NAIZ

Pello Zabala idazle, eguraldian aditu eta fraide frantziskotarra zendu da, 78 urterekin

Pello Zabala eguraldian aditua, idazle eta fraide frantziskotarra hil egin da, 78 urte zituela. «Aurretik zituen patologiak larriagotu» ditu covid-19ak, EiTB Media taldeak asteazken honetan jakitera eman duenez. GARAren ‘Iritzia’ sailean idatzi zuen urte luzez, baita azken orrialdean ere.

Pello Zabala, 2019an.
Pello Zabala, 2019an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Pello Zabala fraide frantziskotarra, euskal idazlea, irratiko aurkezlea, musikazalea eta eguraldian asteazken honetan zendu da, 78 urte zituela eta covid-19ak lehendik zituen osasun arazoak areagotuta, EiTBk jakinarazi duenez.

Zabala Amezketan jaio zen 1943an. Arantzazuko santutegian bizi zen, Oñatin, eta bertatik aritzen zen bai frantziskotar gisa lanak egiten, bai bestelako lanen dibulgazioa egiten.

Euskadi Irratian aritu zen lanean hainbat urtez, hasieran musika saio batean eta gero eguraldi iragarpenak egiten. Era berean, ‘Klasikoak gaur’ irratsaioa aurkeztu zuen, Euskadi Irratian musika klasikoa eskaintzen zuen programa.

Euskal kultura eta Euskal Herriarekiko konpromiso irmoa erakutsi du beti Zabalak. GARAren Iritzia sailean ere ohikoa izan zen. Hauxe izan zen bere azken artikulua. Egunkariko azken orrian meteorologiari buruz ere idatzi zuen urte luzez.

‘Jakin’ edo ‘Zeruko Argia’ aldizkarietan idatzi du ere, eta BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko kidea izan zen.

Euskara, gaztelania, latina eta frantsesa ere irakatsi zituen Seminarioan hogei urte baino gehiagoz. Konpositorea eta organista zen ere Zabala.

Zabala, 2019an, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Dolumin mezuak

Ibilbide oparoa eginik zendu da Pello Zabala, eta sareetan dolumin eta atsekabe mezuak ugaritu dira heriotzaren berri izan ondoren.

«Pello Zabala joan zaigula esan berri didate. Frantziskotarra, euskaltzalea, abertzalea. Gizon apala eta umoretsua. Gure herriarekin konprometitua. Laguna. Besarkada handi bat Arantzazura eta lagun eta senideei», adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Twitterren.

Jose Ignacio Asensio PSEko Gipuzkoako idazkari nagusiak «tradizio eta denporak kontuan hartuz» Zabalak irratian egindako eguraldiaren iragarpenak gogoratu ditu, eta senide eta gertukoei «besarkada bat» bidali die.

Ildo beretik jo du Denis Itxaso Gobernu espainolaren ordezkariak EAEn: «Pello Zabala zendu da eta gogora datozkit bere gogoeta sakon eta zintzoak. Euskal idazle, irrati aurkezle, musikazale eta meteorologo frantziskotarrak, ikutu zituen arlo guztietan gizatasunez aritu zen,eta hori guztia goraipatuz agurtzen dugu gaur. Eskerrik asko Pello».

«Guztiongandik ezaguna eta maitatua. Eguraldiaren sekretuen dibulgatzaile eta euskararen erreferente handia. Herriaren alde etengabe lan egin duen frantziskotar ona. Arantzazun eta Euskal Herrian hutsune handia utzi duzu Peio, baina beti izango zaitugu gogoan. Goian bego», nabarmendu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

«Udazkendua hintzen, baina ez genian asko uste beste udaberririk harrapatuko ez huenik. Eskerrik asko naturaz, musikaz eta bizitzaz erakutsi diguan guztiagatik, ez haugu ahantziko. Bide on, Pello», adierazi du Xabier Euzkitze bertsolari eta komunikatzaileak.

«Lurra arina izan dakizula, Kontseiluaren bidelaguna!», idatzi du Euskalgintzaren Kontseiluak Twitterren.

Unai Gaztelumendi bertsolari, marrazkilari eta GAUR8ko kolaboratzaileak Twitterrera igo den bineta batekin agurtu du Zabala.