NAIZ

Eraikuntza sektoreko istripuen aurrean erakundeei «beste aldera ez begiratzeko» eskatu diete

Irunen elkarretaratzea egin du euskal gehiengo sindikalak eta erakundeei, aurreko asteko istripu hilgarriaren harira, «ikerketa sakona» eskatu diete, baita «beste aldera ez begiratzeko» ere.

Añorgako Cementos Rezola enpresaren aurreran ere elkarretaratzea egin dute.
Añorgako Cementos Rezola enpresaren aurreran ere elkarretaratzea egin dute. (LAB)

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin du astelehen honetan Irunen, joan den asteazkenean Gipuzkoako udalerri horretan 45 urteko langile bat hil zelako, aldamio batetik behera erorita, hirugarren solairuko altuera batetik.

50 bat pertsonek hartu dute parte gaur goizean Palmera Monteroko biribilgunean, lan istripu hilgarria gertatu zen lekutik oso gertu, sindikatuek antolatutako protestan. Elkarretaratze isila hamabost minutuz luzatu da eta ‘Lan istripu gehiagorik ez’ lelopean egin da.

Andoni Larralde ELAko ordezkariak Eferi azaldu dionez, protestaren helburua Arbes auzoko eraikin bat birgaitzeko lanetan ari zen behargin horren heriotza salatzea zen.

Larraldek elkartasuna adierazi die hildakoaren familiari eta gertukoei, eta Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatu die «ikerketa sakona» egin dezatela «ezbeharraren arrazoiak argitzeko eta balizko erantzukizunak argitzeko».

Heriotza honekin 2022ko lehen egunetan Euskal Herrian bost langile hil direla ekarri du gogora eta horietatik bi Gipuzkoan zendu direla. Añorgako Cementos Rezolan izandako lan istripu baten ondorioz, beste behargin bat larri dago. «Kezkagarritzat» jo du laneko ezbehar-tasaren gorakada, batez ere eraikuntzaren sektorean, eta bere iritziz, lan-istripuen gorakadak zerikusi zuzena du «sektoreko lan-baldintzen okertzearekin».

Azkenik, euskal erakundeei «beste alde batera begiratzeari uzteko» eskatu die, eta patronalari, batez ere, langileen segurtasuna lehenesteko.

Añorgan ere protesta

LAB sindikatuak, ohar baten bidez, «azpikontratazioak heriotz arriskua areagotzen duela» nabarmendu du. «Migranteei buruz zabaltzen diren gezur handien atzean dagoen errealitatea azaleratu da berriro ere: asko eta asko lan baldintza gogorretan lanean ari dira, euren bizitza arriskuan jartzeraino», Cementos Rezolan izandako beste istripuaren harira.

Gertatutakoa salatu eta bere elkartasuna adierazi nahi izan dio ezbeharra jasandako langileari, eta Cementos Rezolan enplegu zuzenaren aldeko borrokan jarraitzeko konpromisoa hartzen du, azken hilabeteetako lanuzteekin egiten ari den moduan.