NAIZ

Bizipozaren elkarteen errealitateei musika, irudia eta hitzak jarri dizkiote, jendarteratzeko

Bizipozak 36 elkarte biltzen ditu, guztiak hainbat eskubide bete gabe eta behar bereziak dituzten haur eta familiek osatutakoak. ‘Mundu berri bat guztiontzat (2)’ proiektua aurkeztu du. Hamabi elkarteren kantu eta bideoklipak jasotzen ditu, euskal sortzaileek eta elkarteek eskuz esku sortutakoak.

Motxila 21 taldeko kideak, dena ematen Biteriko oholtzan.
Motxila 21 taldeko kideak, dena ematen Biteriko oholtzan. (Jon URBE | FOKU)

‘Mundu berri bat guztiontzat (2)’ proiektua aurkeztu du Bizipozak larunbat honetan, Hernaniko Biteri kultur etxean. Hamabi elkarteren kantu eta bideoklipak jasotzen ditu, euskal sortzaileek eta elkarteek eskuz esku sortutakoak. 11 abestiz eta beste hainbat bideoklipez osatutako CDa eta DVDa dakartza. Lehenengoa, Bizipoza Auzolan, ikusgai dago jada.

Liburuxka formatuan eta elkarteen ilustrazio banarekin, bakoitzaren deskribapena, ipuintxoa eta abestiaren letra agertzen dira, baita sortzaileen eta elkarteetako kideen talde argazkiak ere.

12 elkartek egunerokoan lantzen dituzten gaiei eta haien errealitateari buruzko abestiak eta bideoklipak dira. Elkarte bakoitzaren mezua musikaren, hitzaren eta irudiaren bidez jendarteratzeko helburua dutenak.

Xabier Zabalak konposatu ditu 11 abestiak. Letrak Euskal Herriko hamabi idazle eta bertsolarik idatzi dituzte. Eta horiei hamar abeslarik eta lau musika taldek jarri diete ahotsa. Musikariak, aldiz, honakoak dira: L.M Moreno ‘Pirata’ (haize instrumentuak), Igor Telletxea (bateria), Ruben Caballero (gitarrak), Ritxi Salaberria (baxua) eta Kaabestri –Itziar Prieto, Igor Torre, Arkaitz Martinez eta Yi-Weng Wang– (hariak).

Motxila 21 taldearen emanaldiak lagundua

Motxila 21 musika talde nafarrak eman dio hasiera Hernaniko Biteri kultur etxean egin den ekitaldiari, ‘Gurpilak Sutan’ kantuarekin. Bera arduratu da bideoklip eta aurkezpen baten eta bertzearen artean zuzeneko emanaldien bidez giroa berotzeaz.

Joxe Mari Agirretxek eta Amaia Elizondok, Bizipoza elkarteko talde eragilearen kideek, aurkezle lanak egin dituzte, bideoklipak aurkeztu eta hitza eman diete ekitaldian parte hartu dutenei. Leire Elizegi Belokik, Bizipoza elkarteko koordinatzaileak, proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteen eta Super H-ren bideoklipak proiektatu dira. Baita ADEMGI, Bortzirietako Guztiok Taldea eta Sanfilippo elkartearenak ere.

Nerea Godoyk, azken elkarte honetako boluntario, Bizipozako talde eragileko kide eta Bilboko egoitzako langileak hiru arloetan duen esperientzia kontatu du. Eta jarraian beste bi bideoklip ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek: Etiopia Utopia Fundazioa Tikal, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara elkartearenak.

Amaia Elizondo Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko arduradunak eta Juan Luis Asensio Mindara Elkarteko lehendakariak azpimarratu duten bezala, Bizipozako elkarte guztientzat haien errealitatea musika, letra eta irudien bitartez jendartera zabaltzea «izugarrizko oparia da».

Mindara elkarteko kidea den 12 urteko Eider Garcia Elosegik bere trebezia erakutsi du sabeliztun bezala, bere panpina Mariarekin eta Joxe Mari Agirretxerekin elkarrizketa bat izanez. Txalo artean agurtu dituzte biak.

Chernobilen Lagunak eta Beroa elkarteen bideoklipak ere ikusteko aukera izan da.

Entitate publikoen erantzukizuna

Bizipozak eta osatzen duten elkarteek egiten duten lana nabarmendu du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, eta adierazi du entitate publikoek erantzukizuna dutela haien eskubideak bermatu daitezen.

Motxila 21 taldeak hirugarren eta azken abestia, ‘Amalur’, eskaini du. Oraingo honetan Xabier Zabala konpositorea izan dute bidelagun. Ondoren, Zabalak hartu du hitza, eta 11 abestien musikaren sortze prozesuaren zehaztasunak eman ditu.

Ekitaldia bukatzeko, Joxe Mari Agirretxek, Amaia Elizondok eta Leire Elizegik eskerrak eman dizkiete aretoa bete duten guztiei: elkarteetako kideei, sortzaileei, babesleei, argitaletxeari, komunikabideei...

Egutegia

Datozen asteetan argitaratuko diren bideoklipen agendaren berri eman dute talde argazkia egin eta Bizipoza Auzolan bideokliparen proiekzioarekin agurtu aurretik.

Hurrengo asteetan bideoklipak argitaratzen joango dira bizipoza.eus-en eta Bizipozaren sare sozialetan. Honako hau da egutegia: otsailaren 1ean ‘Hogeitabira’ (EHko Down Sindrome Fundazioa), otsailaren 4an ‘Txokotxoa’ (Beroa Elkartea), 8an ‘Guztiontzat’ (Bortzirietako Guztiok Taldea Elkartea), 11n ‘Beste pauso bat’ (Ademgi Elkartea), 15ean ‘Parke bat’ (Super H Elkartea), 18an ‘Mundu bat non’ (Etiopia Utopia Fundazioa Tikal), 22an ‘Gaur gu gara eguna’ (Sanfilippo Elkartea), 25ean ‘Izan gure lagun’ (Gure Nahia eta Gure Señeak Elkarteak), martxoaren 1ean ‘Nahi ibili gurekin?’ (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartea) eta 4an ‘Misha Txikia’ (Chernobilen Lagunak Elkartea).