Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Munillak Donostian azken meza eman bitartean ekintza batekin ‘agurtu’ dute feministek

Donostiako Emakume Askeak plataforma feministak Jose Ignacio Munillak hiria utziko duela ospatzeko ekintza egin du Artzai Onaren plazan. Gotzainaren kontrako aldarriak ohiukatu dituzte katedralaren parean: «Homofobo! Espekulatzaile! Faxista! Misoginoa! Agresorea! Atzerakoia!».

Fededunez beteta zegoen igande honetako 18.00etan Donostiako Artzai Onaren katedrala, barrua eta inguruak. Jose Ignacio Munillak bere azken meza eman du bertan, 12 urtez hiriko gotzaina izan ondoren. Ordu horretan, emakume talde bat plazara gerturatu da, beltzez jantzita eta ileorde koloretsuekin, eta horietako bostek katedralaren sarrerari bizkarra emanda zenbait kartel zabaldu dituzte. Fededunek, gehienak adinekoak baina ez denak, mespretxuz begiratu dituzte: «Zer ari dira hauek orain?».

Aise hurbildu da jendea Donostiako Emakume Askeak plataformak egin duen ekintza ikusi eta kartelak gertutik irakurtzeko. Bost mandamendu irakur zitekeen batean: bizitza maitatu, zure gorputza gozatu, aniztasuna errespetatu, hartzan eta eman zan, eta, azkena, ibili dantzan.

Ixa gorri bat utzi dute lurrean, emakume taldearen zentroan, atzerago, bi kandela piztuta, eta azken bi emakumeek pankarta bat zabaldu dute, «alu intsumituak» goraipatuz. Albo batean, beste bi kidek beste pankarta bat erakutsi dute: «Kontuz Munilla! Deabrua gure kuadrilakoa da».

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina hiritik badoala ospatzeko ekintza izan da, baina ahaztu gabe gipuzkoako hiriburuan egin duen ibilbidean Alacant-Orihuelara bidalitako gotzainak samindutako herritarrak. «Homofobo! Espekulatzaile! Faxista! Misoginoa! Agresorea! Atzerakoia!» bezalako ohiuak egin dituzte katedralaren parean eta hitzok ixa gorriaren inguruan idatzi, bakoitzeko lurrari ostikoak eman ostean. Inguruko batzuk ere animatu dira protesta oihartzun bidez segitzen. Hau guztia, katedralean Munilla meza ematen ari zen bitartean.

Jose Ignacio Munilla, Artzai Ona katedralean azken meza ematen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Abortuaren eta emakumeen kontra egindako adierazpenek sarri haserretu ditu feministak, baita beraien irudimena piztu ere, baina ez da Munillak erasotu duen kolektibo bakarra: eutanasiaren kontrako adierazpenak ere egin zituen, eta Donostiako Amara auzoko fededunek ere protesta egin zuten gotzainaren kontra, Familia Santuko parrokiarekin negozioa egin asmo zuelako, beste polemika askoren artean.

Ospakizunerako ekintza ere bazenez, ‘Maritxu nora zoaz’ eta ‘Emakume askeak’ kantatzera animatu dituzte herritarrak, baina letra desberdinarekin: «Zer dago ba Donostin? /Munilla kabroia / bueltatuko diogu /Sanbenito zaharra»; edo «emakume askeak /sorgin, feministak /merezi duzun bezala /agurtzen zaituzte: /pederasta bortxatzaile /inkisidore hiltzaile /lapur estafadore /ta apaiz torturadore».

Kartelak ateraino

Ordurako haserre zen Artzai Onaren sarreran bildutako jende-saldoa, baina areago haserretu dira Emakume Askeak-eko kideak katedralaren sarrerara gerturatu eta kartelak lurrean utzi dituztenean; «Munilla, kuadrilarik gabe zoaz» edo «apostasia orain», kasurako. Eskaileretan ixa gorria utzi dute, Munillari eskaini dioten hitzak idatzita.

Hainbatek egin diete liskar eskaileren gainetik, eta lurrean utzitako kartoizko kartelak puskatzen saiatu da emakume bat, baina feministek ez diote utzi. Emakume Askeak plataformako kideak plazatik alde egin dutenean, beste andrazko batek kartelak hartu eta zakarretara bota ditu. «Zaborrak ez du lurrean egon behar», esan du.