NAIZ

Realeko Zubimendi eta Aihen Muñoz prest egongo dira Kopan Betisen aurka aritzeko

Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak ia talde osoa izango du prest ostegunean, Reale Arenan, talde andaluziarra jasotzeko partida bakarrera jokatuko den final-laurdenetako kanporaketan. Ligan zigorra bete ostean, Mikel Merino ere zelai erdira itzul liteke.

Aihen Muñoz taldearekin entrenatu da astelehen honetan Zubietan.
Aihen Muñoz taldearekin entrenatu da astelehen honetan Zubietan. (REAL SOCIEDAD)

Asteburuan Ligako partidarik ez da egon eta ederki etorri zaio egoera hau Realari lesionatutako jokalariak berreskuratzeko. Hala, Imanol Alguacilek ia ia talde osoa izango du prest ostegun honetan, Reale Arenan, Betis jasotzeko Kopan. Kontuan izan behar da final-laurdenetako kanporaketa hau partida bakarrera jokatuko dela eta, beraz, ahalik eta futbolari gehien izatea, entrenatzaile oriotarrarentzat oso ona izango dela.

Klubak gaur jakin duenez, Martin Zubimendi eta Aihen Muñoz, Imanolen planetan sartzen diren bi jokalari, ostegunean jokatzeko prest izango dira euren lesioak behin gaindituta. Gaur Zubietan aritu dira entrenatzen taldearekin batera.

Zubimendi Celtaren Liga partidan lesionatu zen. Kasualitatez, Ander Guevara ordezkatuz zelairatu zen erdilari donostiarra, baina zoritxarrez zuntz-urradura izan zuen eta azken bi partidak galdu ditu.

Aihen Muñoz, bestalde, jokalari garrantzitsua izaten ari da ezker hegalean Nacho Monrealen lesioa dela-eta. Nafarrak Getaferen kontrako Liga partida galdu zuen hankako muskulu bikian jasotako kolpe batengatik, baina badirudi osatuta dagoela jada. Ondo etorriko zaio taldeari, Etxaurikoak berak duela aste pare bat NAIZerako elkarrizketa batean aitortu zuenez, konfiantzarekin baitago.

Astelehen honetan talde osoarekin entrenadu dira Zubimendi eta Aihen. Beraz, Carlos Fernandez eta Ander Barrenetxea luzarorako lesionatuta egongo diren futbolarien bajak besterik ez ditu izango. Horiekin batera Nacho Monreal egoingo da ere, baina nafarraren kasuan, espero da hil honetan berragertzea iragan irailean jasandako belaun ebakuntza behin gaindituta.

Bestalde, Mikel Merino Kopan aritzeko prest egongo da, behin Ligan Getaferen aurkako partidan zigorra bete ostean.

Kontuz ibili beharko du Realak, Betis oso denboraldi ona egiten ari baita. Gainera, hiru kanporaketetatik bitan kanporatu dituzte andaluziarrek donostiarrak Kopan. Aurten, gainera, Ligako lehen itzuliko neurketan 4-0eko porrota jaso zuen Realak Benito Villamarinen.