Maite Ubiria

Egoitz Urrutikoetxearen aurkako auzibidearen gaineko «instrukzio osoa» kolokan dago

Egoitz Urrutikoetxearen aurkako auzia gaur eta bihar iragan behar zen Parisko Dei Auzitegian. Izan ere ibilbide zinez gorabeheratsua izan duen dosier horretan etenaldi berria heldu da fiskalak auzibidea berriz ere instruzio fasera bidaltzea eskatu ondoren. Erabakia, martxoaren 31n.

Egoitz Urrutikoetxea.
Egoitz Urrutikoetxea. (Bob EDME)

Parisko Dei Auzitegian gaur arratsaldean hasi eta bihar arte Egoitz Urrutikoetxeari egin behar zioten auzia bertan behera gelditu da.

Terrorismoaren aurkako fiskalak afera berriz ere instrukzio fasera itzultzeko galdegin ondoren epaileak denbora hartuko du bere erabakia hartzeko eta martxoaren 31n emango du ezagutzera Dei Auzitegiak zein den bere hautua.

Prozedurarekin jarraitzea erabakiko balu, noiz eginen den auzia fnkatu beharko luke. Fiskalaren iritzia jarraituz gero, auzibidea berriz ere instrukzio fasera itzuliko litzateke.

Defentsak bazekien atzodanik fiskalak galdera hori egiteko asmoa bazuela. Izan ere, bere gaurko hitzartzean fiskalak ez du zehaztu zuzenketaren bat edo beste egiteko beharra besterik.

Egoitz Urrutikotxeak NAIZi azaldu dioenez, «auziperatzeko agindutik hasita instrukzioa goitik behera gaizki egin dela azaldu du eta, beraz, berriro hasieratik egin behar dela defendatu du» .

Gauzak horrela, aspalditik dosierraren gaineko konpetentziari buruz argitu gabe dagoen eztabaida tartean –hutsuneak zuzentzeko dosierrak ukan dituen joan-jinak ahantzi gabe–, auzibidea oraindik ere gehiago luzatzeko aukera agerikoa da.

Jujeak dosierra beste behin ere instrukzio fasera itzultzea hobetsiko balu, horrek, kasurik hoberenean, urte bat gehiago gibelatuko luke prozedura.

Gorabehera horiek guztiek sortzen duten nekeaz haratago, bizitza antolatzeari begira eginen dioten kaltea mahai gainean jarri du Egoitz Urrutikoetxeak.

2015. urtean kartzelatik atera zenetik ibilbide judizial «ulergaitzari» aurre egin behar izan dio.

Akatsak eta konpetentziaren gaineko talkak

Oroitzearren, 2003. eta 2005. urteetan zabalduriko prozeduren ondorioz errebeldian ETA erakunde armatuaren kide izatea egotzi zioten Egoitz Urrutikotxeari.

2007an lau urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta 2010ean sei urteko kartzela zigorra.

Urrutikoetxearen defentsak bere aurka zabaldutako auzibideak batzeko eskaera egin ondoren, dosierraren azterketa berriz abiatu zen. Bi auzi batu zizkioten baina hirugarrena ez.

Hain zuzen, «zintzilik» utzitako auzibidea aztergai zuen gaur eta bihar Dei Auzitegiak.

Dagoeneko Urrutikoetxea akusazio berberarengatik, hau da, gaizkile elkarteko kide bezala, kondenatua izan zen, iazko udazkenean.

Parisko Zigor Epaitegian iragan zen aipaturiko auzia. Bi prozedurak bildu zituen auzia amaituta bi urteko kartzela zigorra jaso zuen, betetzeko beharrik gabe.

Hain zuzen auzibideak batzeko prozeduraren baitan nonbait izandako akatsa ere aipatu du terrorismoaren aurkako fiskalak dosierra instrukziora berriro bidaltzeko eskaera defendatzeko orduan. Ondorioz, Dei Auzitegian iragan behar zen hirugarren prozedura horren baitan gibelaratze berria heldu da.

Iragan udazkenean zigortu zuten

Azaroaren 17an Zigor Auzitegiak gaizkile elkarteko kide bezala kondenatu zuen, nahiz eta epaimahaian aitortu zuten ez zegoela Egoitz Urrutikoetxea ETA erakundeko kide izan zela frogatzeko elementurik.

2007an errelbedian eginiko auzian bezala, 4 urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak.

Urrutikoetxeak ukatu egin zuen ETAko kidea izan zenik. Izan ere, bere aita den Josu Urrutikoetxearen ondoan konponbide prozesuaren mesedetan lan egin zuela azaldu zuen.

Etakide izan gabe, eta ustezko militantzia hori frogatzeko elementurik ez izanik ere, gaizkile taldeko kide gisa kondenatu zutelako bere arrangura erakutsi zuen Egoitz Urrutikoetxeak.

«Aurrekaririk gabeko erabakia da eta zalantzak sortzen ditu aurrera begira», azaldu zion NAIZi, preseski gaur eta bihar Parisko Dei Auzitegiak aztertu behar zuen auziarengan erabakiak ukan zezakeen eragina aipatuz.