Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Irribarria eta Rezustaren erauntsia Jaka eta Mariezkurrenaren gainetik igaro da (10-22)

Hasi eta buka, nagusi izan da bikote gipuzkoarra. Ohartu orduko, 0-10 markagailuarekin aurreratu dira eta jada, berandu izan da gorrien erreakziorako. Jaka zein Mariezkurrenak egin dituzte tanto dotoreak baina partida jada ondo bideratuta eduki dute urdinek 8. garaipena poltsikoratzeko. 

Iker Irribarria aurrean fin eta atzera bidalitako pilotetan sendo ibili da, 9 tanto eginez.
Iker Irribarria aurrean fin eta atzera bidalitako pilotetan sendo ibili da, 9 tanto eginez. (Endika PORTILLO | FOKU)

100 tanto eskas eta 0-10 markagailua. Halaxe hasi dute partida Irribarria eta Rezustak, sekulako erauntsiarekin, tartean Rezustaren tanto ezin dotoreagoa, 0-4koa jartzeko. Jaka eta Mariezkurrena erantzunik gabe geratu dira partida hasi orduko eta markagailua iraultzea maldan gora jarri zaie. 

Irribarriak kanpora bota duen pilotarekin egin dute lehendabiziko tantoa gorriek eta erreakzioaren hasiera izan zitekeena ahal bezain azkarren saihestu dute oso bolada onean eta oso indartsu dabiltzan Irribarria eta Rezustak eta lehendabiziko atsedenaldi luzera 2-12 markagailu zabalarekin iritsi da partida. 

Bueltan, 6-4ko partziala aldeko izan dute gorriek, Jakak zein Mariezkurrenak eginiko bi tanto eta aurkariek galdutako beste pare bat pilotakada tarteko –Rezustak pilotakada bakarra galdu eta hori gorrien laugarren tantoan iritsi da–.

Jakak eta Mariezkurrenak ezin izan dute ganoraz estutu arerioa, zeina segurtasun osoz aritu den Astelenako pilotalekuan. Emozioz hutsala izan da partida, urdin kolorekoa izan da uneoro, alegia. 

Gainera, markagailua 10-19 zegoela, Mariezkurrena aldageletara joan da orkatilean minduta zeukalako eta esan daiteke, hor bukatu dela partida. Irribarriak eta Rezustak airean erabili dituzte arerioak eta segituan iritsi dira 22. tantora. 

Zortzigarren garaipena eskuratu du bikote gipuzkoarrak eta Laso-Imaz eta Altuna III.-Martija bikotearekin batera, lidertzan dira. Astelehenean, Elezkano-Zabaletak lauko berdinketa lortu dezake goiko postuetan Peña-Albisu bikotea menderatzen badute. 

«Gozatzen»

Bakoitzaren boladaren erakusle izan da beraz, Astelenako partida. Irribarria eta Rezusta hiru garaipen jarraian eskuratzetik zetozen eta laugarrena pilatu dute, oso nagusi izanda gainera. «Gozatzen» ari direla ezin izan dute ezkutatu Irribarria zein Rezustak partida osteko elkarrizketan. 

Bikote moduan ondo moldatzen ari direla argi dago, «eta gauzak ateratzen ari dira». Rezustak, gainera, adierazi du azken aldian hainbatetan aipatu legez, «abiadurarekin eta partidan agintzen» aritu direla, hasieran lortu duten alde nabarmena ere lagun izan dutela onartuz. 

Jaka eta Mariezkurrena, aldiz, txapelketa osoan legez, irregular aritu dira. Egin dituzte zenbait tanto dotore baina pilota gehiegi galdu dituzte –4 Jakak eta 6 Mariezkurrenak– eta egindakoetan, arerioen zenbakietatik urrun geratu dira. Irribarria eta Rezustaren erauntsiaren aurrean ezin izan dute ezer egin eta atzean asko sufritu dute –urdinek zazpi tanto egin dituzte atzera botatako pilotekin, egin dituzten erdiak baino gehiago–. 

Pilotakadak: 348

Iraupena: 47:40 minutu

Markagailua: 0-1, 0-2, 0-3, 0-4, 0-5, 0-6, 0-7, 0-8, 0-9, 0-10, 1-10, 1-11, 2-11, 2-12, 2-13, 3-13, 3-14, 4-14, 5-14, 6-14, 6-15, 7-15, 8-15, 8-16, 8-17, 8-18, 9-18, 10-18, 10-19, 10-20, 10-21, 10-22. 

Sakez: 0 Jakak eta 1 Irribarriak.

Tantoak: 4 Jakak eta 9 Irribarriak; 2 Mariezkurrenak eta 3 Rezustak.

Galdutakoak: 4 Jakak eta 3 Irribarriak; 6 Mariezkurrenak eta 1 Rezustak.