NAIZ

Beasain eta Bergara arteko errepidearen ordainsariaren kontra ehunka pertsona bildu dira

HIRU sindikatuak eta A636 Peajerik Ez plataformak deituta, manifestazioa egin dute gaur Urretxu eta Zumarragan, Beasain eta Bergara artean kobratzen hasi diren ordainsaria salatzeko. Izan ere, kamioiak derrigorrez igaro behar dira errepide hortatik eta, beraz, derrigorrez ordaindu.

A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak bidesariaren aurkako mobilizazio.
A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak bidesariaren aurkako mobilizazio. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urtarrilaren 18an bidesari berri bat jarri zen indarrean Gipuzkoako autobideetan, A-636 errepideari eragiten diona, Beasain-Bergara izenarekin ere ezaguna. Horren kontra egiteko, A-636 Peajerik Ez plataformak eta HIRU sindikatuak Urretxu eta Zumarraga zeharkatu dituen manifestazioa egin dute gaur, ehunka parte hartzaileekin.

Deitzaileek gogorarazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bidesaria kobratzen die ibilgailu guztiei, motozikletei izan ezik, autobidearen hiru zatitan, A-15 eta N-1 errepideetan erabiltzen den sistemaren antzera, Beasainen, Ezkion eta Deskargan jarritako arku batzuen bidez.

HIRU sindikatuaren hitzetan, neurri honek bereziki eragiten die garraiolariei, kamioiek turismoen bikoitza ordaindu behar dutelako (5,15 euro eta 2,53 euro, hurrenez hurren). Gainera, autoek badute bide alternatibo bat, Deskargako portua, baina bertatik igarotzea debekatuta dute kamioiek eta, beraz, derrigorrez igaro behar dira A-636tik, dagokion bidesaria ordainduz.

Sindikatuak uste du azken aldian «zakua zerga berriekin» betetzen ari dela Gobernua. Izan ere, hau ez da azken urteetan martxan jartzen duten bidesari sistema bakarra. N1ean eta A14an ere antzerako zerbait egiten saiatu ziren, epaitegiek baliogabetu zuten arte. HIRUren ustez, errepideak guztien zergekin finantziatu beharreko ondasunak dira, publikoak direlako.

Martxan jarri duten neurriak «egunero bide hori erabiltzen duten milaka pertsonari» eragiten diela nabarmendu du HIRUk, eta, gainera, «nahitaez izan beharko dutela tasa ordaintzeko gailu edo sistema elektronikoren bat, Gipuzkoako Aldundiak isuna jarriko baitie ibilgailuan instalatzen ez dutenei».

«Bidesarien helburua Bidegiren zorra ordaintzea da eta bederatzi bankuk inposatu diote Bidegiri mailegua ematearen truke. Zor hori Goierriko eta Debagoienako langileok eta ikasleok ordainduko dugu, Europak inposatu duela gezurra da, gure alkateek bidesaria babestu dute, errepide zaharrak igarotzen dituen herriak kaltetuko ditu, errepide txarrak genituen eta berriak egin dizkigutenean berriro diskriminatu egin gaituzte, bidesariek ez dute lurralde kohesionatzen zatitu baizik eta Abiatu sistema zerga bat gehiago besterik ez da», adierazi du sindikatuak.

Hala, manifestariek Aldundiari eskatu diote kamioiei bidesaria kobratzeko sistema bertan behera uztea eta 2018tik N1ean eta A14ean kobratutakoa itzultzea. Uste dute ordainketak automatikoki egiten diren bezala, itzultzeak ere erraz egiteko gaitasuna duela Gipuzkoak.