Ander Zabalza Zudaire

Lan erreforma kritikatuz, ELAk lantokietako borroka areagotuko duela iragarri du

ELAk lan erreforma kritikatu du, aurrekoak zeukan funtsezko arazoak berdin mantentzen direla eta prekarizazioa konpontzeko ahalmenik egiten ez duela salatuz. Lantokietako borrokari dei egiten dio eta estatalizazioak zein kaleratze kolektiboek eragiten dituzten kalteei aurre egin nahi dio aurten.

Mari Cruz Elkoro, Mitxel Lakuntza eta Pello Igeregi ELAko egoitzan.
Mari Cruz Elkoro, Mitxel Lakuntza eta Pello Igeregi ELAko egoitzan. (ELA)

Aurreko astean sinatutako lan erreformak hutsune handiak utzi dituela salatu du ELA sindikatuak Euskal Herriko langileen egoeran. Bai Sanchez-en «sasi-erreforma» izendatu dutena, bai administrazioetan behin-behineko langileen kontsolidaziorako legea ere, negoziazio kolektiboaren bitartez konpontzen saiatuko direla adierazi dute Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduradunak eta Mari Cruz Elkoro zerbitzuetako idazkari nagusiak.

ELAk egoera berria eta 2022ko negoziazio kolektiboa aztertu ditu; aurten sektoreko 93 lan-hitzarmen daude irekita (71 EAEn eta 22 Nafarroan), gehi beste 404 enpresako hitzarmen (73, Nafarroan).

Hitzarmenen genero analisia eskaini du Elkorok, blokeo hauek dakarten arazoak sektore feminizatuetan areagotzen baitira: «sektore feminizatuak atomizatuta daude eta azpikontratatu egin ohi dira; hor patronalak lan erreformetako tresnak baliatzen ditu negoziazioa blokeatzeko».

ELArentzat hitzarmen hauetako funtsezko hutsuneak betetzeak garrantzi handia dauka eta neurri zehatzak proposatu ditu: KPIz gaindiko soldata igoerak aberastasunaren banaketan pisua irabazteko; prekaritatearen kontrako neurri eragingarriak, batik bat subrogazio eskubidea eta arlo publikoan behin-behineko iruzurrezko kontratuekin diharduen jende guztiaren kontsolidazioa; lanaldiaren murrizketa gatazken ardatz bihurtzea, digitalizazioak ez dezan lanposturik suntsitu; eta lan erreforma negoziazio kolektiboaren bidez indargabetzeko neurriak, ELAren klausula hitzarmenen aplikazioan salbuespenik ezar ez dadin.

Gainera, ELArentzat, lan zentro ugari eta oso sakabanatuak izateak antolakuntza zailtzen du, eta sektore feminizatuak oinarrizkoak diren heinean «greba eskubidea oso murriztuta dago, kasu askotan debekatuta».

Etorkizunari begira, dekretuak kanpo utzi dituen arazoak konpontzea du helburu ELAk. Digitalizazioaren ondorioz merkataritzan egondako despido kolektiboak saihestu nahi ditu, «Inditex edo H&M taldean bezalakoak, arazo ekonomiko eta kausarik gabe aurrera eramandakoak». Honetaz gain, lanaldi partzialei eta soldata arrakalari aurre egiteko neurriak jartzea beharrezkoa dela nabarmendu du sindikatuak.

Mitxel Lakuntzak bi helburu nagusietan laburbildu ditu ELAren jarduera egoera honen aurrean. Alde batetik, EAJ eta EH Bilduri lan erreformaren gaia mahai gainean jartzen jarrai dezatela eskatuko diete.

Bestetik, borroka sindikalarekin jarraituko direla bermatu du Lakuntzak: «Legeak konpondu ez diguna guk konpondu beharko dugu». Zentzu horretan, CCOO eta UGT bezalako sindikatuek «euskal langileen onuran pentsatzen ez dutela» salatu du ELAk.