Maite Ubiria

Baionako portuaren jarduerak %6,7ko hazkundea izan zuen iaz

Pandemiak 2020 «erresistentzia urtea» bilakatu ondoren iaz hazkundearen norabidea hartu zuen Baionako portuak. Hauek dira bilanaren zifra nagusiak.

Pandemiak derrigorrezko geldialdia ezarri bazuen ere Baionako portuaren aktibitatea azkarki emendatu zen iaz.
Pandemiak derrigorrezko geldialdia ezarri bazuen ere Baionako portuaren aktibitatea azkarki emendatu zen iaz. (Guillaume FAUVEAU)

«Iazko emaitza zinez ona izan bazen ere orandik ere egoera normal batetara heltzeko urrun gaude 2020an beherakada bortitza izan zelako», azaldu dute Baionako portuko arduradunek.

Iazko bilanak, ordea, itxaropena berreskuratzeko zifrak utzi zituen. Oro har, portuaren jarduerak %6,7ko hazkundea izan zuen aurreko urtearekin alderatura. Igoera %5,8koa izan zen 2019. urtean.

Pandemiak sorturiko egoera zail horretan, portuaren kokapena, europear eta eskualde mailan, lagungarria izan dela uste dute azpiegiturako kudeatzaileek.

Alde batetik, salgai ezberdinak garraiatzeko aukera zabaltzen duelako eta bestetik «nazioarteko trafiko ibilbide handiek edota bidaiarien garraioek pairatu zuten moteltze joerak ez gaituelako nozitu».

Horrekin batera, portuan ezarritako garabi berri bik «itsasontziei eskainitako zerbitzu maila hobetzeko aukera eskaini dutela» nabarmendu dute portuko arduradunek iazko txosten horretan.

Petrolioatik eratorritako produktuen garraitzeak %55an emendatu zen 2021ean eta produktu siderurgioena abantzu %20a. Gainerako salgaie dagokionez batazbestekoak irankortu dira.

'L'Hermione', «askatasunaren fragata»ren bisita

Ezinbestean, esklabutza atzera uzteko bidean jokatu zuen paper garrantzitsuagatik «askatasunaren fragata» izena jaso zuen L’Hermione itsasontziak Baionako portua hautatu izanak aukera paregabe eskaini ziola portuari bere lana ezagutzera emateko nabarmendu dute kideatzaileek urteko bilan horretan.

Lapurdi hiriburuko portuaren azpiegiturak hobetzeko 600.000 euroko inbertsio egin zuen berriki portuaren jabetza duen Akitania Berriako Eskualdeak.

Horri esker posible izan zen bai Hermione-Lafayette elkarteak bultzaturiko bisitariak markatzen duen erronka teknikoari erantzutea baita beste ontziek eskaturiko zerbitzuak bermatzea ere, hala nola «Angeluko hondartzetara Errobin bildutako hondarra eramaten duten ontzien behar bereziak asetuz».

200.000 euroko inbertsioa egin dute portuak inguruko herritan sortzen dituen eragozpenak murrizteko eta beste 300.000 Tarnose aldeko lur eremuak atontzeko. Horretaz gain eragile pribatuek 130.000 euro inbertitu dituzte.

Azkeneko urteetan orotara 70 milioi inguru inbertitu dute eskualdeak eta portuko kudeatzaile den Baionako Markatal eta Industria Ganberak, alde batetik kaia berriak eraikitzeko eta, bestetik, itsasoratze, mantenimendu eta biltegi zerbitzuak hobetzeko.