Jon Ormazabal

Azkoitian irabazi eta gainontzeko emaitzek lagun dezatela itxaron

Egoera kontrajarriak badira ere, Elezkano-Zabaletak eta Jaka-Mariezkurrena bikoteek oso argi dute euren eginbeharra. Atzelari etxarrendarra ez du kokiltzen play-offa jokatu beharrak eta berriozartarrak onartu du lehenago geratu behar zuela eskua osatzeko.

Ez da inolako kexarik izan Azkoitiko Gurean izandako material aukeraketan.
Ez da inolako kexarik izan Azkoitiko Gurean izandako material aukeraketan. (ASPEPELOTA.EUS)

Bikote bakoitzaren egoera arras desberdina den arren, Elezkano-Zabaletak eta Jaka-Mariezkurrenak gauza bera eta bakarra daukate buruan, ostiraleko partida irabazi eta, behin euren lanak ondo eginda, gainerako emaitzek lagun dezatela itxaron. Aspekoen kasuan, finalerdietara zuzenean sartzeko, euren puntuez harago, Irribarria-Rezusta edo Altuna-Martijak, bi bikotetako batek, euren partida galdu beharko lukete. Are zailagoa da Baikokoen karanbola, eurak 22 heltzeaz gain, Urrutikoetxea-Arangurenek Ezkurdia-Tolosari irabaztea eta Peña-Albisu Irribarria-Rezustari gailentzea beharko lituzkete play-offa jokatzeko.

Egin beharrekoak antzekoak izan daitezkeen arren, aldartean ere nabari da batzuen eta besteen egoerak ez duela batere antzik. «Esperantzak dagoeneko gutxi dira baina behintzat, ea bukaera on bat ematen diogun txapelketari, gutxienez joko aldetik. Txapelketa osoan ez dugu gure jokoa atera, ez da gure txapelketarik onena izan baina oraindik Erik eta ni gazteak gara eta espero digu beste aukera bat izatea», azaldu du Jon Mariezkurrenak.

Etxarrendarrak, bere aldetik, itxaropenez ekingo dio jardunaldiari. «Partida irabaztera, sentsazio onekin amaitzea eta ea puntua lortzeko moduan garen, asteburuan beste emaitzen zain egoteko». Lehen helburua lortuko ez balute, ordea, beste aukera bat izango lukete eta aurreko urteetan finalerdietara zuzenean sartu baziren ere, kanporaketa hori jokatu beharrak ez du beldurtzen Zabaleta. «Egoera berria litzateke niretzat, baina jokatu beharra ez litzateke disgustu bat izango. Nik uste txapelketa ona egiten ari garela, kontua da aurten 10 puntu ere direla agian nahikoa izango aurrera egiteko».

Gainera, gauzak horrenbeste zaildu zizkien hiru partidetako bolada txarrak amaitua dirudi. «Egia esan batxe txiki bat pasatu dugu eta aurkariak ere oso indartsuak izan ditugu galdu ditugun partidetan. Azkenean, txapelketa luze honetan, zaila da partida guztiak irabaztea eta ikusi da, gure maila ez baldin badugu ematen, beste bikoteek irabazten dizutela. Azken bi partidetan hobeto jokatu dugu, bi garaipen eskuratu ditugu eta horrela jarraitu behar dugu», gaineratu du.

Zama gainetik kendu ezinik

Euren partida irabaztea bezain zaila ikusten du Jon Mariezkurrenak behar dituzten beste bi emaitzak ere ematea eta aurreko larunbateko Ezkurdia-Tolosaren aurkako porrotak min handia egin zien. Txapelketa aurkeztu zenean faboritoen artean sartzen ziren, baina asteak pasa ahala ez dira euren maila emateko gai izan. «Askotan gertatzen diren gauzak dira horiek, iaz ikusi zen nola Aimar eta Rezusta kanpoan geratu ziren. Gure txapelketa txarra izan da, baina batez ere hasieran, eskuetatik oso oso gaizki ibili nintzen ni. Horri buelta ematea oso zaila izan da, batez ere jokoz eta gauza desberdinak egiten hasten zarenez bizioak eta hartzen dituzulako. Nik uste justu orain, bukaeran, hartu dudala joko puntu pixka bat. Uda ere etorriko da  eta saiatuko gara puntuan jartzen eta behintzat  pilotari bezala garatzen», gaineratu du Mariezkurrenak.

Pilotari gaztea da oso berriozartarra, ofizioa ikasi behar duen horietakoa oraindik eta gaurko ikuspegitik, eskuak erabat osatzeko lehenago geratu behar zuela onartu du. «Hasieran pentsatzen duzu takoak horrela edo beste modura jarrita jokatzeko moduan zaudela, baina maila honetan jokatzeko moduan egotea beste gauza bat da. Denek asko jokatzen dute eta ez da gauza bera frontoian zu bakarrik aritzea entrenatzen edo asteburuan Jose –Zabaleta– bezalako atzelari  baten aurka jokatzea eta ziur asko pare bat aste lehenago geratu izan banintz hobeto egongo nintzateke baina ez dago atzera egiterik».

Uda bikaina osatu ostean, txakalaldi hau Binakakoan «gehien erakutsi behar denean» etorri izana gogorra da, baina etorriko dira beste aukera ugari eta horietarako prest egotea da nafar gaztearen erronka.