Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Naizen elkartea, zazpi urte garen bezalakoak izateko aukerak zabaltzen

Orain dela hamarkada bat haur eta gazteen transexualitatea ez zen soilik ikusezina, pentsaezina ere bazen. Zazpi urtetan Naizen elkarteak ikusgarri eta, garrantzitsuagoa dena, pentsagarri egitea lortu du. Sariak banatuz eta abestia eta bideoklipa estreinatuz ospatu du, ekitaldi jendetsu batean.

Ana Martinez eta Elaxar Lersundi Ekairen gurasoak, Naizen Saria jasotzen, Gasteizko ekitaldian.
Ana Martinez eta Elaxar Lersundi Ekairen gurasoak, Naizen Saria jasotzen, Gasteizko ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘Ikusten gaituzuela ikusi nahi dugu’ izenburuarekin egindako ekitaldian, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian bildu ditu larunbat honetan Naizen adingabe transexualen familien elkarteak hamaika sendi, bidelagun dituzten erakundeetako ordezkari, bertze elkarte, profesional eta aktibista ugarirekin batera. Jose Luis Quintas Lakuako Osasun sailburuordea, Aitzole Araneta sexologo eta aktibista eta Ekai Lersundiren gurasoak saritu dituzte. Eta, gainera, ‘Ipuinetan ez bezala’ abestia eta bideoklipa estreinatu.

Duela zazpi urte Chrysallis Euskal Herria sortu zuten zortzi familiak eta duela hiru urte Naizen izenarekin birjaio ziren ehun. Gaur egun 250 dira eta gero eta gehiago batzen ari dira. «Orain dela zazpi urte guztiz ezezaguna zen errealitate hau eta inork ezin zuen lagundu bere etxean; orain, lagundu ahal da eta elkartea oso baliagarria da familien ezezagutza, beldur eta iluntasun horretan argia, babesa, sarea, maitasuna ematen duelako», laburbildu du Aingeru Mayorrek.

«Elkartean sartu nintzen alabak mundu honetara ekarri ninduelako. Lan eta lan ibili naiz aita bezala, alaba ongi bizi ahal izatea nahi dudalako. Horretarako mundua aldatzen ari gara. Ezagutza eta errespetua zabaltzen, gure seme-alaben aniztasunak lekua izan dezan», azaldu dio NAIZi.

Lan eskerga egin dute. «Orain dela hamarkada bat haur eta gazteen transexualitatea ez zen soilik ikusezina, pentsaezina ere bazen. Eta lortu dugu ikusgarri eta, askoz garrantzitsuagoa dena, pentsagarri egitea. Markesinetan ere jarri genuen: ‘Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak’. Egin dugun aurrerapena sekulakoa da».

Egin behar den bidea bertzeon begiradan dago

‘Tránsitos’ liburuan hori kontatzen dute adingabe transexualen familiek. «Oso inportantea da familientzat beste batzuei antzeko gauzak gertatu zaizkiela jakitea, bide bat egin dutela eta ez duela sufrimenduzkoa izan beharrik, gauzak ondo bideratuz gero haur eta gazte hauek ondo eta goxo bizi ahal direla. 25 kontakizun jasotzen dira liburuan. Baliagarriak dira errealitate hau bizi duten familientzat eta, noski, jendarte osoarentzat», adierazi du Mayorrek.

Esplikatu duenez, haur edo gaztetxo bat mutila zela pentsatzen bazen eta berak neska dela adierazten bazuen (eta alderantziz), dena izanez bizitzeko bidea umeak edo gazteak egiten zuela pentsatzen zen lehen, baina beraiek ez dute ezer aldatzen, iragatea bertzeon begiradan dago. Lehenengo eta behin, familia hurbilarenean. Haur orok behar du bere gurasoek ikus dezaten. Hazteko eta garatzeko funtsezkoa du bertzeen begiradan islatua ikustea. Hortik ekitaldiaren leloa.

Aitzole Araneta

Ikuste horretan, garrantzitsua da erreferenteak izatea. Aitzole Araneta saritua bezalakoak. «Aitzolek ordezkatzen du gurasoontzat gure seme-alabak etorkizunean izan ahal direna. Askotan gure familietan beldur handiarekin bizi da etorkizuna, eraso, bazterketa eta sufrimenduagatik. Aitzole emakume heldu bat da, transexuala. Esan behar nuen zoriontsu bizi dela. Ez dakit inor zoriontsu bizi den, baina goxo, lasai, ongi ikusten zaio», agertu du Aingeru Mayorrek.

Araneta hasieratik egon da elkartetik hagitz hurbil. «Arnasa ematen digu gurasooi pentsatzeak gure seme-alabak helduak direnean zoriontsu izan daitezkeela. Hortaz, erreferente da, opari bat, haur eta gazteentzat, eta gurasoentzat ere bai».

Jose Luis Quintas

Jose Luis Quintas Lakuako Osasun sailburuordea izan da bertze saritu bat. Azken zazpi urteetan, osasun zerbitzuetako solaskide gisa aritu da elkartearekin. Hainbat lanetan izan dute bidelagun, pertsona transexualen gida idatzi zenean edo 2012ko legearen hirugarren artikulua aldatu zenean. Naizen Saria eman diote «entzuteko jarrera izan duelako, distantzia eta traba handiak zeudenean hurbildu, ulertu eta instituzioetatik besarkatzeko gaitasuna izan duelako. Zubiak sortu dituelako aurrera egin ahal izateko».

Azken urteetan ontzat jo dute Naizen elkartekoek instituzioen inplikazioa. «Zailtasunak izan dira eta gauza asko dago oraindik garatzeko eta aldatzeko, baina erakundeek gure errealitatea ikusten dutela eta babesten dutela sentitzen dugu. Mugarri handi bat izan zen markesinetako kanpainan erasoak gertatu zirenean instituzio eta eragile guztiak haur eta gazte hauek babestearen alde jarri izana».

Horren erakusgarri, Lakuako eta Nafarroako gobernuetako ordezkariek hartu dute parte ekitaldian, bertze elkarte, profesional eta aktibistez gain. «Guretzat oso polita da gurasook gure seme-alabak lagundu ahal izateko gu ere laguntzen gaituztela sentitzea», adierazi du Mayorrek.

Ana Martinez eta Elaxar Lersundi

Ekai Lersundiren gurasoak ere besarkatu dituzte. Ana Martinez eta Elaxar Lersundirentzat izan da hirugarren Naizen Saria, «sufrimendu handiena, Ekai semearen heriotza, argi eta gidari bihurtu dutelako; transexualen eskubideen aldeko indarra, sendotasuna, kemena eta iraunkortasunagatik eta samuraiaren sugarrari bizirik eusteagatik».

Ekai 17 urteko gazteak bere buruaz beste egin zuen eta ez zela inoiz gertatu behar gogorarazteko eta berriro ez gertatzeko egunero egiten dute borroka gurasoek, bertze familiak besarkatuz.

«Ipuinetan ez bezala»

Sariak banatzearekin batera, ‘Ipuinetan ez bezala’ abesti eta bideoklipa aurkeztu dituzte, Ekaitz Goikoetxea bertsolariak, Xabier Crehuet musikariak eta Aingeru Mayorrek berak sortuak. Goikoetxea laguna dute, Mikele Grande elkarteko gaztearen tutorea izan zen eta, erraten duenez, opari bat izan zen Mikele ezagutzea. Naizen poesia eta magiaz betetako izena ere Goikoetxeak jarri zion elkarteari.

Bergaran solasaldi-jolasaldi saio polit bat egin zuten Goikoetxeak eta Mayorrek ‘Tránsitos’ liburuaren inguruan, eta hurrengo aurkezpenera Crehuet gonbidatu zuten zuzenean jotzeko. Letra gehiago idatziz gero gustura musikatuko lituzkeela bota zuen Crehuetek.

Gau hartan etxera iritsi eta lokartu ezinda zebilela ‘Tránsitos’ liburua hartu eta bertako kontakizunetatik abiatuta kantu bat egin zezaketela bururatu zitzaion Mayorri. «Oso berandu oheratu nintzen, zirriborro bat osatzea lortu nuen eta biharamunean Ekaitzi deitu eta elkarrekin idatzi genuen». Crehuetek musika jarri eta hala sortu zen ‘Ipuinetan ez bezala’, estudioan grabatu eta bideokliparekin aurkeztu dutena. «Ikus nazazun behar dut», dio mezuak.

Hitz jolas batetik abiatzen da. Ama batek ustez bere semeari erraten dio: «Seme, ze guapo zauden», eta hark erantzuten dio: «ama, apo ez, apa». Bi urte ditu ume horrek, oraindik ez daki guapa ere erraten baina badaki neska dela.

Bideoklipa Virginia Ogallaren ilustrazio eta Kiko Romeroren animazioekin egina dago, «oso ongi, polit eta fin txertatzen dira metafora bisualak letren metafora eta Xabier Crehueten musika eder eta goxoarekin», azaldu du Mayorrek. Abestia osatu eta aberasten dute, emozioa transmitituz.