
Aizkolaritza munduak badu bere hurrengo buruz burukoa. Iker Vicentek eta Mikel Larrañagak apirilaren 2an, 18.30etan, hitzordua egin dute Tolosako zezen plazan. Alde bakoitzak 7.000 euro botako ditu eta egin beharreko lana, 18 enbor zeinek lehenago erdibitu: seina oinbiko eta 12na kanaerdiko, horietatik 10 Iker Vicentek jarritakoak.
Trabesaren «backgrounda» ez da ahaztu behar, abenduaren 31an desafioa jaurti baitzuen Larrañagak. Urtarrilaren 5ean Kantabriko erretegian bat egin zuten biek ala biek, kirola eta trabesak egosten diren txoko mitologiko horretan, arratsaldeko 19.30etan. Han erabaki zuten desafioa aurrera aterako zela, baina noiz jokatu itxi gabe: apirilaren 2an edo 9an, bietatik bat.
Zurrumurruak ugari izanagatik, aizkora desafio zaleek arnasa sakon har dezakete, batere gabe gelditzeko beldurrik ez dago-eta, Otsagikoak eta Azpeitikoak data zehaztu baitute asteon: apirilaren 2an, hain zuzen ere.
Esan behar, uneotan aizkora munduko bi izar nagusienak direla bata eta bestea. Hain zuzen, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusian Iker Vicente nagusitu zen, Larrañaga bigarren izan zen bitartean. 2019ko Euskal Herriko txapelketan ere ordena berean sailkatu baziren ere, ez da ahaztu behar Urrezko Kopan, 12 kanaerdikotara, gipuzkoarra nafarrari nagusitu zitzaiola.
Txapelketetan ez ezik, trabesetan ere badute eskarmentua biek ala biek. Hala, Eneko Otañori irabazi zion aizkora apustu baten Mikel Larrañagak eta proba mixto batean Alex Txikon gainditzea erdietsi zuen Otsagiko Iker Vicentek.
Artxiboei so eginda, txapelketa nagusian aurreneko bi postuetan amaitutakoen arteko azkeneko dema 1998an izan zen, Jose Mari Olasagasti eta Donato Larretxearen artean. Ondorioz, mailarik goreneko trabesa izatea espero da.

Ertzaintzak Txabi Etxebarrietaren argazkia eraman du Bibon eta beste hamarnaka «agertu» dira

Muere Txomin Perurena, el ciclista vasco más laureado de la historia

Des collégiens de Cambo font chanter leur corps

Emakume bat etxegabetu dute Hernanin eta Ertzaintza gogor oldartu da ekidin nahi zutenen aurka
L'arrestation de Bayonne serait liée à une action contre l'usine Lafarge

Asiron destaca que no aceptará en Iruñea vías que excluyan al 27% del electorado

Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestia ereserki bilakatu dute Hazparneko errugbi jokalariek

Ignacio Ansorena Funtsa, Durangaldeko 10.000 irudi baino gehiagoren legatua
