NAIZ

Karmele Aierbe ezker abertzaleko kide historiko eta euskaltzalea hil da

Karmele Aierbe ezker abertzaleko kide historikoa eta euskaltzalea hil da, gaixotasun luze baten ondorioz. Agurra asteazken honetan egingo diote, 18.30ean, Ataungo San Gregorio pilotalekuan.

Karmele Aierbe, artxiboko irudian.
Karmele Aierbe, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Karmele Aierbe ataundarra, ezker abertzaleko kide historikoa eta euskaltzalea, hil egin da, gaixotasun luze baten ondorioz.

Ataungo alkateak eman du berria sare sozialetan eta «euskaltzale eta borrokalari nekaezin» gisa definitu du.

Aierbe 1951n jaio zen Ataunen. Ogibidez irakaslea zen baina gaztetatik bere miltantzia politikoarekin uztartu zuen ibilbidea. Herri Batasunako militantea, 1998an Mahai Nazionaleko kide aukeratu zuten. Behin baino gehiagotan atxilotu zuten, eta torturak pairatu zituen. Azken aldiz 2007ko urrian atxilotu zuten, Segurako operazioan, eta auzipetu egin zuten beste 35 lagunekin batera.

Bere herriko zinegotzi ere izan zen, eta euskalgintzan ere murgildu zen gaztetatik. EHE erakundeko koordinatzaile izan zen 80ko hamarkadaren bukaeran eta lan handia egin zuen euskararen alde, baita UEMAn ere.

Aierbe gaixo zegoen aspalditik eta 2019ko otsailean omenaldia eskaini zioten AtaunenGoierriko hainbat udalerritako alkate eta hautetsiak bildu ziren orduan, EH Bilduk deitutako ekitaldian eta Arnaldo Otegi koordinatzailea ere bertan izan zen. Bere ibilbide oparo eta aberatsa goraipatu zuten.

Bi urte beranduago, iazko ekainean, UEMAk ere omenaldia egin zion Amasa-Villabonan, urteko batzar nagusian; euskararen alde egin zuen lana eskertu nahi izan zioten horrela. Aierbek ezin izan zuen ekitaldira joan, baina lore sorta bat bidali zioten alkatearen bidez.

Sare sozialetan oihartzun handia izan du bere heriotzak; guztiek bere konpromisoa nabarmendu dute.

Sortuk eskerrak eman dizkio, «herria egiteagatik», eta Arnaldo Otegik ere bere nortasuna nabarmendu du.

Euskalgintzaren alorretik, UEMAK erakunde horri egindako ekarpena gogoratu du eta Kontseiluak ere eskerrak eman dizkio

Karmelo Landa Mahai Nazionalean kide izan zuenak ere gogoan izan du.

Olaso Dorrea Fundazioak ere agurtu du ataundarra.