NAIZ
DONOSTIA

Dimisio jarioa biderkatu da Erresuma Batuko osasun publikoko langileen artean

Estatistika ofizialek igorritako datuen arabera, iazko ekaina eta iraila artean osasun zerbitzuko 33.000 langilek beren lana utzi zuten eta horietatik ia laurdenak beren «bizitzetan oreka jartzeko» egin zuen Erresuma Batuan. Izurria hasi aurretik izaten zen dimisio kopuruaren bikoitza da.

Joan Pons Laplana katalana Londresen zainketa berezietan erizaina izandakoa.
Joan Pons Laplana katalana Londresen zainketa berezietan erizaina izandakoa. (Oli SCARFF | AFP)

«Bigarren olatuaren amaieran hasi ziren ametsgaiztoak, izu-atakeak, insomnioa eta umorean aldaketak. Nire bizitza pertsonala eraisten ari zen. Nire buruaz beste egitea ere pentsatu nuen». Gordintasunez hitz egiten du bere esperientziaz Joan Pons Laplanak, NHS osasun sistema publikoan erizain gisa lanean aritutakoak, Londresen.

Katalana jatorriz, 46 urte ditu eta duela bi hamarkada bizi da Sheffield-en, Ingalaterrako iparraldean. Izurriaren aurretik zuen zama areagotu baino ez zuen egin koronabirusak. Covid-aren olatu ezberdinen artean lanean sufritutako presioak eraman zuen, sektoreko beste milaka langilek bezala, lana uztera. Osasuna mentala babestea zuen helburu Ponsek.

Estatistika ofizialen arabera, NHSko ia 33.000 langilek utzi zuten lanpostua iazko ekaina eta iraila artean, eta horietatik 7.000k beren bizitzetan oreka jartzeko egin zuten. Zenbakiok kronabirusaren eragin zuzena utzi dute begibistan: 2019 azken hiruhilekoan, alegia, izurria hasi aurreko zifrak bikoiztu baitira.

Amaigabeko txandak, birusetik babesteko materialak eragiten duen itolarria, kutsatzeko arriskuak eta ondoren senide eta seme-alabak kutsatzeko beldurrak zainketa bereziko unitatean zuen lanpostua uzteko erabakia hartzera bultzatu zuten katalana.

«Nire adina zuen gaixo batek tableta elektroniko bidez nire alabaren adin bertsua zuen alabari agur nola esaten zion ikusi nuen egun batean. Minutu batzuk geroago hilda zegoen. Gauetan bere begiekin amesten hasi nintzen. Nire terapeutak sindrome postraumatikoa diagnoskatu zidan».

Bilera batean zegoela alde egin zuen Ponsek, eta ez zen berriro itzuli. Gaur egun, ezgaitasunak dituzten pertsona eta bazterketa arriskuan daudenentzat lan egiten du haiei lana bilatzen laguntzeko.

Lan txanda pilaketa

Akshay Akulwar zirujauak oraindik ez du dimisioa aurkeztu, baina ideia buruan bueltaka dauka, onartzen duenez. Ingalaterrako ekialdean lan egiten du, eta akaso Zeelanda Berrira edo Australiara lekualdatuko da. Dioenez, han soldatak hobeak dira. Indiara, bere sorterrira, itzultzea ere ez du baztertzen.

Inoiz amaitzen ez diren lan txanden pilaketa salatzen du. «Pixkanaka egoera animikoa higatuz doa, familiarekin egoteko aukerak gutxituz… Langile bezala eraginkortasuna galtzen hasten zara langile bezala erreta zaudelako», dio zirujaua izateaz gain DAUK Erresuma Batuko sendagileen elkarteko bozeramailea denak.

Unison sindikatuaren ikerketa baten arabera, osasun zerbitzuko langilegoaren bi herenak baino gehiagok higadura profesionala sufritu zuen izurrian, eta erdiak baino gehiagok kontratuan sinatutako ordu kopurua ez zuen bete, zegokiena baino lan gehiago eginez. Ondorioa honakoa da: sektorearen langileen erdia baino gehiago lan berri baten bila dabil.

Aurrekontuetan azken hamar urteetan egin diren murrizketen ondoren, «koronabirusaren aurretik NHS zerbitzuan 100.000 langile falta ziren, zehaztu du Sarah Gorton Unison-eko kideak. «Izurriak presioa handitu baino ez du egin eta langile askok goia jo dute, ezin dute gehiago».

«Zenbaki bat naiz»

Bill Palmer, Nuffield Trust hausnarketarako zentroko kideak dioenez, dimisioak osasungintzaren sektorearen baitan 2016. urtetik handituz zihoazen, baina izurriaren lehen urtean eten egin ziren. «Profesionalak eustera derrigortuta sentitzen ziren, eta gainera askoz ere zailagoa zen beste sektore batean lan berri bat topatzea», azaltzen du.

Azken sei hilabeteotan, ordea, zenbakia berriro handituz doa, eta oso bizkor gainera. Langile batzuek ez dute txertatu nahi, eta ezinbesteko baldintza da honakoa Erresuma Batuan. Beste batzuek, bestalde, zerbitzuetako presioan jartzen dute azpimarra, bitarteko eskasian eta behar bezala estimatuak ez izatearen sentsazioan.

Alex psikiatrian erizaina da eta nahiago du abizenik ez eman. Bere lan ardura %25 areagotu zen koronabirusaen krisian, paziente gehiago zituen bere ardurapean eta erantzukizuna ere handiagoa zen. «Zenbaki bat baino ez nintzela ikusten nuen, eta deprimituta sentitzen hasi nintzen», aitortzen dio AFPri.

Aldaketaren bidea hartu, eta orain esklabutza garaikidearen biktimentzat eta indarkeria matxistaren biktimentzat egiten du lan. «Soldata paretsua daukat eta estres gutxiago, eta gainera nire lana baloratzen da», dio pozik.

Osasungintzan ez hain prestatuak diren langileen artean soldata baxuek ere lanpostua uztera gonbidatzen dute, batez ere beste sektore batzuetan, banaketan kasu, jende falta dagoenean eta haiek erakarri asmoz soldatak igotzen ari direnean.

Arrazoiak arrazoi, dimisioek Erresuma Batuan osasun sistemak dituen atzerapenak baino ez ditu areagotu, gaixotasun larrien kasuan, edo balizko istripu baten kasuan bizirauteko dauden aukerak gutxituz.