen epaitegi batek Mikel Goñi pilotari ohia. Bi pertsona legez kanpo bahitzeagatik, mehatxatzeagatik eta «objektu arriskutsu» batekin lesioak eragitea egotzita sartu zen Iruñeko kartzelan.

Hiru urte eta bi hilabete espetxean pasata, duela aste batzuetatik hirugarren graduan dago. «Txarrena pasata, lur hartzen eta norberaren bidea bilatzen» ari dela onartu du ETBko "Abiapuntua" saioan emandako elkarrizketan.

Preso ohiak «jende txarrak» ez direla adierazten hasi du elkarrizketa, saioko parte-hartzaile Maider Uribarri eta Andoni Andueza gazteen aurrean. 

Hiru urte eta bi hilabete espetxean pasata, azken zortzi hilabeteak bereziki gogorrak egin zaizkiola onartzen du: «Hasieran badakizu denborarako izango dela baina azken hilabeteak gogorrak egin zaizkizu». Era berean, orain hirugarren gradura pasata askatasun puntu bat berreskuratu duela, «gauzak ondo egiten» saiatzen dabil. «Hirugarren gradua bi ahoko ezpata da, askatasuna da baina gauzak ondo egin behar dituzu. Berriro espetxera itzultzea sekulako kolpea litzateke».

«Familia faltan botatzen duzu eta momentu txarrak daude», azpimarratu du. «Askatasuna daukazunean, momentu txar bat baldin badaukazu, hondartzara joan zaitezke txango bat ematera; espetxean, aldiz, ez daukazu irtenbiderik». Hori da berarentzako espetxeak daukan alde makurrena. 

Nolanahi ere, espetxean egon den denboran zorteduna izan delakoan dago, lagunak egin dituelako eta familia edo lagunak astero joaten zirelako bisitatzera. Atera denean ere, laguntzeko prest azaldu direla adierazi du. 

Oraindik ere lur hartzen dagoela onartu du, prozesu «nahiko zaila» bezala deskribatu du. Onartu du «gauzak gaizki» egin zituela, «baina jendeak badaki zergatik egin nuen eta orokorrean, ondo portatu dira». «Momentu txarretan ikusten da nor dagoen alboan eta nor ez. Ezustekoak hartu ditut, gehienak onak», adierazi du. 

«Egindakotik ikasi eta buelta eman», beste erremediorik ez dagoela nabarmendu du. 

Espetxean sukaldaritzako titulua atera zuela azaldu du eta bertan lana ere egin zuela, lehendabizi ofizinan bi astez eta ondoren, ekonomatoan, kafetegian. «Bizirauteko zerbait topatu behar da, lehenbailehen atera ahal izateko», gehitu du. 

Hirugarren gradua lortuta, lanean dabilela adierazi du eta, oro har, «bizitza lasaia» eraman nahi duela: «Noizean behin palaz jokatu, udaran pilotan partidaren bat...».