Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Klima larrialdia pinguinoetan izaten ari den eragina ikertzen ari da Greenpeace

2019an egin zuten Greenpeaceko kideek azken espedizioa Antartikara, eta planetaren berotzea pinguinoetan eragiten ari den kalte larrien datuak ekarri zituzten. Bueltan dira, eta inguru beroagoetan bizi den «Pygoscelis papua» espeziea toki hotzagoetara mugitu dela ikusteak kezkatu ditu.

«Pygoscelis adeliae» motako pinguinoa
«Pygoscelis adeliae» motako pinguinoa (Christian Aslund | GREENPEACE)

Ederrak dira pinguinoak, nork ez ditu gustuko, baina deus gutxi dakigu itsas hegazti hauetaz. Urtarrilaren 20an Pinguinoaren Nazioarteko Eguna izan zen. Data hauek garrantzitsuak dira komunitate zientifikoari eta kontserbazionistei animalien egoeraz, bereziki mehatxuez, ohartarazteko aukera ematen dietelako.

Pilar Marcos Greenpeaceko Ozeanoen arduraduna da. GAUR8ri azaldu dionez, itsas ikerketaz eta planetako azken txokoaz, Antartikaz, ari garenean pinguinoek, itsasoek eta natura osoak duten mehatxurik handiena informazio eta azterketa falta da. Hego Polora iristea hagitz garestia da. Bertzalde, klima larrialdiaren eta pertsonen bertzelako presioen –arrantza industriala kasu– kalteak sufritzen ari dira.

2019an Antartikara egin zuten aitzineko espedizioan, Elefante uhartean pinguino papozuriak (Pygoscelis antarcticus) izugarri gutxitu zirela deskubritu zuten Greenpeacekoek. 50 urteotan %77 gutxitu dira populazio batzuk.

Hilabeteotan Antartikan daude berriro, papozurien koloniak eta inoiz aztertu gabeko bertze batzuk behatzen. «Ez dugu espezie berririk antzeman; gertatzen dena da kontinente handi honek inguru beroagoak eta hotzagoak dituela eta badago pinguino espezie bat, txikiagoa, Pygoscelis papua delakoa, zonalde beroagoetan bizi dena. Joan den astean inguru hotzagoetara mugitzen ari dela ikusi genuen, tenperatura beroagoa delako orain», esplikatu du Marcosek.

«New Yorkeko Stony Brook Unibertsitatearekin batera ari gara lanean eta oraindik ebidentzia zientifikoak zehaztu beharko dituzte, baina aste batean bakarrik pinguino hauek lehen ez zeuden inguruetan daudela deskubritzea, zantzu guztien arabera klima aldaketagatik, kezkagarria da», nabarmendu du.

2 eta 3 gradu arteko igoerak

Poloak planetaren bertze alde batzuk baino azkarrago berotzen ari dira. Batez besteko tenperatura igoerak erraz gainditzen du Pariseko Akordioak ezarritako 1,5 graduko muga: Antartikan 2 eta 3 gradu arteko igoerak neurtzen ari dira. Hego hemisferioko udan –abenduaren 22tik martxoaren 20ra arte– tenperaturak ez ditu 5 graduak gainditzen.

Papozuri eta papua espezieetan zentratzen ari dira ikerketa. Dena den, pinguinoak igerilari apartak dira, elkarren artean nahasten dira, are gehiago udan, janaria eskura dutenean, eta Antartikako espezie zoragarri guztiak agertzen dira, dozena bat.

Greenpeace elkartearen itsasontzian, «Arctic Sunrise» izenekoan, diziplina anitzeko talde bat ari da elkarbizitzen: New Yorkeko Unibertsitateko zientzialariak, kazetariak, baita Alemaniako aktore ospetsu bat ere. «Antartikako azken espedizioan Javier eta Carlos Bardem anaiekin egin genuen bezala, bozgorailu gisa funtzionatzen dute. Zientzialari eta ekologistok sarri egiten ditugu alarma deiak, baina famatuek dei hori zabaltzeko balio dute. Euren hitzen eta sare sozialen bidez ahalik eta jende gehienarengana iristen gara».

Ozeanoen Konstituzioa

Nazioarteko uren artean –horietatik %70 ozeanoak– babestuak daudenak ez dira %3ra heltzen. Pilar Marcosen arabera, erronka handi bat da itsasoak zaintzea. Nazio Batuak hitzarmen bat eztabaidatzen ari dira. Ozeanoen Konstituzio bat izanen litzateke, eta 2030erako mundu osoko uren %30 babestea ekar lezake. «Aurtengo martxoan akordio hori lortzeko aukera dago, eta Antartika babestu beharrekoen zerrendaren buruan dago, 2016tik ez baita bere uretan itsasgune babesturik edo itsas parkerik sortu».

Gure planetan itsasoko bioaniztasun handiena duten guneak zaintzea litzateke konstituzio honen xedea. Greenpeaceren arabera, hitzarmen honen lehendabiziko baldintza sendoa izatea da. «Ez dadila izan klimaren gailurretan ikusi dugun bezala hitz ederren multzo bat. Jarraitzeko eta kudeatzeko gaitasuna egon dadila. Herrialdeei erran diezaietela, urpeko meatzaritza edo Antartikako krill krustazeo txikien arrantza egiten dutenei, zenbat eta nola egin dezaketen ekosistema errespetatzeko. Legalki loteslea izan dadila, eta ez dadila adierazpen politiko ponpoxo huts batean gelditu».

Antolakunde ekologisten ekimenez, lau milioi pertsonak eskatzen dute munduan Ozeanoen Konstituzio hau. «Klima eta ingurumen larrialdia Greta Thunbergen gisako aktibisten eta herritarren ahotan dago, baina komunitate politikoak mantsoegi hartzen ditu erabakiak. Badugu itxaropena. Une historikoa da, gutxitan izan da aukera halako hitzarmen bat egiteko. Ibilbide honetan herrialde batzuek beren jarrera aldatu dute. Esperantza ematen du AEBetako administrazioak, nazioartean duen boterearekin, Trumpek hauteskundeak galdu zituenetik ikuspegi aunitzez berde edo kontserbazionistagoa izateak. Badira, ordea, harraparien jarrerarekin segitzen dutenak: Errusia, Norvegia, Brasil… Babes handiarekin iritsiko gara martxora, eta oxala ez dadila adierazpen instituzional batean gelditu. Legezko tresna bat izatea nahiko genuke, gure ozeanoak hobeki mantentzeko».

Espedizioa portura itzultzeko puntuan dago, «Arctic Sunrise» ontzi izotz-hausleak leku mugatuak baititu. «Patroi bat behar dugu izotza maneiatzeko soilik, nabigazio egun pila behar dira, eta tripulazio handia, 15 lagunekoa, nabigatzeko bakarrik. Txileko Patagoniatik, Punta Arenasetik, Drake pasaia igarotzea erronka handia da. Antartikara iristeko munduko itsasbiderik arriskutsuena da, ñimiñoa zara itsaso erraldoian eta ekaitzek aunitz atzeratzen dute nabigazioa. Gainera, Antartikara jaisten diren pertsona eta objektu guztiak erabat desinfektatzen ditugu, espezie inbaditzaileak baitira bertako arazoetako bat. Planetan gutxien ukitutako txokoa da. Hori guztia egiteko hainbeste egun behar dira, pinguino kolonietara iristen zarenerako aunitz murrizten zaizu denbora. Horregatik, asmoa martxo amaierara arte egotea da».

Egun bat «Arctic Sunrise»-n

Ederki doa abentura. Tenperatura egokia izaten ari da, eta teknologiak izugarri laguntzen die komunikazioan. 1980ko urteetan jarri zuen Greenpeacek lehenbiziko oinarrizko kanpamendua Antartikan. «Kideak joaten zirenean ez zenekien ia ezer haietaz, astean dei bat soilik, satelite bidezko telefono batetik, han zeuden base militarretako batera joanda. Orain, berriz, webcam bidez jarrai dezakezu ‘Arctic Sunrise’-k daraman kamera. Kasik Bilboko bulego batean egonen balira bezala. Satelitezko konexioa eta zuntza ikaragarri hobetu dira. Alemaniako aktorea bere sare sozialean ari da dena komentatzen».

Greenpeaceko itsasontzian goizeko zazpi eta erdiak aldera egiten da esnatzeko deia. Eskifaiako lagun guztiek, zientzialari, aktore eta kazetariek barne, gosaldu eta itsasontzia garbitzen dute. Gero bilera egiten da, itsasoaren eta eguraldiaren arabera alde batera edo bertzera joatea erabakitzeko. Pertsona bakoitza nazio batekoa da, hortaz 20 nazionalitate ezberdin biltzen dira. Jatorduak ordutegi anglo-saxoian egiten dituzte, 12.00etan bazkalduz eta 18.00etan afalduz, dieta begetarianoa eta beganoa jarraituz.

Zereginak banatzen dira. Zientzialariak tripulazioarekin ateratzen dira, zodiac eta txalupak gidatzen dituztenekin, laginak hartzeko. Jakina, espezieak babestuak daude Antartikako Hitzarmenaren bidez eta zientzialariek soilik esku har dezakete, ikerketa baimenen bidez: eraztunak jarri, pisatu eta laginak hartzen dituzte. Fauna zenbatzeko droneak eramaten dituzte. Pinguinoen kolonien laginak hala hartzen dira. «Erraza da, ez da batere inbaditzailea».

Isiltasuna, naturaren soinua

Itsasontzian prentsa areto bat ere badago, kontatzen ez dena ez delako ezagutzen. Marcos ez dago han oraingoan, baina joan izan da, eta berarentzat gogorrena familiarengandik aparte egotea da. Baina honetan ere lagun dute teknologia. «Lehen gutun bat bidal zenezakeen agian, eta orain bideokonferentzia bat egin dezakezu». Intimitate falta ere ez da erraza, 24 orduz dena partekatzea. Muturreko tenperaturei aurre egiteko ere balio die teknologiak. «Jantzi termikoekin ez duzu hotz sentsaziorik. Txalupatik itsasontzira itzuli orduko berogailu ondoan jartzen zara eta ez zara konturatzen. Hainbestekoa da edertasuna...». Berarentzat, txundigarriena pertsonen isiltasuna da, faunaren, pinguinoen soinua entzutea, balea baten arnasa. Ez dago ezer, eta isiltasuna naturaren soinu garbia da.