NAIZ

Iñigo Gutierrez bigarren graduan espetxeratuko dutela salatu dute Getxoko epaitegien aurrean

«Nork azalduko dio Izadiri bere aita zergatik ez dagoen berarekin?», deitoratu dute asteazken honetan Getxoko epaitegien aurrean Algortako Sarek deitutako elkarretaratzean. Iñigo Gutierrez euskal preso politikoari hirugarren gradua kendu izana salatu dute hainbat herritarrek.

Algortako Sarek Iñigo Gutierrezen egoera salatu du Getxoko epaitegien aurrean.
Algortako Sarek Iñigo Gutierrezen egoera salatu du Getxoko epaitegien aurrean. (@algortakosare)

Iñigo Gutierrez Izadiren aitari gradu erregresioa ezarri eta bigarren graduan berriro espetxeratuko dutela salatu du Algortako Sarek asteazken honetan Getxoko epaitegien aurrean egindako elkarretaratzean.

Auzitegi Nazionalak Gutierrezen hirugarren gradua bertan behera utzi zuen astelehenean; barkamen eskari zehatzik ez dela egon esanda argudiatu zuen bere erabakia. Hiru aste zeramatzan kalean, Espetxe Zuzendaritzak hala erabakita, Aranjuezko espetxeko tratamendu batzordeak aho batez hala proposatu ostean.

Orain, preso algortarrari atzera bigarren gradua ezarri diote, eta espetxera itzuli beharko du. Zehazki, asteazken honetan bertan sartuko da Basauriko kartzelan, gauean.

«Hirugarren gradu horri esker, Izadi, bere alaba, aitarekin kalean egon zitekeen. Izan ere, iragan urtarrilaren 23an, hiru urte bete zituenean, kartzelatik irten behar izan zen umea, jaio zenetik bere ama den Maria Lizarragarekin bertan bizi ondoren», azaldu du Algortako Sarek Hiruka hedabidean jasotako informazioaren arabera.

«Inork ez du ezer ulertzen eta hiru urteko Izadik are gutxiago. Nork azalduko dio bere aita zergatik ez dagoen berarekin?», gaineratu dute.

Hala, Auzitegi Nazionalaren erabakia «ulertezintzat» jo dute, Gutierrezek 2019an bete zituelako zigorraren hiru laurdenak, eta uztailean beteko duelako osorik hamalau urteko espetxealdia.

Horregatik guztiagatik, Sarek ostiral honetan, 20.00etan, Algortan egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.