NAIZ

‘Sarri, Sarri’ kaleratu eta 37 urtera, bideoklipa grabatu zuten Moskuko tabernan izan da Sarri

Kortaturen lehen diskoa aurkeztu zuenetik ia lau hamarkada igaro diren honetan, ‘Sarri, Sarri’ famatuaren bideoa grabatu zen Mosku auzoko taberna ezagutu ahal izan du Joseba Sarrionandiak. Fermin Muguruzaren eskutik, nola ez, oraindik ere «kriston martxa dabil».

Fermin Muguruzak konpartitu du irudia sareetan.
Fermin Muguruzak konpartitu du irudia sareetan. (@muguruzafm)

Laster beteko da urtebete Joseba Sarrionandia, 36 urte luzeko erbestealdia atzean utzita, Euskal Herrira itzuli zela. Iurretara. Etxera. Ordutik, Durangoko azokan, Jon Maiarekin eszenatoki gainean edota irakurle taldeetan ikusi ahal izan dugu, hainbat ekitalditan. 

Beste toki bat ere bisitatu ahal izan du gaurkoan. Oso berezia gainera. Fermin Muguruzak sare sozialetan azaldu duenez, Moskun jaso du idazlearen bisita eta, nola ez, Eskina tabernara eraman du. Bertan grabatu baitzuten ‘Sarri, Sarri’ abesti ezagunaren bideoa.

Antza, oraindik ere «kriston martxa dabil» Eskina tabernan. Belaunaldiek etengabe abestu eta dantzatu duten ereserkia hezurmamitu dute bi protagonistek ostegun honetan.

Lerro hauen azpian doa aipatutako bideoklipa, ia bi milioi erreprodukzio bilduta. Garaiko giroa ederki jasotzen duen bideoa zekarren ‘Sarri Sarri’ abestiak eta oraindik ere, gaur egun eta ia lau hamarkadaren ostean, luzerako bizia du lanak.